Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia
Bloga - bitakora kaiera

XXIII. Ostadar Mendi Astea

EUSKAL APINISMOAREN AINTZINDARIAK (Antxon Iturriza -Aizpel-). Kutxa Fundazioak finantzatutako proiekzioa.

Data eta ordua: azaroak 23, osteguna: 20:00etan — Zumarragako Zelai-Aristi Aretoan.

______________________

"... jarleku apal eta umil izan arren, ez al du dagoeneko merezi euskal mendigoxaletasunak berea Himalaia handian?..." —Andrés Espinosa, Darjeeling-en (Himalaia), 1931ko uztailaren 21ean

EUSKAL ALPINISMOAREN AITZINDARIAK

Nor izan zen, tontor gainetik ikusten den paisaia osoa bere begietan islatzearen desio hutsagatik, mendi-punta batera igo zen lehen euskalduna? Ez dugu inoiz jakiterik izango, aspaldidanik, orain dela milurteko askodanik hain zuzen mendi apalez osaturiko eta sakonki gizatarturiko geografia baita Euskal Herriarena.

Gure mendizaletasunaren hastapenen berri izatearren, mendien tontor-kaieretan idatzirik beren esperientziak utzi dizkiguten aitzindari haien testigantzak baino ez zaizkigu geratzen. Aztarna hauek jarraituz, denboran atzera egin ahal izan dugu eta 1848an Antoine d'Abbadie euskaltzalea aurkitu dugu Etiopiako 4.000 metro baino garaiago diren tontorretara igoz; edo-eta 1869an Armand David apaiz lapurtarra Himalaiako mendi-adarretan 5.000 metrotik gora tontorra duen mendi batera iritsiz. Urte bera hartan, Fernando Luis de Ybarra Aneto gaina zapaldu zuen lehendabiziko euskalduna bilakatu zen: zalantzarik gabe, geroago gure mendizaleek Pirinioetan egingo zituzketen sarraldiei bidea ireki zien.

Aitzindari hauen abenturekin gure mendizaletasunaren ibilbideari hasiera emango diogu, euskal mendizaletasunak ez baitzuen herri-dimentsioa lortu XX. mendeko bigarren erdira iritsi arte. Mugimendu honen adierazpenen artean Bilboko Club Deportivok Arrabako zelaietara eta Gorbeia gainera antolatzen zituen ibilaldi jendetsuak aurkitu ditugu; berauetan, 1912 eta 1919. urteen artean ehunka mendizalek parte hartu zuten.

Mugimendu honen burua Antxon Bandres tolosarra izan zen, berak hastapeneko mendi-txapelketak sustatu eta hasiera batean Federación Vasco Navarra de Alpinismo izena eramango zuen erakundearen fundazioa bultzatu baitzuen.

1924ko maiatzaren 18ko egun historiko hartan ateratako irudien bitartez, euskal mendizale taldeen lehendabiziko elkarte-federazioaren sorkuntzan parte hartuko dugu: hasierako federazio honetatik geroago eratorriko zen egun ezagutzen dugun Euskal Mendizale Federazioa.

Irudien bitartez ere, 1924an Euskal Herrian eskaladaren hastapena markatuz, Angel Sopeñak Fraileburu harkaitzean burutu zuen lehendabiziko igoera ikusiko dugu.

Geroago Pirinioetako mendien aurkikuntza iritsiko zen, baita Mont Blanc mendiaren tontorrera egindako lehen euskal igoera ere; Alpeetan egindako esperientzia iniziatiko honen testigantza gisa, argazki baliotsu batzuk gaurdaino iritsi zaizkigu.

Hala ere, euskal mendizaletasunaren lehenengo urratsen historiaren gainbegiradak badu garai honetan nabarmendu beharreko beste protagonista nagusi bat. Irudien bitartez, Andres Espinosa bizkaitarraren abentura liluragarriak gogoraraziko ditugu, aurreko mendeko bigarren hamarkadaren amaieran, bakarrik, Picu Urriellu (Naranjo), Mont Blanc, Cervino (Matterhorn) eta Kilimanjaro gainak zapaldu zituen-eta. 1931. urtean, Andres Espinosa bera Himalaiako magaletaraino bertaratu zen, Kangtxenjunga erraldoia eskalatzeko asmoarekin bertaraino iritsi zen-eta.

Irudiek ere euskal mendietan egindako lehenengo rappela gogorazteko aukera emango digute, baita 1931ko errepublikaren aldarrikapenaren osteko garai nahasietan, gure mendizaletasunak jasan zuen krisia gainbegiratzeko aukera ere.

Euskal mendizaletasunaren historiaren ikus-entzunezko ibilbide honek gerra zibilaren hasieraren atarian, Elgetan burututako azken batzarrekin amaituko da; orduan zakarki amaituko zen euskal mendizaletasunaren lehen garaia.

Andres Espinosari buruzko informazio gehiago: http://www.prandresespinosa.com/

______________________

ANTXON ITURRIZA "AIZPEL"

1948an Donostian jaioa, 1976. urtetik gaurdaino zenbait komunikabidetan alpinismoari lotutako informazioaren jarraipena egiten dihardu.

Gara egunkariaren "Mendia" gehigarriaren eta Pyrenaica aldizkariaren kolaboratzaile da.

1981n, Mutualidad General Deportivak kirola eta segurtasuna gaiaren gainean antolatutako lehiaketaren kazetaritza alorreko lehen saria irabazi zuen. Urte berean, Euskal Mendi Federazioak egindako informazio lanagatik domina jaso zuen.

Geroago, 1985. urtean, Espainiako Mendi Federazioak eragindako "Montañismo y sociedad" artikuluen lehen saria jaso zuen.

Ondoren, 1985 eta 1986 urteetan, ikus-entzunezkoen lehen Edelweiss sariak irabazi zituen.

Bestalde, 1990, 1992 eta 1994 urteotan, Bartzelonako Mostra d'Audiovisuals de Montanya erakustaldian ohorezko aipamenak jaso zituen.

Baita ere, 1995. urtean, Emakumearen Euskal Erakundeak, egindako kazetaritza lanengatik "Emakunde" saria eman zion.

Eta 1996. urtean, Pyrenaica aldizkarian boto gehien jaso zuen urteko artikuluaren saria jaso zuen.

1999an, Euskal Mendizale Federazioak emandako dibulgazio-lan onenaren saria irabazi zuen.

2005ean, Torellóko Festival de Cinema de Muntanya i Aventura zinemaldiko mendiko eta abenturako kazetaritza-saria jaso zuen.

"Biografía sentimental del montañismo vasco" (1996), "Euskal Herria en los techos del mundo" (1997), "Historia Testimonial del Montañismo Vasco" I eta II tomoak (2004 eta 2005), eta "Montañas de Papel" (2005) liburuen egilea da, "Del Teide al Naranjo" (2003) erredakzio lantaldean parte hartu zuen eta, Imanol Goikoetxearekin batera, "Gailurrak eta Goilurrak" (1995) liburuaren egilea da.


Editore erabiltzailea: admin |  (2006/11/12 - 07:07) |  Permalink |  Erantzun mezu honi
Partekatu berria: facebook twitter meneame zabaldu delicious technorati google reddit digg yahoo

Kontuan hartu zure posta elektronikoa eta URL-a ez direla webgunean publikatuak izango.

 Blogean publikatzeko formularioa
Izena:
Posta elektronikoa:
URL:
Artikuluaren izenburua:
Idatzitako testua:
Testuaren
gorputza
nola idatzi :
SPAMaren kontrako filtroa:

Hau SPAM-aren kontrako filtro bat da. Mesedez, idatzi ondoko gelaxkan, "zenbakitan", ondoren eragiketa egitearen emaitza, zazpi gehi zazpi .


Adibidea: zazpi bider hiru; idatzi 21


Testu egituratua zer den jakiteko egin klik hemen [>>]