Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea 18+ urtez ibilaldiak euskaraz dokumentatuz
laguntzailea Alex Kirolak
 
eu | es   
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



CESARE BORGIAren lehen mausoleoko epitafioa.

"Aquí yace en poca tierra
El que toda le temía,
El que la paz y la guerra
En su mano la tenía".

(Itzul.) Hemen datza lur apur baten gainean, lur osoak beldur zuena, bakea eta gerra, eskuan zituena.

Viana (438 m) - Cuevasko Amabirjinaren Ermita - Las Cañas aintzira - Oion - Viana

Errioxa eskualdeko arabar eta nafar lurretan ibiliz.
Bordon hegaztien begiratokia
Bordon hegaztien begiratokia
—© Vianako Udala—

Gaurkoan bere zentzu zabalenean, ERRIOXAn egingo dugu ibilaldia. Errioxan, izan ere, tradizionalki Errioxa entitatearen benetako jatorria geografikoa da, ez politiko edo administratiboa, azken hogeita hamar urteotan halaxe zabaldu bada ere.

Berezko eskualde geografiko hau hiru elkarte desberdinetan banaturik dago, EUSKAL AUTONOMI ERKIDEGOA, NAFARROAKO FORU ERKIDEGOA eta ERRIOXA (era batez edo bestez, eskualde geografikoaren izena bere egin duena), eta 1978ko Espainiar Konstituzioaren aurretik hiru erregio desberdinetan banatzen zen. Garai bat ean Errioxa (Ebro ibaiaren arroa eta haren eraginpean aurkitzen diren lurrak) eta mendialdea (Cameros zaharra, Cameros berria...) desberdintzen zireneko testigantza Valvanerako Ama Birjinaren Santutegiaren fatxadan aurki daitekeen idazkia dago, bertan azaltzen baita Valvanerako Ama Birjina Errioxa (Ebro ibaiaren arroa) eta Cameros (mendialdeari dagokion) lurraldeko zaindaria dela. Tradizionalki ere, Arabako hegoaldeko lurrek Errioxa izendapena jasotzen zuten. Ardoari dagozkien izendapenek eta politikoki zein administratiboki egindako erabilerak, termino honen benetako esanahia ezkutatu dute.

Errioxan kokaturik, Vianako (Nafarroa) udal-barruti komunalean kokaturiko LAS CAÑAS edo SALOBRE aintzira ezagutuko dugu. Guardiako (Araba) aintzira geologikoen kasuan bezalaxe, urtegi xume honek ere jatorri endorreikoa du. Las Cañas aintzira OION, VIANA eta LOGROÑO herrien artean dago, eta 1987an erreserba izendatu zuen Nafarroako Gobernuak. Orain dela hamarkada batzuk ur lamina handiagotu zuten, ureztatze sistema eskualdean egokitzeko eta Las Cañas kubeta geologikoa handitzeko. Hegaztientzat obra oztopo izan gabe, pausaleku eta bizileku bilakatu zen. GR-99 Ebro bidea lagun, Oion, Logroño eta Vianako bazterrak lotzen dituen ibilbide ederra osatu dugu.

Egun Ebro sakonunea deritzon eskualdea, Mesozoiko osoan eta Tertziarioaren hasieran sakonera handiko itsaso baten azpian zegoen arro sedimentario zabala zen. Pirinioetako eta Kataluniako itsasertzeko mendilerroak altxatzean, aupatutako itsasoa itxita geratu zen eta sedimentazio kontinentaleko erregimena zuen aintzira handia bilakatu zen.

Horren ertzetan metaketa detritiko lodiak pilatzen ziren bitartean, erdialdean ebaporiten (antzina leku lehorretan kokatutako itsaso edo aintziren uraren lurrunketak eragindako hondarrez sortutako harri sedimentario mota batzuk) geruzak eratzen joan ziren, ingurune sedimentario gazien ezaugarriak nagusi ziren-eta. Miozenoan, Ebro ibaiak Kataluniako itsasertzeko mendilerroa zulatu zuenean, aintzira handi hori hustu egin zen, eta drainatze naturalik gabeko sakonuneetan aintzira eta urmael endorreiko txikiak geratu ziren.

Hauxe da Ebro sakonunean dauden hainbat hezegune endorreikoren jatorri geologikoa. Sakonera txikiko ur gazikarako urmael biribil edo eliptikoak izaten ohi dira, eta euren ondoa, hareharri, buztin eta lohi iragaitzez osaturik dago.

Egun Euskal Herrian gorde diren urmael endorreikoen egoera nahiko kezkagarria dela esan daiteke, gizakiak bertan egindako ustiapena dela medio. Badira denboran ez oso urruti desagertutako urmael endorreikoak: Ablitas (Nafarroa) herritik hurbil zegoen VALPERTUNA urmaela, zein Guardia herriko lurretan zegoen EL MUSCO urmaela adibide dira. Industria-guneetatik hurbil izateak ere ekosistema hauen biziraupena baldintzapean jar dezake: gaur bisitatuko dugun Las Cañas urmaela, adibidez, LOGROÑOko udal barrutiaren barruan kokatzen den industrialde batetik 250 metrotara dago. Beste kasuetan gertatu bezala, sakonera txikiko urmaelak udan agortu ezinak bilaka zitezen helburuarekin, presa baten eraikuntzarekin handitu dira. Handitze honek naturalizazio prozesu interesgarri bat ekarri du bertara, eta hezeguneok oraingoan hainbat hegazti garrantzitsuren bizileku bilakatu dira urte osoan zehar. Adibide honetako urmael esanguratsuenak PITILLASko zen Viana herriko LAS CAÑAS urmaelak ditugu, biak INGURUMENEKO ERRESERBA NATURAL izendatuak, baita munduko hezegune garrantzitsuenak biltzen dituen RAMSAR hitzarmeneko zerrendan sartuak ere.

Urmaelak 99,6 hektareako azalera du eta honen uren gehienezko sakonera bospasei metrotara irits daiteke. Errekasto- eta erreten-sare baten bitartez idoiak 6.602 hektareatan hedatzen den arro zabaletik jasotzen ditu isurketa-urak,guztira bertan metatutako ura 2 hektometro kubikora irits daitekeelarik.

VIANA (438 m).
Hasiera Vianako JAIME GARCIA HAUR ESKOLA eta INSTITUTUA kokatzen diren tokitik egingo dugu. Eskola gunera jaitsita, Las Cañas urtegira bideari helduko diogu segidan. Hala, Haur Eskolako pareta ondotik igarota, GR zidorraren eta DONE JAKUE BIDEAren ohiko seinaleei jarraituko gatzaizkie. Ortuen artetik igarota, Moredako errepidea zeharkatuko dugu ondoren. N-111 errepide nagusiaren ondoan jarrita dagoen ARGIBIDE TAULAraino lagunduko digu zidorrak. Las Cañas-Ebro ibaiaren ibilbideari buruzko informazioa jaso daiteke bertan. Errepidearen paraleloan segituko dugu pitin batean, eta EL CAUCE etxolara iristean, ezkerretik segituko dugu propio egindako TUNEL batetik errepide nagusia zeharkatzeko. Igaro bezain pronto, CUEVASko AMA BIRJINAREN BASELIZAra eta ATSEDENLEKUra doan errepidea hartuko dugu. Bidebanatze batera iritsitakoan, eskuinetik segitzen duen bideari ekin eta ermitara iritsiko gara.

Donejakue bide erdi-erdian eta Errioxako mugatik oso hurbil dagoelarik, erromatarren aurreko “Covas” herrixka baten eliz zaharra izan zen: geroago 1219an Viana herriari batu zitzaion. Ermitaren izena dagoeneko 1140an Aymeric Picaud-ek idatzitako Donejakue bideari buruz egindako lehen gidan agertzen da, berau Logroñora iritsi aurreko azken etapa zen-eta. Haren eliza eta kofradia XIV. mendetik aurrera dokumentaturik daude. Egun ezagutzen den ermitak, estilo markaturik gabeko eraikina du. XVIII. mendean berreraiki zuten eta kofradiarentzako batzar-gela eta ermitauarentzako bizilekua eraiki zuten.

Asfaltoa utzita baseliza inguruan, landabidetik aurrera egingo dugu etxalde bateraino. Etxaldearen ezkerraldetik igaro eta aurreragoko bidean eskuinera hartuta, GR-99 EBRO BIDEArekin bat egingo dugu. Bordon Behatokia begi bistan dugun arren, hara zuzen-zuzen jo ordez, Ebro bidearen ezkerraldetik joango gara hezegunea erabat inguratu ahal izateko. LONGAR errekastoaren (nafar-aragoiar erromantzeko <longar> hitzan jatorria duen ‘sail luzea’ esanahiarekin) eta PEREZUELAS (gaztelaniazko ‘piedrecillas’ –harrixkak– esanahiarekin –errekak I- eta IV. mendeen artean inguruetan izan zen bizileku baten izena hartzen du) errekastoaren inguruetan ibiliko gara. Errekok txikiak badira ere, zenbait zatitan Mediterraneo aldeko ibaiertzeko baso garatuak eta interesgarriak gorde dituzte eta baso horietan agertu ohi diren lizar hosto txikiak (Fraxinus angustifolia), zurzuriak (Populus alba), makalak (Populus nigra)... ezagutzeko aukera makala eskaintzen digute. MENDABIA herrirantz abiatzen den zidorrari jarraituta, urtegiko bira egiten hasiko gara.

Urtegiko uren sarbidearen gainetik igaro bezain pronto, GR-99 zidorra bazter utzi eta ur laminaren ondotik doan bidexkari helduko diogu. Urmaelaren ertzetan garatzen diren lezkadietatik hurbil ibiltzeko aukera izango dugu. Bertatik igarotzean ez da zaila izaten ingurune horietan bizi ohi diren hegazti eta txorien kantak eta soinuak entzutea, baina horretarako isil-isilik eta arreta handiz joan beharko dugu. Inguru honetan, Logroñotik oso hurbil dagoen CANTABRIA MUINOko ARKEOLOGIA AZTARNATEGIraino hurbiltzerik dago... pistari jarraitu Cantabriako industrialdera iritsitakoan, aurreko mendixkara igoz. Baina hau, beste baterako utziko dugu. Gure ibilbidetik kanpo baitago aztarnategi hau.

PRESA gain-gainetik igaroko gara gero, eta goazen bitartean sakonera handieneko urak izango ditugu ikusgai. Ikus dezakegunez, Las Cañas aintzira bi dikez osatuta dago, batek hezegunea bitan banatu eta urtegi zaharra mugatzen du; bigarrenak ordea kanpoaldetik urtegi berriaren mugak markatzen ditu.

ADI! Puntu honetan erraza izaten da hegazti igerilari eta murgilariak ikustea. Errioxako mugatik oso hurbil ibiliko gara inguru honetan. Bide honetan naro dira zumarrak, baina zoritxarrez ale gehienek espezie hori gurean eta penintsula iberiarrean ia desagerrarazi duten onddo patogenoa (grafiosis) dute, eta ale batzuk nahiko egoera tamalgarrian daude.

Logroñoko errepide nagusia parez pare dugula, talaia baten gainean, hezegunearen I-ean BORDON HEGAZTIEN BEHATOKIA ikusiko dugu. Eskuineranzko bidegurutzearen ondoan, urmaela dagoen lekura begiratzen badugu, ur ertzean milazkadi trinkoa aurkituko dugu. Bertan, eta urmaelak eskaintzen duen garrantzia ornitologiko gisa, Euskal Herriko amiltxori arruntaren kolonia habiagilerik garrantzitsuenetakoa dago (1994. urtean 470 bikotek habia jarri zuten, kolonia hau foru erkidegoko komunitateko koloniarik garrantzitsuena dugu, eta penintsula iberiarreko Amiltxori arrunteko kolonia garrantzitsuenetako bat ere bada), eta udaberrian edo udan hurbilduz gero, ez da zaila izaten ale gazteak eta helduren bat zuhaitzen enborretan ikustea.

Bordon behatokirantz hurbilduko gara. 1996. urtetik aurrera behatokia dago eta azalpenez beteriko materialaz gain, hegaztiak ikus ahal izateko tresneria optikoa −prismatikoak, teleskopioak− ditu eskura bisitatzen duen ororentzako. Behatokiak, bertako hegaztien jarraipen eta ikerketa helburu ditu eta Nafarroako Babesguneen Sareari buruzko informazioa emateaz gain, bertako landaretza nagusiari (milazkadia, ihitza eta lezkadia), neguko hegaztiei (murgilari arrunta, hegabera, ahate mokozabala, ubarroi handia, basahatea, kopetazuri arrunta, etc.), hegazti habiagileei (ahate gorrizta, uroiloa, murgila, amiltxori txikia, amiltxoria, lertxuntxoa, lertxun hauskara...) buruzko informazio zabala ematen du. Hezegunea inguratzea (4 Km guztira) gomendatzen da, bertako hegazti guztiak ikuskatu ahal izateko, baina hau hona gatozen beste baterako utziko dugu.

GR-99 eta Done Jakue bidea utzitako bidegurutzera itzuliko gara berriz, eta Oionerantz jarraituko dugu. N-111 errepidea zeharkatu, eta PAPER FABRIKAren eskuinaldetik igaro ondoren, atzealdetik doan GR-99 bidea hartuko dugu. Iparrera egingo du bideak laster. Bidebanatze batean, ezkerretik egingo dugu metalezko heldulekuak dituen zubi baten gainetik igarotzeko. Mendebaldera joko dugu han, maldan gora. Aldatsa amaitzean, Oiongo eliz dorrea bistan dela, ezkerrera egingo dugu pitin batean. Logroño aldera metro batzuk egin ostean, eskuinera hartu eta EL POYAL BIDEAri men eginez, Oionera iritsiko gara.

OION (Araba) herriko elizaren ondoko plaza nagusira iritsiko gara. Kale nagusitik jarraituta, MOREDAranzko errepidean aurrera egingo dugu. Olibondoak bidaide, hilerri paretik igaro eta, asfaltoari atxikita, aurreragoko BIHURGUNEraino jarraituko dugu. Hara iristean, errepidetik irten eta, norabideari men eginez, GASBIDEari lotuko gatzaizkio. Mahastiak eta galsoroak gogaide LEPO xume batera helduko gara. Viana herri harresitua urrutitik ikusteko talaia ederrean gaude. Hiribildua helburutzat hartuta, harantz joko dugu zuzen-zuzen. PEREZUELAS errekasto ondora iristean, Las Cañas urtegira joateko beste aukera bat erakutsiko digu zutoin batek. Bide nagusitik jarraituko dugu, azkenik Vianako herri gunera iristeko.

VIANA (berriz).
Vianako HAUR ESKOLA eta INSTITUTUra iritsitakoan, Done Jakue bidearekin bat egingo dugu. Bide seinale horiak lagun, EL RANCHO kalean gora egingo dugu inguratzen duten harresietaraino. Hormatz arra ezkerraldetik inguratuta, gune historikoan sartuko gara. CESAR BORGIA hemen hil zen, FRANCISCO NAVARRO VILLOSLADA edo PABLO ANTOÑANA hemen sortu ziren. Hiribilduko ondare eta bazterrak ongi arakatzeko aukera dugu orain. Aprobetxa dezagun, merezi du-eta.



INFORMAZIO-ITURRIAK:

  • BERRIA EGUNKARIA. Las Cañas hiru mugako ibilbidea (Josean Gil-García). 2008-05-09 (nagusiki testuaren deskribapena).
  • EUSKAL HERRIKO HEZEGUNEAK. Mikel Estonba. Elhuyar.
  • DICCIONARIO ETIMOLÓGICO DE LOS MONTES Y RÍOS DE NAVARRA. Mikel Belasko. Pamiela 2000.
  • SOCIEDAD DE CIENCIAS NATURALES GOROSTI. http://www.gorosti.org/wetviana.htm

INFORMAZIO GEHIAGO: http://delicious.com/otamotz/viana


[-] Itxi 
Eranskina (1)

2009ko otsailak 1

Vianako lurraldeko, eta bereziki "Las Cañas" urmaeleko natur- aberastasun eta dibertsitatea

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (2)

2009ko otsailak 5

Cesare Borgia - Nafarroako kondestablea

Irakurri gehiago [+]