JAIZKIBEL..."Hareharria inoiz izan den harririk dibertigarriena eta arraroki modelatuena da. Zuhaitzen artean zumarra dena da harrien artean. Itxura guztiak hartzen ditu-eta, ez dago burutzen ez duen apetarik, ezta ere betetzen ez duen desirarik; aurpegi guztiak, keinu guztiak erakusten ditu. Arima anitz batez alaiturik dagoela ematen du."
"Paisaiaren drama handian, hareharriak apetaz beteriko zeregina betetzen du; batzuetan handia eta zorrotza, beste batzuetan xelebrea; borrokalari baten moduan da makurtzen, pailazo baten moduan kikiltzen; belakia da, budina, kanpin-denda, borda, zuhaitz-enborra (...); barre dagiten aurpegiak ditu, begira ari diren begiak, antza kosk egin eta garoa bazkatzen duten barailak; bat-batean lurretik irteten den erraldoi baten ahurra bailitzan, heltzen ditu sasiak."
VICTOR HUGO, Jaizkibeli buruzko idazkiak, 1843.
Ezaugarri geologikoarengatik, eta bertan kokatzen den fauna eta landaretzarengatik, geologikoki deitutako “Jaizkibelgo formazioa” Kantauri Itsasertzeko zonalde paregabe eta berezienetako bat dela esan dezakegu. "Jaizkibelgo Formazioa"-k soilik HONDARRIBIA eta DONOSTIA arteko itsasertzeko mendi-zerrenda hartzen du barnean. Inguruak dituen berezitasun geomorfologikoak hobeto ulertzearren, Zenozoikora atzera behar dugu jo, hau da, orain dela 50 milioi urte Orogenia Alpinoa (Pirinioetako tolestadura) gertatu zen garaira. Orogenia honek itsasalderantz eragindako bultzadak, Bidasoa Behearen egungo arroari dagokion inguruan orduan ziren material sedimentarioen azaleratzea ekarri zuen, era honetan Jaizkibelgo itsasaldeko kordala sortuz. Jaizkibelgo formazioa osatzen duten arroken jatorri sedimentarioak gainera, inguruari berezitasun morfologiko bat eskaintzen dio: hareharriak. Erosio-prozesu luze eta konplexuaren ondorioz eragindako arroka hauen modelazioak, so egitea merezi duten formazioak sortu ditu. Bestalde, zonaldeko landaretza eta fauna oso interesgarriak dira ingurukoak. Itsaslabarretan bizi diren landareek eboluzio prozesuan zehar, kokalekuak eskainitako haizearen, gazitasunaren, maldaren eta lurreko substratu eskasaren baldintza zailetara egokitu dira. Baldintza latz hauek dira hain zuzen, eboluzio prozesua markatu dutenak. Itsas mihilua (Crithmum maritimun), edo itsaslabarretako goialdean hazi den —gainera soilik Gipuzkoako kostaldean hazi— Armeria euscadiensis ederra bezalako landareek kostaldea edertzen dute. Era berean Jaizkibel osatzen dituzten migrazio-ibilbideetan itsaso-hegaztientzako kokapen estrategikoa da, bertan harkaitz-zozoak, ubarroiak, zangak, lanperna-musuak edo-eta martinak bezalako hegaztiak inguruko senaietan “ostatua” hartuz pausatzen dira-eta. Halere itsaslabarren artean ere badira kolonia finkoak, Kantauri itsasbazterreko Antxeta hankahoriaren eta Kaio ilunaren kolonia handienetariko bat sortuz. Jaizkibelgo itsasertzeko senaietara joateko irisgarritasunezak aldi berean, euskal itsasertzeko zonaldeen artean hoberen kontserbaturiko ekosistemetako bat izan dadin eragina izan du; eta horrexegatik da, inguruak Itsas Erreserba izendapena jaso izana. Krustazeo, bibalbio, arrain, ekinoideo, asteroideo, alga eta zefalopodoren… espezie ugari bizi da bertan. Gainera, babes zein elikagairen bila, beste espezie batzuen artean, izurde arruntaren zein izurde handiaren aldizkako bisita izaten du itsaser honek. Bere ekosistema nabarmenetako bat ameztiarena da, Jaizkibelgo baldintza mikroklimatikoei esker garatu den baso termofiloa, eta esfagnoetako (goroldio mota bat) zohikaztegi azidoak, Europa hegoaldeen kokaturiko populazioetako bat hain zuzen.
Jaizkibel, euskal itsasertzeko toki pribilegiatua da, eta osatzen dituen hegi eta itsaslabarretatik, eskaintzen dituen paisaia zoragarriez gozatuz, paseatzeak benetan merezi du, hori bai, beti ingurugiroa errespetatuz. Gaurkoan, hauxe paisaia paregabe eta berezi batez gozatzeko proposamena. Club Vasco de Camping taldeak egindako lanari esker, bide zaharrak errekuperatutako bideetan ibiltzea. Bide hauetan zehar, gaurkoan eskultura originalak, senaiak eta hondartza ezkutuak, eta Superportuaren eraikitzeko planak direla-eta, arriskuan daitekeen paisaia aldakorretik ibiliko gara.
PASAI DONIBANE.
Autobusak PASAI DONIBANEtik Jaizkibelera doan 5,5 Kilometroan utziko gaitu; egun abandonatutako armadaren tiro-eremurako sarrera baita hau. Inguruan dagoen ordekatik abiatuta, IE-ko norabidean mendiaren hegaletatik doan pista hartuko dugu. Iturri baten ondotik igaroko gara. Pistak I-rantz biratuko da eta ia nabari ez diren LETE BASERRIaren hondakinen ondotik igaroko gara. Hemen bideak itsasaldera jaitsiera gogorrean beherantz egingo du, AZABARATZAko SENAIAra hain zuzen. Azken bihurgunean, pista utzi eta itsasbazterretik jarraituko dugu. Ibilbidearen zati handi batean gidatuko gaituzten marka urdin batzuk aurkituko ditugu aurrerantzean.
Algak biltzen zituzten langileen txabola zaharrak ikusiko ditugu, eta marearteko zabalgunetik ibiliz errekasto baten bokaleraino iritsiko gara: bertan egoera onean gorde den txabola bat dago. Hemendik aurrera, itsasoarekin paraleloan ibiliz, AKERREGIko HORZKADA ikaragarria bisitatzera joango gara; horzkada bera gainditzea konplikatua denez, txabolaraino itzuli eta aldapa gogor batetik horzkadaren bururaino igoko gara, berriz itsasmailara jaitsi eta sorpresaz beteriko beste marearteko zabalgune polit batetik jarraitzearren... Horrela, PUTREKABIAko ITSASLABARReraino iritsiko gara; marka urdinak jarraituz—tentuz—LABETXU EDO GAZTARROTZ izeneko BAILARAra, itsasbazterreko paradisu ezkutu honetara, jaisteko bidea aurkituko dugu. Zalantzarik ez dago inguruak zergatik "koloreen bailara" izena jaso duen. Maskor faltsurantz garamatzan bidetik ibiliz, sortaldeko horma gaindituko dugu eta ondoren "labirintu"-tik igaroz formazio bitxiak, leizeak, aldareak, bloke bereziak,... ikusteko aukera izango dugu. Xendrak itsasbazterra inguratzen jarraituko du TERRUIA LURMUTURRera iritsi arte, eta bertatik "Maskorra", "Leizea" eta baso txiki eta gogorarazle bat begitanduz txundituta geratuko gara.
Hemendik aurrera bideak hegian zeharka jarraituko du. Laster marka urdinak desagertuko dira. Itsasmailara jaistea saihestuz, garaiera handirik galdu gabe jarraituko dugu ARKARTEko ITSASLABAR ikaragarriak daramagun bidea moztu arte. Hauxe gutxien zehaztutako ingurua da eta horren ondorioz inguru honetan denok batera ibiltzea komenigarri izango da. Amildegiaren ondotik igoko gara alanbre-hesi batek itxitako pasabide batera iritsi arte: pasatzeko aukera ematen duen arren arriskutsua da eta horregatik, honen eskuinetik gorantz jarraituko dugu alanbre-hesi batean ere, gezi hori batek markaturiko bigarren pasabide bat aurkitu arte. Zidor horretan sartuko gara, sakana erlaitz polit batetik inguratuz, eta gezi horiak jarraituz, jaitsiera aereo baina errazean, ERENTZINgo ERREKASTOA itsasoratzen den sakanaren hondoraino jaitsiko gara.
Errekastoa zeharkatu eta itsasoaren norabidean, bi txabola nabariren ondoan igaro den pista batetik ibiliko gara; ondoren, pistaren lehen bihurgune itxian, pista abandonatu eta ezkerrerantz bira eginez, ERINTZINZABALAra, “fosilen hondartza” deitutakora jaitsiko gara. Mareak ahalbidetzen badigu hondartzaren amaieraraino jarraituko genuke, eta ondoren sarrera itsasorantz begira duen leize baten gainetik jarraitu; marea gora bada, lasterbideren batetik laburtu beharko genuke… Amaitu da bide neketsua!! Itsasbazterra inguratuz, goxoki eramango gaituen xendra batera iritsiko gara, eta beretik ibiliz senaia ederrez hornituriko sakonune txikiak zeharkatzeko aukera emango digu. Zeharkatuko dugun lehendabiziko ibarrean, bide ondoan ura hartu ahal izango dugu. Aurrerago, BIOSNAR LURMUTURReko branka zorrotza ikusiko dugu, berau antzinako balea-talaia edo behatokia hain zuzen. Hemendik aurrera gainera, urrutian HIGER LURMUTURreko ITSASARGIA ikusten hasi daiteke.
Goranzko eta beheranzko aldapatxorekin horniturik, itsasbazterreko erlaitz berdeetatik igaroz garamatzan bide atseginak, ARTZUKO PORTUko badiaraino zuzenduko gaitu. Errekastotik abiatuta, xendratik gora abiatuko gara eta bigarren bihurgunean eskuinerantz doan pista bat ikusiko dugu. Honaino ekarri gaituen bidea abandonatuko eta pistatik jarraituko dugu honen amaierarekin topatu arte (ibilbide zati hau xendratik eginez laburtu daiteke, errekastoa jarraituz eta ondoren, ezkerraldetik kanaberadi polit batean sartuz; ondoren errotaren hormaraino iritsiko gara eta harrizko eskailera batzuetatik berau gainditu ondoren, pistarekin berriz egingo dugu topo; eskuinaldean topatuko dugu helburu dugun kaxeta). Alanbrez hesitutako esparruko atearen ondotik gorantz gogor igo den xendra estu bat ikusiko dugu. Beretik igo ostean, zabaldu eta samurtuko da eta pinu eta gaztainondo gazteen artean, kordal txiki batetik igaroz GUADALUPEko ERMITA eta FORTEraino iritsiko gara: bertan izango dugu zain gure autobusa. Aisialdirako gunea eta taberna pare bat inguruetan.
2007ko apirilak 10
Pasai Donibane - Jaizkibel - Guadalupe - Hondarribia Zeharkaldia.
Aro edo eguraldi txarra egiten badu, itsasbazterretik bete beharko genukeen bidea arriskutsua bilakatzen da. Horren ondorioz, bigarren ibilbide bat prestatu dugu.
PASAIA sarreratik abiatuko gara (trafikoa moztua) eta herriaren erdialdera zuzenduko gara. Portuaren bokaletik herriaren amaieraraino jarraituko dugu. GR-121eko (Gipuzkoako Birako) markak ez ditugu jarraituko —bide ezerosoetatik eramango gintuzkete-eta— eta ondorengo bihurgunean (KALABURTZA ERREKAren ondoan) Pasaiatik Jaizkibelera doan errepidera hurbilduko gaituen pista bat hartuko dugu; hemen GR markak topatuko ditugu ...