Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Pont d'Espagne (1.459 m.) - Lacs de l´EMBARRAT (2.139 m) - Lac du POURTET (2.420 m) - Lac NČRE (2.309 m) - Wallon aterpea (1.865 m).

Marcadau Haraneko Aintziren Zeharkaldia.
Lac Pourtet
Lac Pourtet
Egin klik handiago ikusteko
(49,436 byte)

PONT D'ESPAGNE (1.459 m).
Gaurko ibilaldia Pont d'Espagneko ORDAINPEKO ESTAZIONALEKUAN hasiko dugu; izen bera daraman arkupetik igarotzean Pirinioetako Parke Nazionalean sartzen ariko gara; ondoren errepidetik metro batzuk egingo ditugu "PUENTE DE ESPAÑA"-ra iristearren beharrezko diren "pasaguneetatik" igarotzeko gonbitea egiten digun informazio-zutoina aurkitu arte; zidor eder hau jarraituko dugu eta minutu batzuen buruan zubi baten gainera iritsiko gara, bidean uharra indarrez jaisten den sakaneko bista ikusgarriez gozatu ondoren.

Zubiaren gainean gaudela, sakanaren gaineko ikuskizunak, baita inguruetan aurkitzen diren ur-jauziek berriz geldiaraziko gaituzte. Ur-jauzietatik erortzen den uraren indarra egundokoa da, bai horixe!

CLOT ATERPERA daraman errepidetik jarraituko dugu, aterpea atzealdetik inguratuko duelarik. "MEILLON MONUMENTU"-ra daraman zidorra eskuinean utziko dugu -ALPHONSE MEILLON-i dedikatua (Cauterets, 30/08/1862 - (+) Paris, 22/02/1933). Mendizale aparta, Édouard Wallonen lankidea izan zen eta Cauteretseko sektore osoa metodikoki aztertu zuen, bertako lehen eta bigarren mailako tontorretara igoz, bertako informazioa eskuratuz eta historia, topografia eta toponimia lantzen zituzten dokumentu andana sortuz, ondoren hainbat mapatan argitaratuak izan zirelarik (besteak beste, Carte du massif du Vignemale et de la région au Sud de Cauterets, 1929; carte de Cauterets et des vallées du Lutour, de Jéret, de Gaube, du Marcadau et du Campbasque, 1932); esan bezala, monumentua albo batera utzi eta larreetan zehar ibilaldi ederra egin ondoren, aterpera iritsiko gara. Une oro, erreka ezkerrean izan dugu eta haren murmurioa bide osoan lagun izango dugu.

Aterpean errepidea amaituko da eta gure zidorra zelaian barrena markatuko da; eskuinean aterpe txiki bat utzi eta galtzeko zalantza izpirik gabe Marcadau haranetik gora jarraituko dugu; batzuetan zelaian barrena, besteetan harrizko zidorretik ibiliko garelarik, baina beti, gainbehera txikia izanik, "PONT DU CAYAN" -1.630 m.- zubira iritsiko gara; honaino gutxi gorabehera ordubeteko bidea eginik izango dugu. Marcadau haranaren izena gaskoina da, frantsesaren zabalera baino lehenagoko jatorrizko hizkuntza bera, eta esan bezala, gaskoieraz Marcadau hitzak "pasabide" esanahia du. Pasabidearen arrazoia mendeetan zehar Pirinioetako ipar (Cauterets) eta hegoaldeko (Panticosa -Tena Harana-) biztanleek transhumantzia- zein artzantza- harremanetarako erabiltzen zituzten berezko igarobidean datza. Aipatzekoa da ere haran honen flora- eta fauna- aniztasuna, izan ere endemikoak diren espezie batzuk bertan bakarrik aurkitu daitezke, esate baterako, Chardon bleu des Pyrénées, Potentille fausse alchémille, Campanula raineri... delakoak, lurzoru azidora egokiturik dauden landare azpi-alpetarrak guztiak hain zuzen. Aukerak ematen badu, sarrioak eta marmotak ikusteko parada izango dugu. Kontuan izan dezagun marmotak 1948an birpopulatu zirela Queyras (Alpe Garaiak) ingurutik ekarritako ale batzuekin, izan ere, jatorrikoz marmotak Pleistozenoaren amaiera aldera (K. a. 11500 urte inguruan) desagertu ziren lur hauetatik.

Senak zubia zeharkatu eta Wallon aterperako bide normala jarraitzea eskatzen badigu, ez diogu kasurik egingo, eta bizkar-zorroak ondo estutu ondoren, ibilbide "amiñi" bat gogorragoa jarraituz, aterpean bertan ere amaituko duen bidea egiteko prest aurkituko gara.

"AINTZIREN ZEHARKALDIA" izeneko zidorra jarraituko dugu; basoan barrena egindako sigi-saga batzuk mendebalderantz fite garaiera har dezagun ahalbidetuko digute; zidorra oso ondo markaturik dago, hala ere ez da erosoa izango bertan oin bat bestearen ondoren pausatzean.

1.980 metroko garaietan, zidorrak eskuinetik inguratuko duen LARRE txiki batera iritsiko gara, H-rantz biratuko gara GANDOR txiki bat (2.081 m) zeharkatzearren, eta berriz M-rantz bira eginez, garaierarik irabazi zein galdu gabe "GRAND LAC D'EMBARRAT" -2.078 m.- aintziraraino iritsiko gara.

Horizontea agertzen ez bada ere, uhartxoak marrazten duen ibar txikia osoa ederra da.

Zidorrak uharraren ezker ibarretik jarraituko du eta azkenik EMBARRATeko BIGARREN AINTZIRAra iritsiko gara, 2.139 metroko garaieran hain zuzen; aldapa gogortuko da eta zidorrak sigi-saga jarraituko du: maldaren puntan, 2.220 m-ko garaieran zidorren gurutzea aurkituko dugu; eskuinerantz ILHEOUko ATERPErako bidea ikusiko dugu; guk ordea ezkerreko bidea jarraituko dugu, 2.307 metroko garaietan aurkitzen diren aintziren ondoan uharrera berriro iristearren.

Azkeneko malda batek "LAC DU POURTET" aintzirara, 2.420 m., eramango gaitu, gaur egingo dugun ibilbidearen punturik garaiena da hain zuzen; "Pont de Cayan"-etik bi orduz 800 bat metro igo ditugu honaino iristeko. Hala ere, merezi izan du egiteak, horretan zalantzarik ez.

Zidorrak aintziraren gainetik H-rantz egingo du bira eta Nère Aintziraraino jarraituko du, behean eskuinean ikusiko dugun aintzira da hain zuzen.

2.309 metroko garaietan kokaturiko NÈRE AINTZIRAREN KUBETAra iritsiko gara, eta haren ezkerreko ibarretik inguratuko dugu; aintziraren hustubidea zeharkatuz eskuineko ibarrera igaroko gara, bost minuturen buruan, berriz ere, zidorra ezkerreko ibarrera pasatuko delarik. Haren uren ilun eta sakonengatik lakuak Nère (beltz) izena jaso zuen.

Malda gogortuko da eta sigi-sagak biderkatuko dira jaitsieran; 2.053 metroko garaietan, ZELAI batera iritsiko gara, baita bertan aurkitzen den BIDEGURUTZE batera ere; aurrez aurre ondo marrazturiko zidor bat ikusiko dugu, bertan zedarririk ikusten ez badugu ere. Ezkerrean ordea, ia zidorrik ez badago ere, zedarriak bai, neguan elur geruza neurtzeko erabiltzen diren marraz margoturiko metalezko zutoin bateranzko norabidea daramatenak hain zuzen: hauxe izango da jarraituko dugu bidea; zidorra berriz markatuko da eta bidegurutze batean CAMBALÉSeko LEPOra daraman zidorrera iritsiko gara.

HE-rantz jaisten jarraituko dugu, basoan sartu eta zelaira berriz irtetean, ERMITA DE LAS NIEVES delakoarekin egingo dugu topo, eta metro batzuk haratago WALLON ATERPEarekin, 1.865eko garaieran kokaturikoa hain zuzen: Lac de Pourtetetik ordu t'erdiz ibili gara honaino iristeko. Ia ehun urte duen aterpe hau Pirinioetako paraje ederrenetariko batean kokaturik dago, "PLA DE LA GOLE" delakoan hain zuzen. Amiñi bat zelaiaren gainetik, eta uhar bikain bat haren azpian igaro delarik, eguraldia lagun bada bertako ur freskoek oinak gutxienez freskatu ditzagun gonbitea egingo digute; aterpetik ere VIGNEMALE MAZIZOko mendiak, beste tontor askoren artean, baita igandeko GRAN FACHA mendia ikuskatzeko parada izango dugu.

Aterpe honen eraikuntzak ere badu bere historia. Marcadauko aterpea TOURING CLUB DE FRANCE taldeak eraiki zuen, lurren jabea zen Saint-Savin haraneko sindikatuarekin alokairuaren kostua adostu ondoren. Jatorrizko aterpea, ezkerrean kokatzen den eraikin txikiaren eskuinean oraindik zutik dirauena, 1910ean eraiki zuten (lehen harria abuztuan eta azkena urrian jarri zuten), garai hartan ezaguna zen LOUIS FALISSE (1858-1916) piriniozale belgikar sutsuaren planoak erabiliz. Lanbidez biolontxelo-jole zelarik, Falisse jauna XX. mende aldera Pirinioetako eskiaren aitzindarietako bat dela esan dezakegu. Louis Falissek ere aldi berean Lutourreko haranean, Ardiden mendirako igoera-bidean bigarren aterpe bat burutzeko T.C.F.-ren enkargua jaso zuen. Bi aterpeak plano bera erabiliz egin ziren, eta aldi berean, uda hartako 3 hilabetetan eraiki ziren, erabateko ekintza gogoangarria dela izan ere, aterpe batetik bestera egunbeteko oinezko jarduna dago.

Aterpe honek PAUL ÉDOUARD WALLON (Montaban, 1821, (+) 1895) abokatuaren izena darama; lanbidea abokatuarena izan bazuen ere pirineista bikaina izan zen, mendikatearen hainbat eta hainbat tontorretan ezagutzen den lehen igoera eta azterketak egin zituelarik -berez, berari egozten zaio gure HIRU ERREGE MAHAIra (2.434 m) tontorrera egindako lehen igoera. 1876an Pico de los Infiernos (3.081 m) tontorrera iparreko glaziarretik igo zen, PEÑA TELERA (1877an, 2.744 m), PUNTA BURGUESA (1878an, 2.770 m) eta FRONDELLA (1879an, 3.081 m). Pirinioetan pioletak erabiltzen hasi ziren garaien aurreko alpinista izan zen, eta burdinazko aizkora bat itsatsirik zuen burdinazko bastoi baten laguntzarekin ibiltzen zen mendian, zeinarekin izotzean eskailera-koskak tailatzen zituen aurrera jarraitzearren; halaber, errebolber batekin joaten zen hartzen, otsoen eta lapurren kontra bere burua babesteko asmoz.

Esteban eta Karlos lagunekin, aterpe honetara orain dela 31 urte egin nuen nire lehen bisita gogoan dut: paraje hauetara Ordesa, Gavarnie. Ossue, Gaube, Ara eta Aratilleko haranak zeharkatu ondoren etorriak ginen... gure lehen zeharkaldi handia Pirinioetan hain zuzen, oinez tentuz zeharkatzen genituen iris-lorez estalitako zelaiak, baina ezinezkoa zen hauek ez zapaltzea; gogoan ditut ere bertan ikusitako milaka saltaperikoak ere... paraje hauen bakardadeaz oroitzen naiz, euren edertasun bukolikoaz... Eden lore-baratzean geunden.

Berriz ere, hitzik gabe geratu naiz... goazen denok gozatzera!

JAVIER

Informazio gehiago esteka hauetan:


[-] Itxi