Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



BIDERAKO KANTA

Korostitik Arrolara,
gogoaren larrosak
begiek utzitako hondarrak.

Korostitik Arrolara,
belarrezkoak nire oinak,
amodioarena arnasa.

Korostitik Arrolara,
zure bihotza da mundua
eta mundua nahi dudana.

Korostitik Arrolara,
egunsentiaren semea naiz,
eta ilunabarraren alaba.

Korostitik Arrolara,
bi zuhaitz, bi txori,
eta bide bakarra.

Korostitik Arrolara,
itzalek ere badakite
maite zaitudala.

JOSE LUIS PADRÓN PLAZAOLA
Urretxu - Beain - Nebera - Lizarriturri - IRIMO (901 m) - 6. punta (TRINTXULEKU) - Deskarga - ARROLAMENDI (904 m) - GOROSTIAGA (951 m) - Udana.

Goierriko Bira (1. etapa) - Urretxu eta Legazpi arteko mendietan.
Taldea Gorostiagako gainean
Taldea Gorostiagako gainean
—© Goierri Mendi Taldea—
Egin klik handiago ikusteko
(68,222 byte)

Bi hilabetez hainbat bilera eta lan egin ondoren, ibilbideak sortzeko irizpideak, datak… bat egitea lortu izan dugu: Goierriko Bira martxan jarri da dagoeneko. Ibilbideak eskuratzeko orduan, mugetatik ahalik eta gertuen ibiltzea erabaki dugu, baina bestalde ere garrantzia handia eman diogu zidorretatik eroso ibiltzeari, izan ere, muga beretik ibiltzea beti ez baita posible izan bertan aurkitzen diren sasiak, sakanak... etab. gaindiezinak direlako… handik eginik, gure etapak bukaezinak liratekeelako.

URRETXU-ZUMARRAGA (350 m) – IRIMO (855 m).
Lehendabiziko etapa hau ZUMARRAGAko PARROKIAtik hasiko dugu. AREIZAGA-KALEBARREN (350 m.) enparantzarantz abiatuko gara, eta bertatik BIDEGORRIA hartuz, AZKOITIrako norabidea hartuko dugu; saihesbidearen azpitik igaroko gara, eta ETXEBERRI auzoko aparkalekua albo batera utzi ondoren, UROLA IBAIA zeharkatuko dugu bertan dagoen zubia erabiliz.

Saihesbidera irtengo gara, errepidea zeharkatuko dugu eta beste aldetik, GERRA BASERRIra (350 m) garamatzan pista hartuko dugu. Pinudian kilometro bat edo luze den bihurgunez beteriko errepidetik jarraitu ondoren, BEAIN BASERRIetako (517 m) zelaietara iritsiko gara.

Porlana amaituko da, eta ondoren metro batzuetan zehar, lurrez estalitako pistatik jarraituko dugu. Zerrategi baten antza duen eraikin batera iritsi baino lehen, pista abandonatu eta ezkerrerantz eginez, inguruan bihurgune itxi baten ondoan dagoen beste eraikin bateranzko norabidea hartuko dugu; langa metaliko bat zeharkatuko dugu, eta sigi-saga egingo dugu bertatik ibiliz. Basora itzultzean, TORTOA muinoaren mendebaldetik igotzen den bide maldatsutik jarraituko dugu, NEBERA (611 m.) [1] izeneko lepoaren bila ariko gara-eta. Ezkerreko pista hartuko dugu, txabola baten ondotik igaroz; pixka bat aurrerago, bidegurutze berri batera iritsiko gara, eta bertaraino ekarri gaituen pista utzita (Santa Krutz baserrirantz doa jarraituz gero), bat-batean ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (1)

2010eko urtarrilaren 15ean.

Gipuzkoako eskualde banaketa

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (2)

2010eko urtarrilaren 15ean.

Goierri eskualdea

Gipuzkoako hego-sortaldeko sektorean kokaturik dago, Urola eta Oria ibai-arroen inguruan 349,12 km2-ko zabalerako lurretan hedatzen delarik. Iparraldean Urola-Kosta eskualdearekin bat egiten du, ipar-sortaldean Tolosaldea eskualdearekin, sartaldean Deba Garaiarekin eta hegoaldean Araba eta Nafarroarekin.

Bi azpi-eskualdez osaturik dago, arro bakoitzean dauden ibaiek hauen lurraldeak markatzen dituztelarik:

  • Urola Garaia: Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu, Zumarraga.

  • Oria Garaia: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Gabiria, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legorreta [1], Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama, Zerain.

Eskualdean nagusi den litologian erabat karstifikaturik diren kareharri jurasiko eta urgoniarrak daude. Halaxe gertatzen da Aralar Mendiarekin (Larrunarri/Ñañarri, 1341 m., Intzeko dorrea, 1.427 m., Artubi, 1.265 m.), Altzania-Burunda Mendiarekin, baita Aizkorri (1544 m) Mendiarekin ere. Eskualdearen hegoaldean diren mendilerro hauek guztiak bestalde uren banalerro kantauriar-mediterraniarraren parte dira, Urola eta Oria ibaien iturburuak bertan kokatzen direlarik. Banalerroaren iparraldean kokatzen diren mendien erliebea bestalde samurragoa dugu (Arrolamendi, 910 m., Izazpi, 973 m., Murumendi, 868 m., etc.) mendien kasuan. Urola eta Oria ibaiek eskualdea drainatzen dute. Lehena Aizkorri Mendian sortzen da, Arbelaitz (1.513 m.), puntaren inguruetan hain zuzen, Legazpirako bidea hartuz eta Urretxu-Zumarragatik jarraituz, bertan abandonatzen baitu Goierriko eskualdea. Oria ibaia Otzaurte inguruan sortzen da, eta eskualdetik barrena dabil Legorretatik eskualdea utzi bitartean, hainbat ibaiadarren urak jaso ostean: Mutiloa, Estanda, Santa Lutzia, Arriaran (izen bereko urtegia duena) ibaien urak, Urtsuaran, (Lareoko urtegitik datorren) Agauntza eta Zaldibia ibaien urekin batera.

Goierri eskualdeko paisaia botanikoa larrez eta pagadiz osatuta dago uren banalerroa osatzen duen mendialdean: Aralar, Altzania-Burunda, Urkilla eta Aizkorri Mendietan hain zuzen; 600 metrotik behera hariztiak pinudien landaketekin tartekatzen dira, beherago dauden inguruetan ordea, pinudiak zelai eta larreekin tartekatzen diren bitartean.

Natura aldetik interesgarriak diren guneen artean, hegoaldean, Aralar, Aizkorri-Aloña-Leintz aldeko Babespeko berezko inguruneak azpimarra ditzakegu; iparraldean Murumendiko Babespeko berezko ingurunea azpimarra beharra dago.

Beasain (13.510 biz. [2]), Lazkao (5.285 biz.) eta Ordizia (9.758 biz.) herriguneen handitzeak hauen arteko gerturatzea eta horren ondorioz ESKUALDEKO BURU bezala agertzen den KONURBAZIOAren sortzea ekarri du. Konurbazio honen inguruan Oria ibai-arroan kokatzen diren bestelako herriak mugitzen dira: Altzaga (157 biz.), Arama (188 biz.), Ataun (1.654 biz.), Gaintza (132 biz.), Idiazabal (2.212 biz.), Itsasondo (631 biz.), Legorreta (1.448 biz.), Mutiloa (235 biz.), Olaberria (967 biz.), Ormaiztegi (1.308 biz.), Segura (1.377 biz.), Zaldibia (1.504 biz.), Zegama (1.454 biz.) eta Zerain (244 biz.).

Antzeko gauza gertatu da Urola ibai-arroko herriekin. Kasu honetan Urretxu (6.812 biz.) eta Zumarraga (10.053 biz.) herrietako guneek KONURBAZIO txiki bat osatzen dute eta ESKUALDEKO AZPIBURU lanak betetzen dituzte: Legazpi (8.709 hab.), Gabiria (448 hab.) eta Ezkio-Itsaso (578 hab.) hauen eragina jasotzen dute, nahiz eta azken bi herriek -baserri-paraje ezin ederragoan direnak- eskualdeko buru nagusiaren eragina ere jaso izan.

Legazpi, Zegama eta Idiazabal herrien hegoaldean, Urbiako arrasoak barneratzen dituen Araba eta Gipuzkoako Partzuergo Orokorra dago; Ataungo sortaldean, Enirio-Aralarreko Partzuergoa dago.

Eskualdean dagoen BIZEFALIA EKONOMIKO ETA INDUSTRIALak, eta Europar Batasunetik etorri ziren eskualdeen ekonomia sustatzeko diru-laguntzen jasotzeak, orain dela 20 bat urte, lehen aipatutako azpi-eskualde bakoitzerako erakunde publiko separatuen sorrera ekarri zuen, bertako Eskualdeen Garapenerako Agentzien sorrera hain zuzen (Uggasa eta Goieki); XX. mendeko 90. hamarkadan ere Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoa barnean turismo mailako eskualde antolaketa berria osatzen du, eta Urola-Kosta bi eskualdeetan banatzen duen bitartean (Urola-Erdia eta Urola-Kosta), Goierri ere bitan banatzen du (Urola Garaia eta Goierri). Banaketa honek eskualdeko bi aldetan turismo kudeaketa banandua ekarri zuen, egun Goitur (Goierri behean) eta Lenbur (Goierri garaian) Turismo Agentzia bi ditugularik.

Inoiz ofiziala izan ez den eskualde banaketak ikus-entzunezko zein idatzizko prentsan ere eragina izan du idatzi eta egun bi azpi-eskualdeak (Goierri eta Urola garaia izenarekin) banandurik baleude bezala agertzen dira mediotan, honek guztiak populazioaren nahastea ekarri duelarik.

Eskualdearen giza- eta ekonomia- antolaketa historikoki, eskualdeko herri eta auzoetako biztanleek inguruetako herrietako biztanleekin sortutako harremanetatik etorri da. Ondorengoak eskualdea gaur ezagutzen dugun moduan egituratu duten faktoreak dira:

  • Segurako hiribildu harresitua [3]. Segurako hiribildua, oinplano berriko hiribildu harresitu bezala Gaztelako Alfontso X. Jakintsuak 1256. urtean sortu zuen. Nafarroako mugatik oso hurbil dago, eta Gaztelatik Europarako antzinako bidean kokatzen zen, Aizkorri Mendi Sandratiko (San Adriango tuneletiko) bidean, Gaztelak Frantziarekin eta Europarekin oinez edo zaldiz egiterik zuen bide bakarrenetatik: kontuan ere izan behar da erregeak bertan intereseko kontu handiak zituela. Horregatik seguruenik, zentzuzkoena erregeak berak hiribilduari Segura (euskaraz, babestua) izena eman izana uste izatea da, izenak hiribilduaren jatorrizko babeserako izatean indarra baino ez baitu jartzen. Mendeetan zehar, Segurak inguruetako herrien gainean haren eragin ekonomiko eta militarra ezarri zuen: haren babesari itsatsitako herriak zergei eta derramei dagokionez Seguraren menpe gordinean geratzen ziren, Seguran egiten ziren epaiketa guztiak, eta hantxe ebazten ziren lurren jabegoaren inguruan sortzen ziren epai-erabakiak. Azkenik, Seguraren menpe ziren herrien gizonek hiribilduaren arma-alardean parte hartu behar zuten. 1384 urtean, muga ondoko nafarrez osatutako taldeek eragiten zituzten lapurreta eta erasoen gainean, Astigarreta, Zegama, Zerain, Gabiria, Gudugarreta, Idiazabal, Legazpi, Mutiloa eta Ormaiztegiko herri eta herrixkak Segura herriaren babesari atxiki zitzaizkion. Geroxeago (1390. urtean), Villarreal (Urretxu), Zumarraga eta Ezkioga -aurrerago ikusi ahal izango dugunez- Seguraren menpe geratu ziren. 2008. urtean ospatu zen Legazpi herri honek Segurarekiko independentzia lortu zueneko 400. urteurrena, LEGAZPI 44 URTEZ ASKE izeneko ekimenean. 1608. urtean hain zuzen, eta Legazpik hainbat aldiz egiten saiatu ondoren, Felipe III.aren porrota profitatuz, erregeari hiribildu independentearen estatutua erosi zion mespretxa ezin daitekeen 750.000 marabedirengatik.

  • Lazkanoko Jauna. Lazkanoko Etxea Lazkaon jatorria duen noblezia-leinua dugu, senide nagusiak ziren eta oinaztarren talde-burua eta Lazkanoko elizen eta Ataun eta Zumarragako herribilduaren patroiak ziren. XV. mendean Arabako Kontrasta, Harana eta Corres-eko jaunak bihurtu ziren. Haien oinordekoek Valmedianoko markesgoaren eta Infantadoko dukerriaren tituluak jaso zituzten, beste batzuen artean Espainiako errege-erreginek berek emandako tituluak hain zuzen. Mende luzeetan noblezia-leinu honek egungo Goierri eskualdeko lur zabalak haien menpe izan zituzten. Menpeko herri eta baserrien eta Lazkanoko Jaunaren arteko harremanak liskartsuak izan ziren beti: Jaunak garaiko baserri txiroen etorkizuna zailtzen zuen ordain gisa detxemak eskatzen zizkien-eta. Lazkanoko Jaunaren zerga-biltzaileen bisiten aurrean babesa bilatuz, Zumarraga eta Urretxuk 1390. urtean Segura errege-hiribilduarekin auzotasunezko ituna sinatu zuten, inguruko hainbat herrik orduan egina zuten bezalaxe.

  • Areriako Alkatetza Nagusia [4]. Gipuzkoako Alkatetza Nagusiak usadiopeko lurraldean zeuden, Gaztelako erregegoa baino antzinagokoak ziren eskubide eta erabileretan murgilduta, eta lurralde hau tokiz tokiko jauntxoek babestuta zegoen. Halaxe, Areriako Alkatetza Nagusiak herrialdeko Batzarretan Lazkano, Olaberria, Itsaso eta Arriarango kontzejuak eta Gabiria, Zumarraga eta Ezkiogako (Ezkio) herriak batera ordezkatu zituen.

  • Herrien arteko bestelako mankomunitate eta kooperazio-itunak [5]. Lehen aipatu ditugun harreman politiko eta militarrez gain, eskualdeko herriek garai desberdinetan aldameneko herriekin mankomunitate eta kooperazio-itun ugariak osatu dituzte. Horren adibide gisa halako itunak azaldu ditzakegu: Arguisanoko Elkartea (Zumarraga, Ezkioga eta Gaviria artean), Altasalbea Elkartea (Ataun, Zaldibia eta Beasain artean), Zegamakoa (Zegama, Mutiloa, Ormaiztegi, Astigarreta eta Gudugarreta artean), Irimokoa (Antzuola eta Villarrealen -Urretxu- artean), Legazpikoa (Zerainekin egindakoa), San Esteban Elkartea (Ormaiztegi, Astigarreta, Gudugarreta, Zerain eta Mutiloa artean), Villafrancako Elkartea (Ordizia, Beasain eta Ataunen artean sinatutakoa), Sasietako Mankomunitatea eta Urola Garaiko Mankomunitatea (Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta Ezkio-Itsaso artean).

  • Ordiziako Feria [6]. XI-XII. mendeetatik abiaturik, San Bartolome ermitaren inguruetan lehendabiziko feriak antolatzen hasi ziren. 1268. urtean, Alfontso X.a Jakintsuak, Gaztelako erregeak, Ordiziako herribildua sortu zuen hari merkatal- eta militar- izate markatua eman nahi ziolarik. 1512an, herriak sute handi bat sufritu zuen eta garaiko Joana Eroa erreginak ekonomia sustatzaile gisa "urteko asteazken guztietan herribilduak azoka frankoa [7] antolatzerik izan zezan errege-eskumena" eman zion. Gerora, Ordiziako Feriak oinarri sendoak lortuko zituen XVIII. mende aldera. Ordiziako Feria eskualdeko biztanleriaren elementu bateratzailea [8] izan da. Inguruko herri guztietako biztanleak tradizionalki Feriara joan dira eta honexek bertako euskararen batu du eskualdeko herri gehienetan. Eskualdeko herri guztietan, Urretxu-Zumarragan izan ezik, Goierriko euskara da bertan hitz egiten dena. Urretxu-Zumarragan ordea, bertako euskara Urola ibai-arro ertaineko euskalkiaren eta Goierriko euskararen artean trantsizio lanak egiten ditu. Garai berriak etorri dira, eta bi herriotako euskara ere aldatzen ari da. Egungo gazteak Goierriko euskararen eta euskara Batuaren eragina dute euskaraz hitz egitean.



[1] Legorreta, Batzar Orokorrak direla-eta Tolosaldean sartuta badago ere, Goierrirekin harreman oso estua du ikuspuntu sozial eta ekonomikoaren aldetik, eta horren ondorioz eskualdeko beste edozein herri bezalakoa kontuan hartu dugu.

[2] 2008ko erroldako datuen arabera (Iturria: Wikipedia).

[3] http://eu.wikipedia.org/wiki/Segura.

[4] Informazio gehiago hemen: http://www.euskonews.com/0113zbk/gaia11305eu.html | http://www.euskomedia.org/aunamendi/3288

[5] http://hedatuz.euskomedia.org/3935/1/251275.pdf

[6] Informazio gehiago hemen: http://www.ordiziakoferia.com/ | http://eu.wikipedia.org/wiki/Ordizia

[7] Zerga gabea.

[8] Koldo Zuazo. Euskalkiak. Euskararen dialektoak. Elkar 2008.

[-] Itxi 
Eranskina (3)

2010eko urtarrilaren 15ean.

Urretxutik Legazpira historiaz betetako lurraldean

Irakurri gehiago [+]