Kantauriko Mendia, segur aski, Euskal Herriko Mendirik originalenetarikoa eta homogenoenetarikoa dugu. Harresi erraldoia da, bere bi isuraldeetan harritzarrak goitik behera begira dituena, Trebiñoko Konderriaren hegoaldean dagoen Errioxa Arabarra eta iparraldean dagoen Santa Kurutze Kanpezuko bailara bereiziz.
Arraroa da halako gailurreria luzeak hain erosio bortitza izatea bi isuraldeetan; honek, horrela, gailurreriari erdi eta behe mendian gutxitan ikusten den zailtasuna ematen dio.
Palomareseko bide osoa, Toroko lepotik Recillako atakara esperientzia maila ona eskatzen dio mendizaleari, 2. eta 3. mailako pasabideak gainditu beharko ditu eta.
Santa Kurutze Kanpezu eta Bernedotik igaroz, Kantauriko Mendiaren ipar magalean dagoen Lagran herrira iritsiko gara.
LAGRAN (756 m).
CASTILLOra (1.432 m) H-rantz abiatzen den lurrezko pista batetik abiatuko gara, eta lehenengo bidegurutzean eskuinera joko dugu, garitza bat inguratuz eta ekilorez beteriko soroa atzean utziz. Recillako lepora abiatzen den bidearekin bat egingo dugu. Bidegurutze batera iristerakoan, eskuinera eta beherantz doan bidea hartuko dugu, ur fresko-freskoa ematen duen LATXITURRI iturrira iritsi arte. Aspaldian euskara galdu zuten herritarrek gordetako euskal leku-izena.
Marka zuriek pagadian zehar jarraitu behar dugun bidea adierazten digute; bide zaharretik jarraituz gero, Pipaonera doan bidezidor zaharrarekin topo egingo genuke. Pagaditik irteterakoan, beste bide bat aurkitzen dugu. Zeharkatu eta bertan hastendira marka zuri-horiak, sasiz eta ezpelez inguratutako bidezidorretik gora eramaten gaituztenak (HE norabidea).
Inguruan bihurgune asko egin ostean, Palomareseko paretetara garamatzate. Bi gezi zuri ikusten ditugu, eta ezkerrera doana hartzen dugu. Marka zuri-horiak jarraituz lepo txiki batera iritsiko gara. Trepadatxo bat (1. mailakoa) eta PALOMARESeko puntan gaude (1.446 m).
Mendiaren hormak ordokirantz zuzen zuzenean jaisten dira, Biasteri herria agerian agertzen den ordeka. Postontziak mendi bota baten itxura du. Urrutian, Burgos inguruko mugan, San Lorenzo mendia ikus daiteke.
Trepadatxoa atzera egin eta marka zuri-horiak ikusi genitueneko puntura goaz, berriz Latxiturri iturriaren gaineko pistaraino iristeko. Zenbait zuhaitzetan, marka gorriak ere ikusiko ditugu. Bide horretatik segi (ezk.) HHM-rantz, ezkerrera joateko agintzen digun gezi gorri bat aurkitu arte. Bide hestu honek Recillako leporaino garamatza, haritzez eta sasiz inguraturikoaldapa igoaz. Lepoan gaude, ezkerrean RECILLA (1.381 m) dugu, eta eskuinean biribildutako CERVERA kaskoa (1.384 m).
Behean, Biasteri ikus daiteke eta harantz jaitsiko gara pista-bide bat erabiliz. Bertan laburbide batzuk ere erabil daitezke. Biasteriko zezenketetarako zezen hazienda ere hemen aurkitzen da. Trikuharri batzuk, San Juanekoa esate baterako, edo Bilarren aurki daitekeen La Choza de la Hechicera izenekoa, inguruetan ikus daitezke.
BIASTERI, harresiz inguratutako hiria, ibilaldiaren amaiera.