Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Zumarraga - Antio - Lizarreta lepoa - IZAZPI (973 m) - Pagotxoeta - SAMIÑO (932 m) - OLETA (762 m) - Agiñaga - Zumarraga

Zumarragako mendialdean
Izazpi gainean
Izazpi gainean
—© Gorka Garmendia—
Egin klik handiago ikusteko
(29,704 byte)

Ondoren Zumarragako mendialdean 21 kilometro luze den ibilbidea deskribatuko dugu, Zumarragako Euskadi Plazatik hasi eta bisitatutako lehen gaina Izazpi (973 m) izanik, Zumakortaburu mendira arteko Pagotxoeta, Samiño eta Oleta mendi eta parajeak bisitatu ondoren, Agiñaga auzotik jaitsiz, berriz Zumarragara jaitsiko den ibilbide zirkularrean. Webgune honetan idatzitako eranskinean izango duzu bisitatuko ditugun tokien informazio zehatz eta zabalagoa.

ZUMARRAGAKO PLAZAtik Piedad kalerantz irteten diren eskailerak igoko ditugu. Piedad kalearen amaieran Zumarragako PARROKIA dago, eta bere ondoan ZUMARRAGAKO TRIKITIXAREN OMENEZKO ESTATUA, errotonda baten erdian. Errotondan bertan Elizkale kalea hasiko da, bere aurrean trenbidearen "lubakia" duela: lubakian TXISTULARIAREN OMENEZKO ESTATUA eta Oteizaren ITZIAR ESKULTURA ikus daitezke. Lubakiaren aurrean, MERTZEDARIEN KOMENTUAren ondoan, herriko kanposantura doazen eskaileretatik igotzen hasiko gara: garaiera hartzen hasiko gara.

Kanposantuaren atzetik jarraituko dugu, aldapan gora jarraitzen duen zidor bat hartzearren. GURRUTXAGAZPIKOA, GURRUTXAGAERDIKOA eta GURRUTXAGAGOIKOA baserrien ondotik igaro ondoren (GURRUTXAGAGOIKOA oso baserri interesgarria dugu, fatxadan puntu erdiko bi arku ditu baita armarri bat ere), ANTIO edo ZUMARRAGAKO ANDRA MARIAren Ermitarako azken errepide tartera iritsiko gara. Baseliza euskal estilo erromanikoan XII-XIII. mendeetan egindako eraikina dugu, eta haranaren sakonean Zumarragako parrokia 1575. urtean eraikitzen amaitu arte, herriaren parrokia izan zen. Ermitak barnean egurrez egindako egitura aberatsa du eta horrek Euskal Herriko baselizarik ederrenetariko bat izatera ekarri du. KONDAIRA batek jentilak aipatzen ditu, Aizkorritik harriak bota zituztela baseliza eraiki ez zezaten. Paradoxa bada ere, jaurtikitako harriok elizaren eraikuntzan erabili izan zirela dio kondaira berak, aski zaila izango zatekeen kontua izan ere ermitaren harria hareharria dugu hain zuzen. Uztailaren 2an, urtez urte bertan ZUMARRAGAKO EZPATA-DANTZA ezaguna ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (1)

2009ko martxoak 14

Ibilaldian kontuan hartu beharreko eraikinak, parajeak eta kondairak...

Ondorengoa, eta kronologikoki idatzia, mendi-ibilaldian zehar bisitatu daitezkeen paraje, eraikin, toki eta interesgarri diren kondairen zerrenda duzu. Inguruko informazio gehiago http://www.beitia.org webgunean aurki dezakezu.

  1. Gurrutxagagoikoa edo Gurrutxagagarakoa
  2. Antiora doan bide zaharraren aldamenean kokaturiko baserria. Puntu erdiko bi arkuz osatutako atari zabal batez eta fatxadan harearriz landutako armarri batez hornitua dago. 1768. urtean erreformatua izan zen, baina Gurrutxagatarren zuhaitz genealogikoa 1524. urtea arte doa, baserrian gordeak diren zenbait agiriren arabera.

  3. Antio edo Zumarragako Andre Maria
  4. 1384. urteko aipua: "... bi herriek (Zumarraga eta Urretxu), bakoitza bere aldetik, bereizturik eta pribatuki gorde eta goza ditzatela beren mendiak, lurrak, elizak eta kanposantuak..." / (ori.) "... que cada uno de los pueblos (Zumarraga y Urretxu) conservase y gozase separada y privativamente de sus montes, tierras, iglesias, y enterrorios...". Denbora hartan, Antio edo Zumarragako Andre Maria Zumarragako parrokia zen...

    Belokiko hego magalean kokaturik, Antio Zumarragako eliza nagusia izan zen 1575. urtea arte, herri-gunean Jasokundearen eliza berria eraikitzen hasi ziren arte, hain zuzen ere. Inguru honetako eraikinik zaharrenetakoa da, zalantzarik gabe. Tenplu hau XII-XIII. mendeetako euskal estilo erromarrean sailka daiteke. Kondaira zaharrak halaxe dio, Aznabarretatik gora, Aizkorri Mendiaren gainetik, bota zituzten harriez eliza egin zutela jentilek.

    Bere atariagatik, leiho gotikoengatik eta absidearen kalbarioarengatik ez bada, kanpoaldetik oso itxura latz eta zakarra duela esan genezake. Hala ere, bere barnealdean, eraikuntzaren originaltasuna eta teknika goraipatzekoak dira, izan ere, oso egur-egitura bikain eta ederra du, eta ez dakigu gehien zer miretsi: sabaiko egur-armazoia, koruaren formak edo habeetan landutako tailak, non emakume-figurak eta mota askotako oso marrazki geometriko ederrak landu diren. Egun jauresten den Ama Birjinaren irudia ez da elizan jarri zen jatorrizkoa, hura, estilo erromarrekoa zena, arrastorik utzi gabe desagertu baitzen. Elizak bi kupula eta bobeda faltsuak izan zituen eta XX. mendeko 60. hamarkadaren azkeneko urteetan kendu ziren, estaltzen zuten barne-multzo osoa agerian utziz.

    Hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean sakristia eta elizari erantsitako etxe bat, seroretxea, bota zituzten. Hauek traban ez zirela elizako ipar fatxadako murrua agertu zen, oso-osorik; murru erromanikoa da, oso garrantzi arkeologiko handikoa, eta bertan dira bost itsu-leiho turuta-itxurakoak. Hormetan bada turuta-itxurako beste zenbait itsu-leiho. Urtero uztailaren 2an ospatzen den festa egunean, Santa Isabelek bere lehengusu zen Mariari egindako Ikustaldia gogoratzen denekoan, aldare aurrean dantzatzen da hain ezaguna den Zumarragako Ezpata-dantza.

    Eta amaitzeko, Angel Cruz Jaka Legorbururen "Notas inéditas de Santa María de Zumarraga" liburutik Luis Pedro Peña Santiagok honako oharra jaso zuen: "Antioko lehen liburutik, 1561ean, bi dukat limosna elizaren atarian gau batean agertu zen eta Kontzejuak hazten ari den haurtxoa heztearren" (ori.) / "Del primer libro de Antigua, en 1561, dos ducados de limosna que dio para la crianza de una criatura que una noche fue hallada en los pórticos de la iglesia, y el Concejo lo cría".

  5. Antio edo Zumarragako Andre Maria elizaren sorreraren kondaira
  6. Bada Zumarragan Jentilekin loturik, Antio elizaren sorrera kontatzen duen kondaira.

    Kondairak halaxe dio: Garaiko Kristauek Antio eliza eraikitzen hasi zirenean, Jentilek horren berri jakin eta Aizkorritik Elizaren eraikitzearen kontra eta eraikina deuseztatzearren, harriak eta harriak botatzen hasi ziren. Harriak eta harriak bota, eta finean, Jentilek berek jaurtikitako harriez eraiki omen zuten geroago Antioko eliza. Gainera, bada elizan bertan Jentilek jaurtiki zuen atzamarren marka duen harriren bat, Jentilek berek Aizkorri Menditik harria jaurtiki zuten proba gisa, hain zuzen.

    Kondaira da noski, izan ere... eliza egiteko erabilitako harria hareharria da, ez kareharria Aizkorrin hori baita bertan dagoen berezko harri-mota.

  7. Izazpiko gurutzea
  8. Izazpi tontorrean (973 m) 1948an eraikitako porlanezko gurutzea dago. Goierri eskualdeko eta Urola haraneko ikuspegi ezin hobea. 1998ko ekainaren 28an, Izazpi gurutzeko L. urteurreneko festa egin genuen.

  9. Izazpi eta Izarraitz mendien arteko elkarrizketa
  10. Bada kondairatxo bat, Izazpi (kontuz!, bere izena ez da ez Izaspe, edo Izazpe, idazlan askotan agertzen den bezala) eta Azpeitia eta Azkoitia gaineko Izarraitz mendien izenen jatorria zein den azaltzen duena.

    Dirudienez, bi mendiok haserre zeuden eta, halako batean Izazpik Izarraitzi galdetu omen zion:

    - Eta hi, zer haiz? - Izarraitz izena (Hi-zer-haiz)-tik sortuko litzateke.

    Izarraitzek halaxe ihardetsi zion:

    - Hi, zazpi! (Hi zazpi aldiz) - Izazpi izena, ordea, (Hi-zazpi)-tik sortuko litzateke.

  11. Izazpiko gurutze zaharra
  12. Izazpiko gurutze zaharra. Bere ondoan Anjel Etxeberriaren omenezko monolitoa dago.

  13. Anjel Etxeberriaren omenezko monolitoa
  14. Anjel Etxeberria mendizale zumarragarraren oroimenezko monolitoa, 1980ko abuztuaren 11n Lleidako Pirinioetan zendutakoa.

    Ezagut ditzagun apur bat Anjel Etxeberriaren -Antxon- bizitzaren xehetasunak. Anjel Etxeberria Zumarragan (Gipuzkoa) jaio zen 1945eko urriaren 1ean. Bere lehendabiziko mendizaletasun urratsak zuen perretxiko-bilketa jardunetik etorri zitzaizkion, mikologia zalea baitzen gure laguna. Beti OARGUI-Izaspi (Organización Atlética Recreativa de Guipúzcoa) taldeko partaide eraginkorra izanik, herriko ekitaldi eta jardunaldi kultural anitzetan hartu izan zuen parte-izan ere, garai haietan oro har, mendizale giroan murgilduta zebiltzan lagunak ziren bestelako -menditik at- ekitaldi askotan parte hartu zuten lagunak.

    1980ko abuztuaren 11n, Antxon -horixe baitzuen ezizena- herriko beste lagun batekin Lleidako Pirinioetako Ipar Besiberri tontorrera igo zen. Eta jaitsieran jasandako istripuaren ondorioz heriotza jaso. Hilotza Barruera herrira jaitsi zuten, eta bertatik Zumarragako bidea hartu.

    Urte bereko abenduaren 23an, Anjel Etxeberria "Antxon"-ek OARGUI-Izaspi mendi-taldeko lagunen partetik omenaldia jaso zuen. Eta 1981eko maiatzaren 24an, Finalistaren Egunarekin bat egiten den festa-egun berean, Izazpi mendiko gurutze txikiaren ondoan bere omenez monolito bat jarri zitzaion.

    Eta nabarmen genezakeen bere ezaugarrien artean, berak lagundu eta antolatu zituen horrenbeste haur-txango dira: herriko haurrak mendira eraman zituen, mendiaren sustapenerako hain garrantzitsua den mendi-eskola hori sortuz.

    Eta horrexegatik, 1988. urtean "I. Anjel Etxeberriaren omenezko Haur Ibilaldia" antolatu zen, eta honen ondoren etorri dira gaur egun arte beste hainbeste edizio gehiago.

    Mendi martxa 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako zuzenduta dago, eta Ostadar Mendi Taldeak bere Mendi Astearen barruan antolatzen dituen ekintzen egutegiaren barruan dago. Haurrek, gurasoek eta irakaslek ezin hobeto pasatzeko aukera ematen duen mendi-ibilaldia da hain zuzen.

  15. Arantzetako Gañeko tumulua
  16. Iruarrieta megalitotegiko tumulua, 1985ean aurkitutako hileta-monumentua. 0,60 m-ko altueraz, 6,20 m luzera du I.-H. diametroan eta 7,10 m E.-M. diametroan. Erdiko kraterraren diametroak 2,60 m neurtzen du. Bertako basaltoak.

  17. Joxe Mari Etxanizen omenezko monolitoa
  18. Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkarteko sortzailea, Zumarragako Udaleko Euskara Teknikaria, 1999ko urriaren 13an zendu zen. Euskararen aldeko lan handia egin zuen kidea... bere omenez Zumarragako baserritarek Pagotxoeta gaineko muinoan monolitoa jarri zuten.

    Baserritarra, euskaltzalea
    hitz eta ekintzen uztarri
    seme zintzoa, senar jatorra
    eta aita maitagarri.

    Zure izaera ispilu eta
    zure ekintzak oinarri
    etorkizuna eraiki daigun
    lagun eginaz elkarri
    zure itzala izango dugu
    babes eta bizigarri.

    —Iñaki Murua—

  19. Pagotxoeta
  20. Zumarraga eta Azpeitia artean 766 metroko garaieran kokaturiko lepoa. Lepo honek eta inguruko beste paraje batzuek komunean ezaugarri zahar bat gordetzen dute. "Pago-" erroarekin sortutako hitzak dira, antzina inguruak pagadiz beteta zeudela seinale. Hau Pagotxoeta da, Pago txikiak diren ingurua, alegia. Hurbilean, Pagola edo Pagobakarra adibide zehatzak dira. Batzuk ere, zera diote, bertatik itsasontziak egiteko egurra atera zela, izan ere hortik omen datorkio Kizkitzari bere itsaso-bokazioa.

    Dena dela ere, honekin gera gaitezen, imajina dezagun gure mendialdea pagadiz beteta behintzat. Dena dela, ez gaitzen ahaztu, Agiñaga auzoaren inguruetan Zumarragak oraindik balio handiko pagadi ederrak gorde dituela.

    Joxeluis Ugarte legazpiarraren arabera, halaxe dokumentaturik agertzen da 1998an osatu zuen Zintzo-Mintzok eskatutako Urretxu-Zumarragako toponimia lan-ikerketa mardulean, Euskaltzaindiak "Onomasticon Vasconiae" bildumako 18. zenbakia jasoko zuenean.

    Toponimoa: PAGOTXOETA
    Kontzeptua: 50200 / Mendi baten goialdea
    Iturriak: 1827: HIPO6 (209.or) / "Camino carretil de Elorriaga a Pagochoeta"
    1833: HIPO6 (236.or) / "Arroyo que baja del alto llamado Pagochueta"
    1852: HIPO7 (56.or) / "Alto llamado Pagochoeta"
    1855: HIPO7 (83.or) / "Camino carretil que se dirige a (de Bazoeta) a Pagochoeta"
    1862: HIPO8 (63.or) / "Terreno helechal y erial en Pagochueta"
    1889: ZUA2 (8.or) / "Colina de Pagochueta"
    1927: ZUA3 / Pagocheta
    Ebakera: pagótxetá
    Jose Mari Jauregi (Oraagoikoa baserria), 1995
    Kokagunea: 88-22
    Adierakideak: Pagotxoetas

    Oharrak: Mende honen erdialdera arte "batzarrak" edo gazteen bilerak egiten ziren jaiero Pagotxoetan. Bazkalondotik ilundu arte, dantzan eta kartetan jarduten zuten mendiaren bi isurietan bizi ziren baserrietako gazteek. Hala, Zumarraga aldetik, Leturiauzo eta Aranburusakon-eko baserritarrak joaten ziren, eta Azpeitia aldetik, Aratzerreka eta Matxinbenta auzokoak.

    Gaur egun, mendiek auzo eta herrien arteko mugak ezartzen dituzten bezala, lehen bailara ezberdinetako jendea batzeko balio zutela esan liteke. Gipuzkoako hegoaldean, horrela, mendigain askotan izaten ziren "gazte-bilerak", besteak beste: Urretxu eta Antzuolaren artean dagoen Deskarga gainean; Urretxuko Txaramuño mendian; Ezkiogako Atxurtza-n; Legazpi eta Oñatiren artean dagoen Udana gainean; Zerain, Zegama eta Segurak muga egiten duten Barbari auzoan, eta abarretan.

  21. Pagolako tumulua
  22. Iruarrieta megalitotegia. 1989an aurkitutako hileta-monumentua. 7,50 m luzera diametroan eta 0,20 m altuerakoa, zidor batek zeharkatzen du eta zenbait ibilgailuren pneumatikoek desitxuratua izan zen. Egia esan, 90. hamarkadan Samiño tontorretik pasatzen den gasbidea eraikitzeko lanetan deuseztatu zuten.

  23. Pagobakarrako tumulua
  24. Iruarrieta megalitotegiko tumulua. 1989an aurkitutako hileta-monumentua. 0,40 m-ko altueraz , 6 m-ko luzera du I.-H. diametroan eta 8,70 m E.-M. diametroan. Bertako basaltoak. Tumulua, Pagolako txabolaren ondoan dago.

  25. Iruarrieta II izeneko trikuharria
  26. Iruarrieta megalitotegiko trikuharria. 1987an aurkitutako hileta-monumentua da. 1,30 m-ko altuera eta 13 m-ko diametroa du. Bertako basaltoak.

  27. Samiño edo Irumugarrieta
  28. 933 m-ko altuerako gaina, Azkoitia, Azpeitia eta Zumarragako udal-barrutien arteko muga. Buzoia. Inguruetako bista ederra.

  29. Iruarrieta I izeneko trikuharria
  30. Iruarrieta megalitotegiko trikuharria. 1980an aurkitutako hileta-monumentua, Azkoitiko udal-barrutiaren barruan kokaturikoa. Trikuharria, tumulua eta ganbara nahasiak ditu. Tumulua, 0,25 m-ko altuerakoa da, 13 m-ko luzerako diametroa duelarik. Bertako basaltoak eta kareharri tuparritsuak.

  31. Iruarrietako trikuharria
  32. Iruarrieta megalitotegiko trikuharria. 1979an aurkitutako hileta-monumentua, Azkoitiko udal-barrutiaren barruan kokaturikoa. Trikuharria, baso-pista batek nahastua, hondatua eta zeharkatua dago. Egun, tumuluak 30x15 m-ko neurria du eta 2,10 m-ko altuerakoa da. Bertako basaltoak eta kareharri tuparritsuak.

    Dirudienez, 1979-1980 urteen inguruan hondeamakina batek monumentua nahastu zuen, ustezko altxorren baten bila-edo. Euskal siniskerian dagoen 'Urrezko kanpaia'-ren mitoa, hainbat aldiz trikuharriekin eta bestelako megalitorekin lotutakoa, izan daiteke trikuharria erabat suntsitua uztearen arrazoia.

  33. Urrezko kanpaiaren kondaira
  34. Kondaira honen arabera, Euskal Herrian guztiz zabaldua, trikuharri eta antzeko megalitoetan urrez beteriko kanpaia gordetzen zela sinetsi izan da. Horren ondorioz, hainbat eta hainbat trikuharri arpilatuak izan dira azken mendeotan.

  35. Karlistek liberalei Oleta aldean eginiko segada eta urrea zeramaten mandoen ihesaren kondaira
  36. Bada Aizpurutxo eta Zumarragako Aginaga auzoetan gordetzen den kondaira zahar bat, gerra karlistetako batean Oleta lepoaren inguruetan gertatu omen zenekoa. Garai haietan, liberalen konpainia bat bertatik pasatzen ari omen zen mandoz garraiatutako urrezko kargamendu batekin. Eta ezkutaturik, karlistak bertan itxaroten ari ziren, zelatan, liberalen zain. Liberalen konpainia bertara iritsitakoan, karlistek segada gogor batean sartu eta liberalei erasotzen hasi zitzaiela dio kondairak.

    Tiroketaren erdian, bizirik eta libre geratu ziren mandoek ihes egin eta urrea gainean eramanda, inguruko baserrietan amaitu omen zuten ibilbidea. Egun, inguruko esamesek zenbait baserrik urrea eskuratu zutela diote, izan ere, urte batzuk geroago, azaldu ezinezko gorakada ekonomikoa erakutsi zuten.

    Kondaira honekin batera, gero, ez da batere harritzekoa 1979-1980 urteen inguruan Oleta inguruan kokatzen den Iruarrieta trikuharriari gertatu zitzaiona, herritar batek hondeamakina batez monumentua nahastu eta irauli baitzuen, bertan gordetako ustezko altxorren baten bila-edo. Egun ez dakigu halako barrabaskeria egin zuenak kondaira honexegatik egin izan ote zuen -diruaren zatiren bat trikuharrian gorderik izango zela uste izango zuen-, edo eta, euskal kondaira zaharretan hain sustraiturik dagoen megalitoetan gordetako urrezko kanpaiaren kontuagatik egin zuela ere.

    Hala ere, behin betiko ikas dezagun. Kondairak gorde ditzagun, baita gure ondarea ere. Gure arbasoen iragana eta utzitako ondarea gurekin loturik daude-eta.

  37. Oletako gurutzea
  38. 1981. urtean Oleta lepoan jarritako gurutzea. Urtero Trinitate igandean, erromeri herrikoia ospatzen da inguruan.

  39. Oletako tumulua
  40. Oleta-Izazpi megalitotegiko tumulua. 1989an aurkitutako hileta-monumentua. 0,30 m-ko garaierakoa da eta 8,30 m-ko diametroa du. 3 m-ko diametroko kraterra erdian eta 0,30 m-ko sakonera du. Bertako basaltoak.

  41. Oleta mendiko jentila
  42. Bada Oleta lepoan kokaturiko jentil bati buruzko kondaira zahar bat, jentil batek Aginaga, Azkoitia eta Zumarraga arteko lurralde-mugak harri handi bat jaurtikiz zehaztu zituela kontatzen duena. Halaxe kontatzen du aupatu kondaira hau Luis Pedro Peña Santiagok bere "Leyendas y Tradiciones populares del País Vasco" liburuan:

    "[...] Baserritarrak, gu baino askoz argiago eta praktikoago direnez —guk gauza guztien jatorria errotik azaltzeko joera dugu-eta—, Oletako mugen anabasaren jatorria jentil bat protagonista duen kondaira batekin konpondu zuten. Kondaira honen arabera, Jentil batek Oleta mendiaren gainetik, harritzar bat bailara aldera jaurtikiko zuela esan zuen, harria eroriko zen tokia muga izango zela esanez. Mugarria Oletako behealdera iritsi zenez, halaxe geratu ziren orduan zehaztuta inguruko herri mugakide guztietako mugak. Nik neuk Oleta mendiaren ondoan "jentilaren" harri hori oraindik orain ikusia dut, hareharrizkoa da eta gurutze bat landuta darama."

  43. Txerreneko pagadia
  44. Balio natural handiko pagadia, pago motzez osatua eta egun Zumarragako lurretan geratzen den bakarrenetakoa, Zumakortaburu mendiaren magalean Agiñagarako bidean hezigabeko pagoen basoarekin eta inguruan aurkitzen diren pagadi txiki batzuekin batera. Mendia iraganean janzten zuten pagadien izen-aztarnak (toponimoak) geratzen zaizkigu gaur egun: Pagobakar, Bospagoeta, Irupagoeta, Pagadizelai, Pagalandatza, Pagalandeta, Pagalde, Pagaldesakon, Pagazuriazpia, Pagazuieta, Pagoazpi, Pagoillaraeta, Pagolabaso, Pagola, Pagotxoeta...

  45. Agiñagako nekazal-bailara
  46. Egun Zumarragako auzoa. 1989. urtea arte Azkoitiko udal-barrutian kokatzen zen. Bertan ziren baserriak (Arkidi eta Mandabideta izan ezik) Zumarragako kontzejuari lotu zitzaizkion administratiboki. Bere kokapena mendiaren hegian goian izanik, argi ikus daiteke nolako harremanak zituen Azkoitia eta Aizpurutxo aldeko baserriekin Oleta menditik haratago, baita Urretxu-Zumarragarekin ere.

    Joxeluis Ugarte legazpiarraren arabera, auzo honi dagokion izena Agiñaga da, eta halaxe dokumentatu zuen 1998an Zintzo-Mintzok eskatutako Urretxu-Zumarragako toponimia lan-ikerketa mardulean, Euskaltzaindiak "Onomasticon Vasconiae" bildumako 18. zenbakia jasoko zuenean.

    Horrelaxe dokumentaturik agertzen da lan honetan Agiñaga sarrera:

    Toponimoa: AGIÑAGA
    Kontzeptua: 10106 / Baserri-auzoa
    Iturriak: 1768: HIPO1 (1.or) / "Varrio de Aguinaga"
    1877: ZUA5 / "Barrio de Aguinaga"
    Ebakera: agíñá
    Jose Mari Aranguren (Agiñagabarrena baserria), 1995
    Kokagunea: 88-21
    Adierakideak: Agiñagas

    Oharrak: Agiñaga auzoa, XVIII. mendean, Azkoitiko udalerrian zeuden lau baserrik osatzen zuten ("cuatro caserías nombradas Aguinagas", 1752, ZUA6). Honako hauek izango ziren seguruenik: Abendaño, Agiñagabarrena, Muxika eta Urdanbideta. Martiamuno baserria geroztikoa dela dirudi. XVIII. mendearen bukaera aldera eta XIX. mendearen hasieran, ordea, baserri gehiago eraiki ziren auzo zaharraren inguruan, hala nola: Aietsubaso, Arkidi,Errepelde, Mandabideta, Mugarrieta, Okorro, Urruzti, Txerren, Zumakorta... baserri berri horiek Agiñaga auzora bildu zirela esan daiteke (elizako eginkizunetan, besteak beste), nahiz eta udalerri bitan (Azkoitian eta Zumarragan) banatuta egon.

  47. Aizkolariari omenaldia
  48. 2,45 metroko garaiera duen eskultura hau galdatutako brontze patinatuz landua dago eta hamabost zentimetroko idulki batean, brontzezko oinarri baten gainean, kokatzen da, Agurtzane Iturberen diseinuaren arabera. Aginaga auzoan kokatuta dago, eta aizkolari guztien omenez izanda ere, bereziki auzo horretan bizi zen Jeronimo Iturbe Legorburu, Agineta-ri eskainita dago. 2003ko azaroaren 9an inauguratu zen.

  49. Urola trenaren, Gure Trenaren, burdinbidea
  50. Ezaugarri orografikoak direla-eta, zabalera estuko burdinbideek arrakasta handia izan zuten garai bateko Euskal Herrian. Izan ere, zabalera estuko burdinbideek zabalera handiko burdinbideek baino inbertsio txikiagoa eskatzen zuten bidea irekitzeko unean. XIX. mendeko amaiera eta XX. mendeko hasiera arteko urteetan, euskal ekonomian eragin positibo zuzena izan zuten zenbait burdinbide eraiki ziren: hala nola, besteak beste Durango eta Zumarraga elkartzen zuen burdinbidea, Elgoibar eta Donostia artekoa, La Robla-koa eta baita Plazaolakoa, Leitzaran arroan barrena Andoain eta Leitzaran lotuz "Tren Txikito" izena eman ziotena. Hauetako burdinbideren bat edo oraindik gaur egun badabilela esan behar dugu.

    Horrenbeste maitatutako Urolako tren zaharra —baita zabalera estukoa ere— 1926. urtean Alfonso XIII.ak emandako babespean jaio eta 1986. urtean itxi zuten. Trena, bailara estu eta itxiko komunikazioak ikaragarri erraztu eta Urola ibaiaren arroan bizi ziren biztanleen sinbolo maitatua bihurtu zen, bertako biztanleak bere lurrin-ahokaden, metalezko bagoien, eta bere ibilera geldoaren triki-traka bereziarekin loturik bere ondoan jaio, hazi eta bizi ziren biztanleak ziren. Trena ez zen ez egungo presarentzako eginik izan, bai, bidaia lasai eta gozoak bizitzeko egina ordea.

    Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diruaz eginik inauguratu zuten garaian, hoberen ekipatutako eta hornitutako trena izan zen: burdinazko bagoiak izateaz gain, garaiko punta-puntako teknologiaz baliatzen zen tailerra baitzuen. Zumaiatik Zumarraga bitarteko bidea lotuz, bailarako biztanleen interes ekonomiko, sozial eta kulturalak uztartu zituen. Iraun zuen 60 urteetan jasandako politikoen eta agintarien utzikeria lotsagarria dela medio (1986. urtean oraindik ere, hirurogei urte lehenago utzitako erreminta berberekin egiten baitzuten lan bere mantenuaz arduratzen ziren langileek) trenak azkeneko bidaia egin zuen, bazterrean geratu zen... nahiz eta bailarako biztanleriaren gehiengoa aurka altxatu eta nahiz eta garaiko agintariek trenaren alde agindutako hitzak haizeak eraman. Herriak trenaren biziberritzerako sosak eskatu zituen.

    Urte gutxi batzuk geroago, eta kamioien trafikoaren kalterako arrazoi edo aitzakia dela medio, ibaiaren bi isuraldeak behin eta berriz lotzen zituzten trenaren zubiak erauntsi zituzten. Egun zenbait geltoki, trabesa zaharrik bako zaindu gabeko bide aurrean kokatzen diren mamuen itxura galdua dute, beste batzuk ordea, estazio meteorologiko lanen papera betetzen ari dira (Agiñetakoa adibide), eta zorte handiena izan zuena, Azpeitikoa, bailara piztu eta indartu zuen trenaren omenezko museo bezala birbataiatu zuten.

    Ondoren, Urretxuko geltokia herriko Gaztetxea bihurtu zen, eta Zumarragako geltokia, agintari edo mezenas batek euro bat beregan inbertitu dezan itxaroten ari da... berritzeko dirurik inoiz ez sosik jaso ez zuen burdinbide hartako geltoki eder hori berritzea eskatzen ari da-eta.

    Geroago hasi ziren burdinbide zaharraren berritzearen obrak beste erabilera ludikoago bat ematearren: bertako ibilbidea bidegorria eraikitzeko. Lehendik kamioi eta autobus handien trafikoarentzako kaltegarriak ziren zubiak beste berri eta modernoago batzuen ordez ordezkatu dira. Eta egun, 2005eko maiatzean, bidea errekuperatu da oinezkoen eta txirrindularien onerako. Hauxe da Gure Trena izan zenaren etorkizunerako xedea, eta Urretxu-Zumarragako biztanleen onerako izan dadila.

  51. Urola ibaia
  52. Urretxu eta Zumarraga batzen eta era berean banatzen duen ibaia. Urola izena lehen aldiz, 1434. urtean agertzen da. Ordura arte, eta gero ere bai, ibaia izen asko jasotako da, eta ez dirudi azkeneko urteetara arte, Urola gehien erabiliena izan denik. Joxeluis Ugarteren arabera, baliteke izena Antzuolako Ondamendi baserriaren ingurutik jasotzea izena, baserriaren izen zaharra Urola zen eta.

    Urretxu eta Zumarragako toponimiaren sarreran hala ageri da:

    Toponimoa: UROLA
    Kontzeptua: 60201 / Ibaia
    Iturriak: 1434: F57 (60.or) / "Como desçiende por el arroyo a yuso fasta el agua e rio de Legaspia, e dende por el dicho rio a yuso como da por el agua fasta donde entra el arroyo que llaman de Huola al dicho rio de Legaspia,..."
    1613: UUA5 / "En Yrimo savel vaxando por la fuente de para el río de Uola"
    1752: ZUA6 / "Río nombrado Urola"
    1819: HIPO2 (65.or) / "Río maior llamado Urola"
    1889: ZUA2 / "Punto llamado Mugarrieta en el río Urola"
    1951: Plano1 / "Río Urola"
    Kokagunea: 88-37, 88-29, 88-21
    Adierakideak: Legazpi, El río caudal, El río mayor, El río principal, Ibaia, Errekaundia.

    Oharrak: 1434ko testuari erreparatuz gero badirudi "Arroyo de Huola" Antzuolako Ondamendi baserri ingurutik igarotzen den errekari esaten zitzaiola. Kontuan izan behar dugu, gainera, Ondamendi baserriaren izen zaharra Urola dela (baserri hau Antzuolakoa izan arren Urola arroan dago, ez Deba arroan). Hori dela eta, Urola ibaiaren izena litekeena da hortik hartua izatea. Eta ez litzateke harritzekoa izango, zeren orain ere Azkoititik behera Artetxeerreka esaten baitzaio Urola ibaiari, Artetxe Aizpurutxo aldeko etxaldea delarik. Gainera, Urola garaia eskualdean, badirudi ia oraintsu arte ibai nagusiari ez zaiola Urola esan, Errekea edo Errekaundia baizik.

  53. Goruntz
  54. Jose Ramon Andaren eskultura, brontze urtuz egina; hamar metro garai eta diametro desberdinak ditu, berrogeita hamar zentimetrotik metro bat eta hamar zentimetrora baitoaz. Obra bertikala da, kokatuta dagoen tokitik, Zumarraga eta Urretxuren lotune dugun Kalebarren-Areizaga enparantzatik, ezinbestez igarotzen diren ibilgailuei eragozpenik ez eragiteko propio diseinatua; gainera, obraren presentzia bera indartu egiten da kokapen berezi-berezi horretan.

    Obrak goiko aldean erakusten duen ebaki sakonak kontraste handia egiten du oinarriarekin, eta egonkortasuna sekula galtzen ez duen arren, ikusten ari garenean hauskortasun sentsazioa eragiten digu, eta edozein unetan lurrera eroriko dela inondik ere. Beharbada, kokatu behar zuten enparantza eta toki geografikoari buruzko berri zehatzak eskuratu ondoren, bat egindako herri bien arteko harremanak gogora ditzakeen obra baten sinbologia eta esangura izan zitezkeen egilearen inkontzientean.

  55. Zumarragako enparantza arkupeduna (Euskadi Enparantza)
  56. Garai batean Plaza Berria esaten ziotenak, hiru etxe ilarak, errepideak eta inguratzen duen laugarren etxe ilara batek (honexek ematen dio, gainera, zabaltasun ukitua) eratutako espazio karratuak itxuratua. Zumarragako herri arkitekturaren alerik bikainenetakoa da, zalantzarik gabe.

    "Non ote dago enparantza honen herria?" esan omen zuten soldadu karlista nafarrek gerra zibilean herri hau hartu zutenean; izan ere, enparantza honetan behin eta berriz entzundakoa omen da esaldi hori.

    Gainontzean, enparantza inguratzen duten lau etxe ileretatik hiru XIX. mendearen bigarren herenekoak dira, laugarren alboa 1954an itxi baitzen, behin betiko. Hala dio etxearen horman idatzitakoak. Enparantzaren erdi-erdian, Migel López de Legazpiri eskainitako estatua dago. Larunbatero, bertan merkatu edo feria nagusia egiten da.

  57. Miguel Lopez de Legazpiren omenezko estatua
  58. Legazpiren brontzezko estatua (1897an altxatua), Zumarragako Euskadiko Plazan kokaturik, Aniceto Marinas eskultoreak (Segovia, 1866 - Madril, 1953) egina izan zen, idulkia Juan Moya arkitektoak egin zuelarik.

    Miguel López de Legazpi Gurruchategui Zumarragan XVI. mendeko lehen bost urtean jaio zen. 1527an Areriako Alkatetza Nagusiko eskribautza hartu zuen, bere aitak hil ostean postua libre utzi ondoren. 1528an Mexikora iritsi zen, non kabildoko idazkaria izan zen, alkate ere bai, eta baita ondoren ere Casa de la Moneda delakoaren erantzukizun handiko langilea, horren ondorioz dirutza handia batu zuela hain zuzen.

    Isabel Garcésekin ezkondu zen eta harekin 9 seme-alaba izan zituen; alargun geratu ondoren, 1564ko azaroaren 21ean Mexikotik "mendebaldeko irletarantz" abiatu zen espedizioko armadaren general gisa: espedizio hartan, kosmografo gisa Andres de Urdaneta fraile ordiziarra zegoen.

    Espedizioak norakora 1565eko otsailean iritsi zen, bertan ziren hainbat lurralde bereganatuz eta bestalde ere, irla guztien batasuna antolatuz: momentu hartatik aurrera irlok Filipina uharteak bezala ezagutuko ziren. 1571ean Manila hiria sortu zuen, eta bertan hil zen urtebete ondoren.

  59. Legazpijauregi dorretxea
  60. XIV. mendetik aurrera izkribuetan agertzen den eraikina dugu, Legazpi burdinolarekin batera. 1320. urtean jadanik bertan bizi zen Zumarragako Jauna. Hala eta guztiz ere, eta adituen arabera, Legazpijauregi dorretxea Gipuzkoako dorretxe zaharrenen artean koka daiteke eta duen tipologiagatik, XIII. mendeko eraikintzat har genezake. Gaur egun, dorretxe hau ezaguna bada bertan Filipinak isletako kolonizatzailea Miguel Lopez de Legazpi militarra bertan jaio zelako da. Enrike IV erregearen agindupean moztua, XV. mende erdialdean berreraikia izan zen, zuen itxura belikoa betirako galduz. Geroago Jauregiaundia baserria izenaz ezaguna izan da, gaur egunera iritsi arte.

    Zenbait idazlek esan duen legez, Baldako Jaunak eraiki omen zuen Migel bera jaio baino mende batzuk lehenago, "bando-gerren sasoian" hain zuzen. XVI. mendearen bigarren erdialdean laga omen zion etxe honek nobleen bizileku izateari, Amador de Arriaran bertan bizi izan eta gero hain justu; azkeneko honek agindu zuen ate nagusiko armarria jartzeko. Orduaz geroztik, baserritarren bizilekua izan zen eta itxura ere aldatuz joan zen bertan egiten ziren lan berriei moldatzearren.

    Nicolás Soraluzek salbatu zuen etxea XIX. mendean, trenbidea jarri behar zutela botatzear egon baitziren, baina XX. mendearen hasieran oso kontserbazio egoera kaxkarrean zegoen. Mende honetako 40ko hamarkadan, "Esteban Orbegozo, S.A." enpresak inguru horretarantz hedatu nahi zuelarik, Monumentu Historiko-Artistiko Nazional izendatu zuten. Orduaz geroztik, hainbat zaharberritze lan egin dituzte bertan.

  61. Txistulariari estatua
  62. Jesus Segurolaren eskultura da. "Argizari galdua" prozesuaren bidez galdatutako brontze patinatuz landua dago, eta Markinako harri mutxardatuz eginiko oinarria du azpian. Lanak osotasunean lau metro eta erdiko neurria dauka (eskultura bera bi metro eta berrogeita lau zentrimetro da). Trenbideko "lubakia"-ren gainean kokatuta dago. 2003ko ekainaren 14an inauguratua, txistulariaren berezko elementuak azpimarratu nahi ditu: txapela, txistua eta danbolina. Oinarrian, Euskal Herriko armarriak ditu.

  63. Zumarragako trikitixari omenaldia
  64. Antonio Oteizaren eskultura espresionista, brontzez egina da. 1,80 metroko garaiera du, eta Elizkaleko biribilgunearen erdian dago kokatuta, toki benetan enblematikoan. Izan ere, bertan sortu zen 1920an Zumarragako Trikitixa taldea. 2004ko abenduaren 12an inauguratu zen.

  65. Itziar
  66. Jorge Oteizaren eskultura, poliedroz osatua; lau metro garai eta bost metro luze ditu, sei tonako pisuaz, eta hiru milimetro lodiko xaflaz eginda dago.

    Eskultorearen emaztearen izena du, Itziar Carreño baitzen, eta 1959ko proiektu baten arabera eraikita dago. Oteizak berak esan zuen bezala, eskulturaren alde eta hutsuneek sortarazten duten argi-itzalen jokoa nabarmentzen da, tontor eta sakonuneetan Gipuzkoako paisaia adierazten baitigu, herri, haran eta ibaiez. Monumentala den arren, arintasun eta lebitazio sentsazioa ematen du.

[-] Itxi 
Eranskina (2)

2008ko irailak 7

Orain dela berrogeita hamar urteko egun batean... Izazpiko gurutzearen 50. urteurrenean.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (3)

2008ko irailaren 18an.

Izazpi ala Izazpe?

Irakurri gehiago [+]