Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Zapore formikoa.

Orain dela urte batzuk, eta seguruenik ere orain oroimenez besterik ez bada ere, nork ez zuen (du) Ross izeneko emakumea ezagutzen. Emakume sendo eta dinamiko hura, Galeperra Elkartean maitasunez eta gustu ezin hobeaz jaki bikainak prestatzen zituena. Orduan (eta egun) ezagutu genuenok, eta baita bere seme-alabak ere "Orbegozotarrak", Ostadarreko mendi ibilaldietan ohikoak, ezagutzen ditugunok, erakusten duten jate handiko zaletasuna eta ezohiko apetitua nolabait ulertzen dugu. Orbegozo anai-arrebek jatean beren amak erakutsitakoari probetxurik aterako ez zioten bada!

Ondoren kontatzen dizuedana, beraietako batek kontatu zidan behin, edo beste lagun batek agian, ez naiz zehatz-mehatz gogoratzen. Dena dela, beraietako bat gertatukoaren protagonista izan zela guztiz nago ziur.

Pirinioetan egindako kanpaldi baten osteko azken eguna zen. Oinarrizko kanpamendutik abiatuta, inguruko tontorretara zenbait igoaldi eginik zituzten. Goizean goiz jaiki, tontorrera igo, "trintxerako" janaria jan, jaitsi, afaritxoa hartu, elkarri txisteren bat edo beste kontatu, indarrak errekuperatu, zurrungen kontzertuan parte hartu... halakoxeak izanak ziren asteko egun guztiak.

Azken eguna iritsi zen, azken igoaldia hain zuzen: aurreko egunetako protokoloa jarraituko zuten, kanpin-denda jaso eta... zibilizaziora jaitsi. Beti gauza bera gertatzen zaigu, han goian gustura gaude, baina bestalde, "nolabaiteko monotonia" ere nabaritzen da, eta nolabait, atseginez hartzen da ibilaldiaren amaiera. Han goian zoragarri eta ezin hobeto bagaude ere... eta halako kontraesana gainera nabariagoa izaten da askotan, bereziki janaria eskasten hasten denean, eta halaxe gertatzen hasia zen gure lagunen kasuan, janaria eskasten ari eta dagoeneko monotonoa izaten hasia zitzaien-eta.

Hortaz, goitik behera ibili eta betiko "trintxerako" janari aspergarria jan ondoren, taldea afaria prestatzera jaitsi zen. Ohiko fruitu lehorren, hestebeteen, gaztatxoen eta bestelakoen osagarri gisa (ziur nago komentatzen ari garen egunotan ez genuela oraindik erabiltzen, gaur egun modan diren produktu energetiko "berri" horietakorik), zegoen janari bakarra patata-purea zen. Bai, patata-purea, poltsatxoetan paketatuta saltzen den janari prestatu hori (gutxi okupatzen du eta pisu gutxikoa da bizkar zaku barruan), eta gainera, ur edo esnearekin nahastuz urdaila pixka bat berotzeko balio du. Dena dela ere, "besterik ezian, arto sikua be ona", patata-purea eguneko janariaren onenetakoa zen, eta gure lagunen urdailek horren esperoan adi-adi ziren. Denok lanera, kanpin-gasa piztu eta, urdail-urinen kontu hau beti ondo funtzionatzen duen kimika gaia da mendizaleon munduan; izan ere, patata-pureak usain zoragarria zuen. Hori bai, oso beroa zegoen, eta sukaldari diplomatuak zera iradoki zuen: "zuhaitz haren itzalean tartetxo batez utziko dut, epeldu dadin e!... gero bapo afaltzeko".

Azken eguna zen, azken gaua. Biharamuneko eguerdian taldeak ongi prestatutako janari freskoa dastatzeko aukera izango zuen. Bailarara jaisten garenean plazer handiz ekiten ohi diogun janari hori, ardotxo freskoarekin, kafea eta kopatxoarekin eta... baten batek ere beste zertxobaitekin "Populua" horren esperoan zegoen. Hala ere, momentuz horixe zen urdaileratzeko zegoen guztia, samurki epeltzen ari zen patata-pure hura, geroxeago koilara eskuan, zeremoniatsuki afari-merienda gisa hartuko zutena.

- "Bueno, honezkero punttu-punttuan egongo da" aditzera eman zuen "sukaldari nagusiak" eta berehala jaki zaporetsu eta ederra zegoen arbolaren itzalera hurbildu zen ontziaren bila.

Etsipen garrasia, ozpin txarreko ulurik ozenena, Pavarottik eta Placido Domingok soinubakarrean kantatuko luketen indarrarekin botatako birao eta juramentua... entzun zen kanpamenduan. Izan ere, gertatutakoa ez zen gutxiagorako. Patata-purea malutaz beteta zegoen, baina gaineko geruza kolore zurikoa izan beharrean, kolore beltzeko elurrekoa zen, eta malutatxo bakoitza sei hankatxorekin mugitzen zen patata-purearen gainean; inurri-elurra, alegia. Patata-pure desiratua inurriz beteta zegoen.

Berehala espedizioak maila goreneko krisialdi-bilera deitu zuen: "Zer arraio egingo dugu?". "Nik paso, esan zuen milingenak". "Itxaron, saiatuko gara, esan zuen gehiengoak". Eta amaigabeko pazientziaz jantzita, patata-purea "desinurritzeari" ekin zioten. "Ezinezkoa da, dauden inurriak ikusita "makina bat dira" eta atzamarretan itsatsita ateratzen dugun purea kontuan hartuta, eta...", azkenik, patata-purea garbitzeari utzi behar izan zioten.

Baina Ross-en semeen urdail-urinak ez dira hain erraz konformatzen diren horietarikoak. Urteak dira beren urdailak erregai oparo kontsumitu dutela, ondo koipeztaturik eta lubrifikaturik daudela. Denbora aurrera doa eta dagoeneko iluntzen hasia du... eta patata-pureak hortxe jarraitzen du, inurri-proteinaren bat edo beste gehiagorekin, baina hortxe tinko. Nolanahi ere, urdail-urinen lubrifikazioak neuronak estimulatzen ditu, adimena zorrozten du, oztopoak kendu eta ...plist!!! bat-batean ideia sortzen da.

- "Pixkanaka iluntzen ari zuen. Dendan sartu ginen eta barruan ilun zegoenez, koilarak hartu eta patata-pureari amaiera eman genion. Ezer ikusten ez genuenez, dena barruraino sartu genuen".

- "Begietatik urruti, nazkarengatik ere bai".

- Eta ez zen zapore txarrekoa izan?

- Bueno, pikor txikiren bat edo nabaritzen zen eta patata-pureak ere zapore azidotxoa edo bazuen. Amaiera gisa, azido formikoa azido organikoen artean sinpleena dela ikas dezagun, eta bere izena hain zuzen ere, inurrien gorputzean aurkitzen delako datorkio. Eta hala uste dut, seguruenik azido hau izango zela gure lagunek patata-purea jatean dastatu zuten zapore azido horren eragile.

- KARLOS RODRIGUEZ
2007ko iraila-


[-] Itxi