Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2024ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 26. Mendi-martxa.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia
Bastoiak: erabilera hobetzeko aholkuak

Orain dela zortzi-hamar urte nork esango zigukeen bastoien erabilerak halako gorakada izango zuenik?

Gaur egun edonork erabiltzen ditu, berdin dio zein adinetakoa edo nolakoa izan. Baina, ateratzen al diete erabateko etekina?

Bastoiek gauza askotarako balio dute: animalien aurrean ziurtasuna eman diezagukete, sasiz betetako bidezidorra argitzeko edo sendo itxurarik ez duen zorua aztertzeko balio dezakete, urak, lokatzak edota elurrak zorua irristakor jartzen duenean oreka mantentzen lagundu diezagukete, mendian azkarrago ibiltzeko gihar gehiago erabiltzeko aukera ematen digute, eta gainera, gure besoetako zama hein batean arintzeko balio dezakete hartara belaunek edo mokorrek zigor gehiegi jasatea ekidinez.

Hau guzti hau lortzeko, nahikoa da bastoiak ahalik eta teknika hoberenarekin erabiltzen jakitea. Hala izan ezean, mesedetarako baino enbarazu egiteko izango dira.

Ahalik eta etekinik handiena lortzeko argibideak emango ditugu.


Bastoi motak

Errazetik hasteko, gogora dezagun batetik bastoi erregulagarriak daudela, bi edo hiru zati teleskopikodunak, eta bestetik halako ezaugarririk ez dutenak daudela. Lehenen abantaila nabarmena zera da, haien beharrik ez denean -bloke guneetan edo lau hanketara igo beharreko guneetan, esaterako- oso neurri txikietaraino bildu litezkeela eta hala bizkar-zorroan eraman. Gainera, geure neurrietara, erabilera tekniketara, eta erabiliko dituguneko zorura, egokitu ditzakegu.

Aldiz, neurriz alda ezin litezkeen bastoiak, material berberean, merkeagoak eta iraunkorragoak dira eta zati mugikorrek eta lotailuek sor ditzaketen arazorik ez dute.


Kirten motak

Kirtenaren itxura da kontuan hartu beharreko beste gauza bat. Orain urte batzuk eskiko bastoien eredua hartzen zen kontuan, helduleku zuzenarena, eta gaur egun mota askotakoak daude: bihurriak edota "t" itxurakoak aurki litezke; bakoitzak bere gustura egokitu dezake pieza garrantzitsu hau.


Zirrindola eta mutur motak

Eta aukerak ez dira hor amaitzen. Beheko aldeari begiratuz gero zirrindola mota bat baino gehiago aurkituko ditugu.

Handienak elurretan erabiltzeko eginak daude, batez ere berau biguna badago, sostengu azalera handituz eta hondoratzea ekidinez. Aldiz, beste zirrindola batzuk txikiagoak dira, eta haien diseinu bereziari esker elur sendoetan, bidexkatan, pistetan eta asfaltoan ere erabiltzeko egokiak izan bide dira; haien diametro txikiak ez luke enbarazurik sortu behar aipatu guneetan.

Gehiegi ezagutzen ez den ezaugarri bat, batik bat errepidean edota haitz guneetan ibiltzen direnentzat interesgarria berau, zera da, kalitatezko bastoi muturrak metalezkoak direla, tungstenozkoak adibidez, eta aipatu guneetan irrista gutxiago egiten dutela. Mutur hori txapeltxo batekin babestu behar da bizkar-zorroan eramateko, bestelakoan arriskutsua sortatzen baita.


Moteltze sistemak

Laguntza horri dagokionez azken berrikuntzetako bat moteltze sistemak dira. Helburua zoru gogorrean egiten den talkak besoan eta sorbaldan izan dezakeen kaltea eragoztea da.

Teoria azalpena egokia izanik, sistema zenbaiten inguruan ohartarazi nahi zaituztegu: badira zenbait sinpleegiak direnak, bere ustezko balioa kirtena eta muturraren artean malguki bat jartzean duena. Baieztatu ahal izan dugunez kasu horietan malgukiak jasotzen duen presioa xurgatzen du baina ez dio jarraipenik ematen, are gehiago, zenbaitetan dar-dar eginarazten dio bastoiari tendinitisa jasateko arriskuak areagotuz -tenis erraketekin edota golf makilekin gertatzen den bezala.

Hargatik, moteltze sistemek erakartzen bagaituzte, ziurta dezagun haren egitura kalitate onekoa dela.


Bastoi bat edo bi?

Bakar baten erabilera egokiak abantailak eskainiko lizkiguke jada, aurrera egiten nahiz bastoiaren kontrako aldeko hankak hartzen duen zama arintzen lagunduz. Halere, garbi dago beti alde berean erabiliz gero ibiltzerakoan eginiko ahalegina ez dela parekatua eta laguntzarik jasotzen ez duen aldea azkarrago nekatuko da.

Desoreka hori arintzeko bastoia eskuz aldatzeko joera hartu behar dugu, baina gomendagarriena aldi berean bi bastoi erabiltzea da, beti ere gure koordinazioak eta teknikak uzten badigu.


Luzera berdin batek lurrazal eta pertsona guztientzat balio al du?

Ez, noski. Hautaketa txar batek arazoak eragin ditzake, sorbaldan batik bat, baldin eta luzeegia bada, eta laburregia bada, berriz, bulkadan eraginkortasun galera dakar.


Zelaian

Ibilbide zelaian eta bastoia botaren parean jarrita, heldulekutik eutsiz ukondoak 90-110 gradu bitarteko angelua osatu beharko luke. Hala eginez gero besoko giharrek behar bezala lan egingo lukete abiada hartzean.


Igoera

Maldan gora, berriz, besoetako indarra probestu nahi izatera, kontrako hankak zapaltzen duen gunea baino atzerago sartu behar da bastoia, hartara zoruan ezarritako indarrak aurrera eginarazteko. Zoru hori gu baino baxuago dagoenez bastoien luzera handitu behar dugu.

Hori ez da gomendagarria gure teknika ona ez bada eta nahiz eta igotzen egon bastoia beti hanken aurrean sartzen badugu. Halakotan bastoiaren heldulekua goregi geratzen da eta hanketako pisu pixka bat kentzen eta oreka mantentzen besterik ez digu lagunduko, ez aurrera egiten.


Jaitsiera

Elementu hauek jaitsieran erabiltzea oso interesgarria da Kirol Medikuntzako ikuspegitik.

Altuera galduz ematen dugun urrats bakoitzean gure artikulazioek norbere pisuak eta daramagun zamak berez duena baino askoz indar gehiagori eutsi behar diote, jarrera garaiak eraginda dugun energia potentziala energia zinetiko bihurtzen baita aurrean eta behean dagoen hanka gainean erortzen garenean.

Horrek, mendizale beterano zenbaitentzat, kilometro asko eginak dituzten gazteentzat, lesio zaharrak edo gainzamak dituzten lagunentzat... maldak jaistea igotzea baino askoz nekezagoa bihurtzen du.

Hargatik, aurrera botatako hankarengan jartzen dugunean energia guzti hori, kontrako besoaren indarraz lagunduz gero artikulazio ahulenek eskertuko dute. Horretarako, beharrezkoa da bastoiari igotzerakoan adinako luzera, edota malda handia bada gehixeago ere, ematea, gure aurrean sartu behar baitugu; gutxienik kontrako hankaren pare edo aurreraxeago ere.

Keinu honetan antzematen da gehien bastoiaren kirtenaren diseinua. Gure teknikarekin bat badator gozatu egingo dugu, baina hala ez bada eskumuturrak behartuko ditugu.


Mendi hegalak

Edonola ere, orain arteko lerroetan zerbait nabarmena bada, hori hautatzen diren bastoiak erregulagarriak izan behar dutela da. Oraindik zalantzarik balego, beste erabilera aukera bat gogorarazi genezake: mendi hegal luzeetan ematen dena. Lurzoru horietan goialdeko bastoia laburtu egingo dugu eta behealdekoa luzatu, bi besoek maila berean lan egin dezaten.

Gainera, ibilbideak zetak egiten baditu nahikoa izango da bastoiak aldez aldatzearekin.


Uhala

Bastoiarekin indar egiterakoan asko laguntzen duen elementu bat dago: uhala.

Bada erabiltzen ez duenik edota zintzilik eramaten duenik, baina ondo erabiliz gero kirtenari eutsi beharrik gabe eta besoaren indar guztiarekin aurrera eginaraziko liguke.

Norbaitek horren inguruan zalantzarik baleuka aztertu ditzala iraupen eskiko lehiaketak.


Nola eutsi bastoia?

Uhaletik zintzilik jarrita, osatzen duen zirkulua mantenduz eta bastoia gure bestaldean dugula, eskua zirkulu horretatik sartu eta irekiz behera eraman uhala eta kirtena aldi berean eutsi arte.

Ondo egin badugu, uhalak eskumuturraren goialdea, hatz lodia dagoenekoa, inguratuko du, alde bietatik jaitsiko da, eta esku-azpitik igaroz gorantz egingo du kirtenaren goialdeko ainguralekuraino; hala, eskua irekita ere, besoarekin behealdera indar eginez gero indar hori bastoira joango da uhalaren bidez.


Kopuru zenbait...

Bastoien erabilerak mendizaletasunean oro har eta iraupen ibilaldietan zehazki sortutako interesaren adierazle segidako kopuruak: esate baterako, 55 kilometro eta 2500 metro desnibela duen ibilaldi batean bataz beste 82.500 urrats ematen direla kontuan hartuta, bastoiak ondo antzera erabiltzen dituen mendizaleak beste horrenbeste euskarri aplikatuko lituzke, eta haien bitartez ibilaldiaren aipatutako 55 kilometroetan eta 2.500 metroko desnibeletan, haren belaunei eta mokorrei 280tik 350 tona bitarteko zama kenduko lieke.

Ideia ona da bastoiena, ezta?

Dr. Kepa Lizarraga
Bizkaiko Mendizale Federakundeko medikuntza aholkularia

Artikulu hau Tolosako XIV orduetarako idatzia izan zen eta bertako webgunean (http://www.XIVorduak.com) ere aurkitzen da. Artikulu hau argitaratzen uzteagatik eskerrak eman nahi dizkiogu Kepa Lizarragari.