Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Udana - Jandoain/Jabondo - Katabera - Biozkornia - ARTZANBURU (1.368 m) - AIZKORRITXO (1.344 m) - Arbelar - Oltza - San Adrian (Sandrati) - Añabaso - Beunde - Otzaurte.

Goierriko Bira (2. etapa) - Udanatik Otzaurterako ibilaldian, Aizkorri Mendia ezagutuz...
San Adriango tunela
San Adriango tunela
—© Goierri Mendi Taldea—
Egin klik handiago ikusteko
(104,544 byte)

GOIERRIKO BIRAko bigarren etapa honek Aizkorri Mendizerra zeharkatzen du, bere tontor lerdenak eskualdeko goi-tontorrak dira. Urbiako arrasoetako leku irekietan, kareharri, goroldio ... arteko zidor bilduetan, pagadi ederretan edo Sandratiko galtzada historikoan ibiliko gara.

UDANA (515 m) - ARTZANBURU (1.368 m). Hemen mineral kiskaltze-labe bi daude [1]. Udanako gainean GR bide bat abiatzen da eta FRANTXISKORTA eta OLLARIAGA lepoak pasatu ondoren JANDOAIN txaboletara igotzen da. Pixka bat gorago bide zabal hau utzi eta ezkerrean zidor batetik igo behar da BIOZKORNIAko lepo zabaleraino. Zutoi adierazle bat dago, baita AMABIRJIÑAREN SILLEA ere [2].

Gure aurrean, zerbait ezkerrera, ARTZANBURU (1.368 m) altxatzen da. Marka horiak dituen zidorrak bertara bideratuko gaitu. Buzoia eta igel itxurako etxetxo bat daude tontorrean. Behatoki ikusgarria da norabide guztietara. Bertatik ikus daitezkeen mendien zerrenda oso luzea da. GOIERRIKO BIRAko ibilbidearen zati handi bat ere ikus daiteke.

ARTZANBURU - OLTZA (1.100 m). Hego norabidean arrasoetarantz jaitsiko gara. Belardietan zidorra HE norabidean doa. Bidea jarraitzeko zati batzuetan lurrean sartutako harri bertikal batzuetaz baliatu gaitezke. AIZKORRITXOko (1.338 m) tontorrera eta gertu dagoen trikuharrira [3] helduko gara. Hurrengo lepotxora jaitsi eta arrasoetatik jarraituz gure aurrean, pixka bat ezkerrera, gutxi ezagutzen den LEKUNBERRI (1.364 m) tontorrera igo gaitezke.

Tontor honetatik marka horiak dituen zidorra jarraituz gero ARBELARreko BORDEtaraino jaitsiko gara. Hemen URBIA eta AIZKORRIrantz doazen bideak alde batera utzi eta pintura gorriarekin markatutako zidorra bilatu, zeinek edertasun handiko gune karstiko batetik OLTZAko zelaietaraino bideratuko gaitu. Azken zati honetan bidea goroldioz estalitako kareharriak bistaratu eta pagoak hazten diren lursail batetik doa.

OLTZA ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (1)

2010eko urtarrilaren 25ean.

Lizarrate, Sandrati, San Adrian

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (2)

2008ko irailak 7

Done Jakue 'Bideak'

OHARRA: Done Jakue Bidearen inguruan 2008an egindako ibilbide bati buruz emandako informazioa, harira ekarri dugu.

Done Jakue Bidea Penintsula Iberikoa eta Europa osotik abiatuta, Santiago de Compostela hiriburura, Jakue apostoluaren erlikiak gurtzearren, erromesek egiten duten bidea da. Erdi Aroan zehar oso bide erabilia izan zen, geroago pixka bat ahaztua izan eta egun berriz indar handia hartu izan du. Askotan, bideak iraganeko Erdi Aroko galtzada zein galtzada erromatarrekin bate egiten zuen, baita ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (3)

2008ko irailak 7

VII. KAPITULUA: Done Jakue Bideko jendeen ezaugarriak eta herrialdeen izenak.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (4)

2008ko irailak 7

Liber Sancti Iacobi liburua (Done Jakueren liburua).

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (5)

2010eko urtarrilak 27

Aizkorri-Aratz Parke Naturala.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (6)

2010eko urtarrilaren 27an.

Udanatik Otzaurtera... jakinminean...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (7)

2010eko urtarrilaren 27an.

Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra.

Partzuergoak onibar baten jabetza elkarrekin kudeatzen duten herri elkarteak dira, eta elkarrekin ere beronen erabilera eta gozamena indarrean jartzen dutelarik.

Partzuergoak hala sortzen dira, lurralde zein administrazio aldetik dagoeneko eratutako hainbat herrik (emariagatik, erosketagatik) mendi batzuen jabe izatera iritsi, eta ondoren mendietatik eskura litezkeen prestazio guztiak elkarrekin erabiltzeko asmoz akordiora iristen direnean.

Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra, Gipuzkoako Partzuergo Nagusi izena ere baduena, Gipuzkoako entitate lokala dugu, ez du herri gisa estatutu juridikorik, eta ez dago ezein udal-barrutian integraturik.

Mendiz osatutako lurraldea dugu eta Erdi Arotik gaurdaino bertan Goierriko lau herrik (Idiazabal, Segura, Zerain eta Zegamak) eta Arabako Salbaterrako talde bik (Donemiliaga eta Asparrena) partekatutako kondominioa ezarri dute.

Etimologia

Partzuergo hitza Gipuzkoa eta Araban erabiltzen den lokalismoa dugu, eta mendiko lursailak batzen dituzten herriarteko kondominio batzuk izendatzeko erabiltzen da. Partzuergo hitza frantsesezko parçonier (parte-hartzaile) hitzetik datorrela uste da. Konpartitutako lurren jabetza eta gozamenaz erabilera duten herriak partzuergo-kide dira, eta partzuergo-kideen elkartea, eta haren ondorioz elkarteari dagokion lurraldeen batuketak ondorioztatutako ondarea, partzuergo esaten zaio. Partzuergoari dagokion gaztelaniazko terminoa parzonería dugu, eta parzonero partzuergo-kide izendatzeko erabiltzen den hitza dugu.

Egun hiru dira Gipuzkoan diren partzuergoak. Lehenak Enirio-Aralar izena du, hango lurraldean kokatzen da-eta. Beste biak bata bestearen ondoan daude eta hurrenez hurren Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra eta Gipuzkoako Partzuergoa. Biek jatorri bera dute, baina parte hartzaile dituzten herrietan desberdintzen dira, lehenean Gipuzkoako eta Arabako herriek hartzen baitute parte (hortik datorkio izena), eta bigarrenean soilik Gipuzkoakoak hain zuzen. Lehena bigarrena baino askoz handiagoa denez, Partzuergo Nagusia edo Partzuergo Orokorra izenez ezaguna da.

Geografia

Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra Nafarroarekin muga eginez Gipuzkoako hegoaldean kokatzen den lurraldea dugu. Haren ondarean Altzania-San Adrian eta Urbia (Erabilera Publikoko Mendien Katalogoaren 13. eta 14. mendiak, hurrenez hurren) mendiak sartzen dira, zeintzuek Katalogoaren arabera 2.406,98 Ha-ko zabalera osatzen duten. Komunitatea ere Oltza mendiaren jabea da (165 Ha zabalerarekin Katalogoaren 97. zenbakiko mendia), eta egoera honetan Oltzako zelai eta uren erabileraz gozatzen du, baina ez honen baso-ustiapenaz, izan ere 1852tik Legazpik, aurretik hartutako hainbat konpromisori esker, berauek ustiatzeko eskubidea bereganatu zuen.

Partzuergoa muturretako batean Madril-Irun trenbideak zeharkatzen du. Trenbide honen parean, Otzaurtetik igaroz Zegama A-1 autobidearekin lotzen duen herri-errepidearen zati bat dago. Partzuergo Orokorraren gainerako lurraldea errepiderik gabe dago, bertan hainbat baso-bide badiren arren.

Auzoak

Partzuergoaren alderik mendebaldeenean dozena erdi etxe daude, Otzaurteko mendatearen ondoan eta aurretik aipatutako bidearen ondoan hain zuzen. Etxe hauetako biztanleak zegamartzat hartzen dira, nahiz eta zehazki Partzuergo Orokorraren lursailetan bizi izan.

Beste aldetik, Partzuergoaren barruan borda ugari dago sakabanaturik, eta bertan bizi izaten ziren artzainak denboraldi luzez.

Mugan dituen herriak.

Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra Oñati herriko lurraldea du mendebaldean, Legazpiko ipar-mendebaldean, Zegama iparraldean, eta Gipuzkoako Partzuergo Txikiaren lurrak ipar-ekialdean (hauexek datorren etapan bisitatuko ditugu). Ekialdetik ere, bi tarte txikitan Altsasu eta Olatzagutia herriekin ditu mugak, eta zati handiago batean ekialde eta hego-ekialdetik Ziordia herri nafarrarekin ere bai. Azkenik, hegoalderantz Asparrena, Zalduondo eta Donemiliaga herriekin muga egiten du Partzuergoak.

Historia

Partzuergoak (bai Orokorra, baita Txikia ere) XV. mendearen hasieran sortu ziren. Euren jatorria 1401eko martxoaren 30ean, Fernán Pérez de Ayalak, Gipuzkoako korrejidore eta merino nagusiak Gaztelako Enrike III.aren eskutik jasotako lursailen emarian datza. Hilabete batzuk geroago, 1401eko ekainaren 22an hain zuzen, Pérez de Ayalak lurrok Segura herriari saldu zizkion Aragoiko kuñoa zuten 500 florin eta oihalezko bi piezen truke. Delako eskritura hau 1406ko irailaren 16an erregeak berretsia izan zen. Segurako izena da soilik delako salerosketa eskrituran agertzen den herria, baina kontuan hartu behar da garai haietan hainbat herri Segurari lotuak zirela, eta horren ondorioz ondorioztatu daiteke Segurak Goierri eskualdeko herri batzuen buru gisa lur haiek erosi izan zituela. 1430.eko dokumentu batean hau konfirmatu egin zen: dokumentu horretan Legazpik erositako mendien artean berari zegozkion lursailak banatu eta mugarriztatu izan zituela agertzen baita; eta salerosketari buruz zera azaltzen da, berau Segura herriak eginez gain, baita ere Legazpi, Idiazabal, Zerain eta Zegamako unibertsitateek parte izan zutela hain zuzen. Legazpiri zegokion zatia banaturik, 1430. urtetik aurrera mendiaren gainerako lursailak gainontzeko lau herrien arteko kondominio gisa geratu zen, eta orduan eratu zen, urte bereko azaroaren 16an Lizarrateko tunelean, herrien arteko Partzuergoa.

Hasiera batean lau partzuergo-herri hauetako biztanle guztiek mendien baliabideak libreki ustiatzeko eskubidea zuten, behar zituztenak eskuratuz... baina geroago mendian eragindako egurraren gain-ustiapenak hain zuzen, hainbat mugaketa jartzea ekarri zuen. Honetaz gain, basoberritzeak egin ziren eta mendia zaintzen hasi ziren.

Bestalde ere, seguruenik XV. mendean zehar hain zuzen, Partzuergoaren hegoaldean kokatzen ziren Arabako herriekin akordioak sinatzen hasi ziren (Asparrenako Ermandadea, Zalduondo, Donemiliaga eta Salbaterrako Ermandadea) eta akordio hauen bidez herriok Partzuergoaren lurraldearen zenbait baso, mendi eta sail gozamenerako erabiltzen hasi ziren. Ez dago argi prozesu hau nola burutu zen, ezta indarrean noiz jarri zen, baina honexek Partzuergoa bi zatitan banatzea ekarri zuen, lehena eta nagusia non Gipuzkoako 4 herriek zein Arabako ondoko herriek erabiltzen zuten (Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra); eta txikiago -eta ekialdeago kokaturik- zen beste sektore bat hain zuzen, non soilik Gipuzkoako herriek erabiltzeko eskubidea zuten (Gipuzkoa Partzuergo Txikia).

Arabako Salbaterrako hiribildua Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorrean sarturik izan zen, baina 1916 behin betikoz abandonatu zuen.

Ekonomia

Partzuergo Nagusian burutzen den jarduera ekonomikoa abeltzaintza eta baso-ustiapena dira.

Administrazioa

Entitate administratibo gisa, herriek dituzten potestate eta konpetentziak indarrean jartzen ditu. Mendiez osaturiko lurraldea dugu, zeinaren gainean Gipuzkoako lau herriek (Idiazabal, Segura, Zerain eta Zegamak) eta Arabako biek (Asparrena eta Donemiliagak) kondominio gisa euren jabetza aitortzen duten.

Gastuen eta etekinen banaketa Partzuergoaren ondarea 220 zatitan banatzen den oinarrian egiten da: Segurari 52,75 zatiren parte hartzea dagokio, Idiazabali 49,25, Zegamari 47, Donemiliagari 27,5, Asparrenari 27,5 eta Zeraini 10.

Arabako beste herri batek, Zalduondok hain zuzen, Asparrenarekin batera hartzen du parte hainbat baliabideren erabilpenari dagokionez, baso-ustiapenetik ateratzen diren etekinen partizipaziorik ez badu ere, izan ere, iraganean Zalduondok zuen zatia saldu egin zuen.

Partzuergoaren egoitza soziala Segurako Udaletxean aurkitzen da, eta bertako alkateak Partzuergo Orokorraren presidentetza lanak egiten ditu.

Monumentuak

Partzuergoaren lurraldearen barruan San Adriango Tunela dago. Ia 1.000 metroko garaieran dagoela, uren banalerroa alde batetik bestera pasatzeko bidea erakusten du. XIX. mendearen lehen herenera arte, bertatik igaro zen Frantzia-Gipuzkoa-Gaztela arteko bide nagusia. 57 metro luze den tunelaren barruan, San Adriani eskainitako ermita dugu: egungoa 1894an berreraikia izan zen. Tuneletik igarotzen den galtzada Erdi Aroan erabiltzen zen Done Jakue Bidearen garaikide dela esan daitezke.

Bestalde, San Adriango ermita eta inguruko megalitotegia eta galtzadak interes turistiko eta historiko nabarmenekoak ditugu.

FUENTE: Wikipedia, Gipuzkoa.net http://www4.gipuzkoa.net/corporac/pre/entidadeslocales/consultaMunicipios.asp?nombre=Parzoner%C3%ADa%20General%20de%20Gipuzkoa%20y%20%C3%81lava&ref=1380&cod=213&idioma=c&tipo=16

[-] Itxi