Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea 18+ urtez ibilaldiak euskaraz dokumentatuz
laguntzailea Alex Kirolak
 
eu | es   
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



STENDHALEN SINDROMEA.

Henri Beyle eleberrigilea (Grenoble, 1783ko urtarrilar en 23a - Paris, 1842ko martxoaren 23a), Stendhal ezizenez ezagunago dena, 1817an Florentzia bisitatu omen zuen, haren egunkarirako xehetasunik ez galtzen gogor ahalegindu zelarik. Egun osoa elizak, museoak eta arte-galeriak ederresten igaro zuen, eta urrats oro kupula, fresko, estatua eta fatxada ugariren ikustaldi bikainarekin hunkitu zen. Baina bat-batean, Santa Croceko eliza dotorean sartzean, zorabiaturik sentitu zen, palpitazioak, bertigoa, estutasuna eta itotzen ari izango balitz bezalako sentsazioa i zan zituen, eta horren ondorioz, kanpora irten beharra izan zuen airea hartzeko. Aztertu zuen medikuak "edertasun gaindosia" diagnostikatu zion, eta ordudanik sintoma honi "Stendhalen sindrome"-aren izenarekin ezagutzen zaio. Idazleak, mundu osoko garai gu ztietako milioika biztanleei Florentzia bisitatzen duten bakoitzean loa kendu izan dien gaitza aurkitu zuen: Florentzia, hain ederra da non zentzumenak zorabiatzen dituen.


EDERTASUNA...

"Behin, Carlotti izeneko margolari italiar batek edertasuna zer den definitu zuen; batera lanean ari diren atalen batuketa dela esan zuen, halako moldez non ez den ezein besterik gehitu edo aldatu behar. Horixe zara zu. Ederra zara benetan".

-Next (2007) filmeko aipua-

Petilla Aragoi - ROITAKO GAZTELUA (905 m) - Sause (Sos del Rey Católico) -- GR-1 zidor historikotik.

Nafarroako enklabe Petillatik Sauserako bidean (GR-1 jarraituz)...
Roitarako bidean
Roitarako bidean
—© Ostadar Mendi Taldea—
Egin klik handiago ikusteko
(82,696 byte)

PETILLA ARAGOI (861 m).
Euskal Herriko mapari begiratzen badiogu, exklabe gisa, Petilla haren mugetatik at geratzen da. Bi irlaz osaturik dago (Petilla –nagusia- eta Petillako Baztan edo Baztan, gainean San Antonio ermitaren eraikina duelarik) eta biak Nafarroako mugetatik 13 kilometrora aurkitzen dira. Exklabe biok Zaragoza herrien lursailez inguraturik dauden arren, Sause (Sos), Uncastillo, Isuerre edo Navardun hain zuzen, inguruetako mendiek ez digute herriok ikusten utziko. Mendi hauek Aragoiko aurre-Pirinioetakoak ditugu eta mendiotan zehar ibiliko gara GR-1 zidorra jarraituz.

Petilla mendiaren eguteran aurkitzen da. Hiru kale eta plaza bat, Nafarroakoa, besterik ez dauzka. Herriaren atzealdean, haitz erraldoi bat zutik dirau, eta haitz handi honen gainean orain dela 1000 urte eraiki zen Nafarroako Erreinua defendatu zuen gazteluetako bat, Roytako (gaur bisitatuko duguna), edo ibilbide amaierako Sauseko (Sos) gazteluek egin zuten bezalaxe. Herri honetan gainera jaio zen SANTIAGO RAMÓN Y CAJAL, 1906. urtean Nobel Saria jaso zuen medikua hain zuzen: honen omenez Petillan museo bat dago eta hona etorriko garen hurrengoan ikusteko gonbita egiten dizuegu.

NAFARROAKO PLAZA txikitik (00:00h) abiatuko gara, elizaren ondoan kokaturik dagoen arkuaren petik igaroz. Ezkerrerantz bira egingo dugu eta tabernaren eta ostatuaren –baita frontoi txikiaren- ondotik jarraitzen duen zidorrean segituko dugu. Zidor estu batek hainbat bihurgune marraztuko ditu eta azkenik, ezpel eta erkametz zuhaixken artean errepidera jaitsiko gara (00:20h), UR-TANGA bat aurkitzen den puntura hain zuzen: nahi duenak bertatik irteten den ur-txorrota oparotik edan dezake bidean aurrera egin baino lehen.

Puntu honetatik aurrera Navardunera eramango gintuzkeen errepidetik jarraituko dugu. Laster, (SL NA 201eko markekin) LABAZIAko ITURRIra daraman pista batekin egingo dugu topo. Eskuinean, Nafarroako Gobernuko BASOZAINEN ETXEA utzi eta errepide nagusitik jarraituko, enklabe barruko erreka gaineko zubitik igaroko garelarik (00:30h). Azkenik, seinaleztapen bertikala duen puntu batera iritsiko gara –eta ezkerrerantz eginez- GR-1 zidorra jarraituz mendiaren hegaletik gora egingo dugu.

Lurrezko pistatik mendiaren hegaletik gora igoko gara. Lehendabiziko bihurgunean eskuinerantz egingo dugu bira eta ondoren zuzen jarraituko dugu ezkerrerantz irteten den pista bati jaramonik egin gabe. Geroago, 753 metroko garaieran, pista utzi eta ezkerretik irteten den zidor batetik jarraituko dugu. Ehin bat metro ibili ondoren, mendiaren gailurreriara iritsiko gara. Nafarroa eta Aragoi arteko MUGAn gaude, eta bertatik ikusiko ditugu laster bisitatuko dugun gazteluaren dorre erraldoiak.

Zidorretik MHM norabidean jaitsiko gara pinudian jarraitzen dugun artean, eta ondoren bi errekasto zeharkatuko ditugu bidean –lehena lehor aurkituko dugularik. Ezpel zuhaixkak agertuko dira bidean eta bigarren errekastora (01:00h) hurbiltzean pagoa ere agertuko da basoa osatuz: ur-jauzi ederra dago zokoan (PALANGA izeneko parajean).

Isurialdez aldatuko gara eta bideak HHM-ko norabidea hartuko du. Eroritako hiru pinu-enborrek bidea oztopatuko dute. Azkenik, eskuinetik datorren lurrezko pista zabal batera irtengo gara, aurrera egin ondoren (01:12h). Minutu pare bat barru, eskuinetik datorren pista hartu gabe, aurrerantz jarraituko dugu.

784 metroko garaieran, bidegurutze batekin egingo dugu topo (01:17h). Eskuinetik GR-1 zidorrak jarraituko du, handik baitoa Sausera-eta. Eguraldi txarra eginez gero hortik jarraitu beharko genuke, gaztelurako igoera saihestuz.

Bigarren aukera hartuko dugu. Pista batetik jaitsi eta berriz beretik igoko gara beste bidegurutze batera iritsi arte (01:25h, 767 m). Puntu honetara iritsiko gara Roitatik jaistean. VAL DE ROITA izeneko ibarretik igoko gara, eta ingurabide luzea eginez (beherago adierazitako 700 metro horiek baino gehiagotan), goiko lepora iritsiko gara (871 m – 01:38h): gazteluaren magalean izango gara gora iristean. Lepoan, etxe baten aurriak ikus daitezke.

Etxearen eskuinaldetik, gaztelura doan zidorra ikusiko dugu. Hegal erdian, ROITAko ERMITAren aurriak ikusiko ditugu, Labañak Ruytaz hitz egitean, 1610ean idatzitako dokumentu batean “eliz handia” gisa aipatu zuena hain zuzen (urte askotan Ruyta eta Arrosta (Ruesta) izenen artean nahasketa izan bada ere, azkenik berretsi da Roitako ermitaz mintzo zela). Eskailera moduan erabilitako hondatutako HILOBI ANTROPOMORFO batek, tenpluaren plataformarako bidea irekiko digu. Azkenik, ROITAko GAZTELUaren murruetara iritsiko gara –eraikin gotikokoa dela nabarituko dugu bertara iristean, eta inguruko paisaiaren gainean gailenduz, haren erdi aroko egitura bikaina ikusterik izango dugu bertan gauden artean (905 m – 01:45h). Ogitartekoa jan eta atsedena hartzeko toki ezin hobea.

Bi dorre ditu gazteluak, eta haren murruek –harlanduz zein harlangaitzez eginik- barneko arma-patioa ixten dute. IE-ko dorrea egoera hobean dago, bestea ordea, erortzear dago –soilik bi horma mantentzen ditu zutik eta batean goitik behera marrazten duen arrakala erraldoia du, pareta bitan zatitu nahian. Gaztelua Antso III.a Nagusiaren (1004-1035) erregealdian eraiki zuten –musulmanek aurretik eraikitako beste baten gainean-, eta izen ugari izan ditu gazteluak: Roita, Rueyta, Sercastiello, Sierracastilla, Cercastiel, Charat-Kachtilla...Gaztelutik irtengo gara (02:10h), eta igotzeko erabili dugun pista beretik jaitsiko gara 767 metroko garaietan kokatzen den bidegurutzera iritsi arte (02:28h).

Bidegurutzean, ezkerreko bidea hartuko dugu eta minutu gutxiren buruan (02:35h) beste bidegurutze batera iritsiko gara. Eskuineko bidea hartuko dugu, aurrerantz zein ezkerrerantz (honek etxe handi batera darama) abiatzen diren pistak kontuan hartu gabe: samurki jaitsiz, ibartxora jaitsiko gara, aurrerago errekasto bat zeharkatuz. Puntu honetan GR-1 zidorrarekin bat egingo dugu berriz (02:35h, 736 m).

Lasterrean, pista utziko dugu eta gure ezkerretik basoan sartzen den zidorra jarraituko dugu. Zidorrak ezpel eta erkametz zuhaixken artean jarraituko du, ezkerrean darraien errekaren parean aurrera eginez: BARRANCO DE LOS CASTILLOS (GAZTELUEN izeneko SAKANan) gaude. Geroago (02:45h) errekasto bat zeharkatuko dugu, eta zedarri baten ondoren, galtzada zahar baten arrastoak aurkituko ditugu (bide zaharraren arrastoak nabarmenak dira-eta). Minutu gutxiren buruan, etxe handi baten aurrietaraino iritsiko gara (02:53h – 709 m).

Bideak garaiera galdu eta basoan sartuko da. Geroago, lurrez estalitako pista batekin egingo dugu topo. Bidegurutze batean, ezkerreko pistatik jarraituko dugu, atzeragotik ekarri dugun norabidea mantenduz hain zuzen. Azkenik ATE METALIKO batera iritsiko gara (3 metro garai dena), alanbre-hesi luze batekin batera lursail handi bat ixten dutelarik. Seguruenik ATEA ITXIRIK aurkituko dugu (03:10h – 693 m), eta honen gainetik eginez jarraitu beharko dugu GR-1etik segitu nahi badugu. Finka osoa zeharkatuz gero bidearen jarraikortasuna nolakoa den ez dugu ezagutzen: hauxe nola jabego pribatuek erabilera publikoko zidor gisa ofizialki katalogatutako bideak ixten edo oztopatzen dituzten. Zorionez, ate metalikoa sendoa da eta era erraz batean bestaldera igarotzeko aukera emango digu.

Belarrez estalitako ibar zabalak bertatik jarrai dezagun gonbita egingo digu. Pistatik jaisten hasiko gara. Urruntasunean GAYARRE ETXEA ikusiko dugu, eta baita eskuinean hainbat artzain-borda batzuen aurriak ere, iraganean erabilitakoak hain zuzen.

Markak jarraituz egingo dugu aurrera, batzuetan belarrez estalitako tarteetan galtzen bazaizkigu ere: hainbat tartetan galtzada zatiekin egingo dugu bat aurrerantz eramango gaituen ibartxo batean gauden bitartean bezalaxe. Bidea, irekia, pasaiaz goza dezagun gonbita egingo digu. Azkenik, Gayarre etxe ondoan beste ATE METALIKO batekin egingo dugu topo (oraingoa ate txiki bat ere baduena, eta seguruenik ere itxirik aurkituko duguna). Lehen egin dugun bezala zeharkatu beharko dugu (607 m – 03:31h). Honen ondoan, ibaia zeharkatzeko bi IBI aurkituko ditugu (kontuz ibili beharko dugu bertatik igaro den ur-emaria handia bada).

Puntu honetatik aurrera, gorabehera txikiak dituen pistatik jarraituz, Sause aldera jarraituko dugu, BARRANCO DE LAS FUENTES (ITURRIEN) izeneko sakanetik hain zuzen. CORRAL DEL PEJÓN-etik hurbil, gorantz egiten duen pista hartuko dugu eta jaitsiera samur baten ondoren, VALENTUÑANAko KOMENTUaren lursailetarantz hurbilduko gara. Paraje hauetatik hain zuzen lehendabizikoz ikusiko dugu urrunetik Sause muin baten gainean. PRESA baten eta UR-TANGA baten ondoan (04:11h – 532 m) beste IBI bat zeharkatuko dugu, eta eskaloi zabalez hornitutako harrizko galtzadatik igoz, azkenik SAUSEko PARADORearen ondoko ERREPIDEra iritsiko gara (04:24h – 597 m). Paradorearen ondoan bi autobus estazionaleku dira (04:27h – 599 m).

GR-1 zidorrak AÑUÉSeko DORRErantz jarraituko luke,eta Petillarantz zetorren POZO PIGALO eta BIELetik hain zuzen guk hartutako bideak: etapa hauek beste baterako utzi beharko ditugu, izan ere, guk gaurkoan gurea amaitu dugu. Erdi aroko Sause hiriko karriketan goza dezagun.


[-] Itxi 
Eranskina (1)

2010eko apirilaren 4an.

GR-1 zidor historikoa.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (2)

2010eko apirilaren 4an.

Petilla Aragoi.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (3)

2010eko apirilaren 4an.

Santiago Ramón y Cajal

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (4)

2010eko apirilaren 6an.

Roitako gaztelua (Cercastiel).

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (5)

2010eko apirilaren 6an.

Roitako ermita.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (6)

2010eko apirilaren 6an.

Sause - Sos del Rey Católico

Irakurri gehiago [+]