Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea 18+ urtez ibilaldiak euskaraz dokumentatuz
laguntzailea Alex Kirolak
 
eu | es   
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



NIREA, ZUREA, ...

Tarteka tarteka, atsedena hartzen dugu.
Eseri ondoren eta haizea, edurra, eguzkia eta abar, jaki-eskaintzearen testigo dira.
Ondoan dagoenari motxila-barraskiloan duguna, eskaintzen diogu: paxak, txokolatea, gazta, salda, eta abar ... ez dugu ezer trukean eskatzen.
Barruan dugu harra eskaintzeko antsia ...
Askotan harritzen nau mendizaleak orokorrean duen jarrerak , baita lotsatuta sentitu ere.

—Jose Luis ZALDUA—
Caná-Fernándezeko esteiak.
Urriello mendiaren pean
Urriello mendiaren pean
—© Josu Perez—
Egin klik handiago ikusteko
(42,308 byte)

Txangoak itxura ezin hobea zuen, eta halaxe gertatu zen. Autobusa toperaino bete zen. 1986. urteko Santiago zubia zen. Europako Mendiak mendizale giroko norbanakoentzako mendi interesgarriak izan dira beti, eta are gehiago, aurkeztutako programa honako hau denean. Fuente Dé-ra iritsi, teleferikoan igo, Naranjo de Bulnes mendiaren magalean lo egin. Neverón de Urriellu tontorrera igo -edo ez, aukerako gaina zen eta-, Pandebano lepotik eta Bulnes-etik igaroz Puente Poncebosera jaitsi; eta amaitzeko hain ezaguna eta zoragarria den Careseko zeharkaldia osatu. Cainen bigarren gaua eman, Careseko zeharkalditik berribiliz itzuli, autobusera iritsi eta… etxera. Zer gehiago eska daiteke, bada?

Beraz, autobusa utzi ondoren, teleferikoa hartu genuen. Behin goian, amildegiaren gainean zintzilik dagoen balkoira ateratze horrexek, ohi bezala, izuaz kikildu eta aldi berean kitzikatu ninduen, zoru gisa duen zulatutako egitura metalikoan zuloaren hondoa ikusi (hobeto esanda, sentitu) daiteke-eta. Ondoren, Horcados Rojos leporaino ibili ginen elastikoa pixka bat izerditu beharra dago-eta. Bertan geralditxo bat egin, ausart eta adoretsuenek aipatutako mendiko gaina zapal zezaten utzi, eta azkenik Naranjo mendiaren magalera jaitsi.

Eta jaitsiera honetan, sarritan gertatzen dena: harri soltea eta harkaitzen bat goitik behera indarrez biraka jausteko arriskua, eta behetik doan kideari aberiaren bat egiteko aukera. Horren aurrean, ondorengoak jakintsuen aholkuak eta jarraitu beharreko arauak kasu hauetan: taldeko lagunen artean ahal den tarterik txikiena utzi, harriren bat jiraka hasten bada, abiadura moteltzeko eta, kolperen bat jasoz gero, honek duen indarra gutxitzeko.

Hori bai, gauza bat teoria da eta beste bat guztiz desberdina praktika. Eta egun hartan, are gehiago, talde txikia izan beharrean, autobusez etorritako berrogeita hamar laguneko taldea baikinen. Kontua primeran ezagutzen duen mendi taldeko lagun batek halaxe esan zidan:

- Itxaron ezak apur bat, utz iezaiok honi aurreratzen, mutila "tiragoma" hutsa duk-eta.

Esamoldeak nolabait harritu egin ninduen. Egoera honetan ez bainuen inoiz erabili izan eta une hartan esaten ari zitzaidana ulertzen, pixka bat kostatu zitzaidan.

- Nolatan tiragoma? - galdetu nion.

- Bai motel, taldetxo horri aurrea hartzen uzteko bertan halako zihoak-eta, harriak ederki botatzen zekik horrek. Ez zekiat nola egiten duen baina morroi hori bereziki abila duk inguruan dituen harriak hegitik behera arduragabeki jaurtitzen. Atze-atzean bagoaz, hobeto ibiliko gaituk.

Picu Urrielluk gure urratsen gidari lana egin zuen, arratsaldean bere magalera iritsi ginen arte. Eguraldia izugarri ona, dendak muntatu, afaria prestatu eta… ondoren, betikoa, "afalondorako" tartetxo bat (nolabait esatearren).

Hasieran, bakoitza bere taldetxoarekin bazegoen ere, pixkanaka-pixkanaka gautxoriok talde handi samar batean elkartzen hasi ginen. Nire cognac petaka (metalezko botilatxoa) berehala ahitu zela gogoratzen naiz, are gehiago, "gehiegi" eskaini gabe ezkutuan edan genuela aitortu behar dut. Biharamunean, lausoki bada ere, norbaitek gauean patxaran poxi bat ibili zela aipatzea gogoratzen dut, halere, ez honako honek ezta bere ingurukoek ere, ez zuten berau usaindu ere egin (guk egin genuen bezala egin zutelakoan nago). Kontua da gaua gehiagorako aukera ematen ari zela. Ilargia, ederra, bete-betean handia agertu zen. Lehen planoan Naranjoren paretak ingurune ezin ederragoa eskaintzen zion. Ez zegoen oheratzeko gogorik, izan ere panoramika iradokitzaile harekin, lo-zakua eta kanpin-denda gure arretatik kanpo geratzen ziren.

Baten batek ea edateko zerbait geratzen ote zen galdetu zuen.

Deus ere ez. Izan omen zen apurra, ezkutuan, talde txikietako anaitasunean lurrundu zen.

- Baina, inork ez du ezer gehiago, ala?- zen galdera orokorra.

- Terik ez baduzue nahi, ez dago besterik -erantzun zuen Javik.

- Zeren zain hago, ba? Gauak merezi dik eta berriketak ere bai.- izan zen adostutako erantzuna.

Javi, lanera jarri zen.

A ze tea! Kea zeriona, beroa, barrutik mintzatzen duen horietakoa. Ohiko txistea, bigarrena. Giroa berotzen ari zen. Beste txiste bat, beste anekdota xelebre bat han, beste bat hemen eta jendearekin gustura nengoen sentsazio atsegina… Ilargia bileraren buruan zegoen Picu Urriellu haitz ezagunak begiradapean gintuen bitartean.

- Beste bat?- eskaini zuen Javik.

- Bestelakorik balego, hobeto, baina badakik, "besterik ezian, arto sikua be ona".

- Aizak Javi, aparta zagok. Aurrekoa baina hobeto.

Eta hitz-jario luzea, barreak, txantxa, giro ezin hobea eta adiskidetasuna.

Giroa itzaltzen hasia zen, eta dendetara abiatzen hasi zen jendea pixkanaka-pixkanaka. Orduan, petit-comité are "petit"-agoan geratu ginen.

- Javi, ez da beste tetxoren bat-edo geratuko, ezta?

- Bai noski, lagun iezadak eta zerbitzatuko diagu.

- Ados, zer egingo dut?

Eta orduan, bigarren tea lehenengo tea egitean erabilitako belar berberekin eginik zegoela konturatu nintzen, eta egoerari zegokionez, hirugarrena ere belar berekin egin zela, hain zuzen. Ura berotu eta listo!

- Inork nahi al du te pixka bat gehiago? - atseginez eskaini zion Javik taldeari.

Ia guztiek edan zuten.

- Zer moduz dago?

- Bikaina hi! Nire iritziz, aurreko guztiak baino goxoago.

- Niretzako ere bai.

- Eta niretzako.

- Primerakoa, Javi!

Giroak eragiten duena, pentsatu nuen. Eta gogora etorri zitzaidan Jesusek Canáko ezteietan egin zuen lehen miraria, Katiximan ikasarazten zigutena, non gonbidatu guztiek eztei-amaierako ardoa, une batzuk lehentxeago ura izanda, ardorik onena izan zela esan zutenekoa. Ez zen han ere antzekorik gertatuko? Finean, hartan miraria egin zuena, zeremonia-maisua izan zen, Javi Fernandez hain zuzen.

-KARLOS RODRIGUEZ
2007ko iraila-


[-] Itxi