Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea 18+ urtez ibilaldiak euskaraz dokumentatuz
laguntzailea Alex Kirolak
 
eu | es   
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Georginari,

Berriro ere askatasun osoz ibiliko gara
mendietan barrena, haizearen lagun,
eta ez dugu izango debekuzko alanbre-hesirik,
debekuzko langarik,
debekuzko txartelik.
Eta ilunabarrean, urrutira, han nabarmenduko dira
oraindik, gure herri txiki honetako mendi urdinak.

-Luis Pedro PEŅA SANTIAGO-


"... Mendia ez da bakarrik bakardadea, are gutxiago Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berberarekin topo egiten dugu. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak ... Ez al da gauza askotxo? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako..."

-Luis Pedro PEŅA SANTIAGO-

Gaintza - GAINTZAko GAINA - Legorreta - Santa Marina - MURUMENDI (864 m) - Matxinbenta.

Goierriko Bira (5. etapa) - Goierriko ipar-ekialdeko mendietan.
Burnigurutze
Burnigurutze
—© Goierriko Bira—
Egin klik handiago ikusteko
(302,484 byte)

GAINTZA-LEGORRETA

GAINTZAko enparantzatik (446 m) abiaturik, Kaletxiki jatetxearen aurretik igaroko gara eta IM-ko norabidea harturik porlanezko pista bat hartuko dugu Ardubietarako zutoin-adierazle batek emandako norabidea jarraituz. Seinale batek (BOSTAITZETA 1,5 Km, PR-Gi 29), eta geroago beste batek (Altzagarate 45 min), jarraitzeko bidea erakutsiko digute. Gaintzari buruzko informazio-panel baten ondoan igaro eta berehala porlana utziko dugu eta marra zuri-horiak jarraituz ehiza-postuz zedarriztatutako pista batetik sartuz ia nabari ezin daitekeen GAINTZAKO GAINera (481 m) eramango gaitu. Berehala bidegurutze batera iritsiko gara (Gaztinatxota, 465 m) eta bertan hainbat seinale aurkituko ditugu. Ezkerretik Arama-Ordiziara joango ginateke. Guk ordea eskuinetik jarraituko dugu BOSTAITZETA LEPOrako (459 m) bidean, bertan berriz beste bidegurutze batekin topo egingo dugularik. Eskuinetik Baliarrainera joango ginateke (SL-Gi 5). Zuzen hartuta, gasbidetik ALTZAGAMENDIraino (539 m) iritsiko ginateke. Guk berriz, ALTZAGARATErako PR zidorra jarraituko dugu, ezkerretik hartuta oraingoan. Pista oso erosoa izango da eta beretik gabiltzan bitartean inguruko herriek –Altzagarateko auzoa, Ordizia-Beasain- zein inguruan diren mendiek (besteren artean Murumendi) bista ezin hobeak eskainiko dizkigute. BURNI SAGASTI BASERRIra iristean, pista abandonatu eta aurrez aurre jarraituko dugu alanbre-hesi bateraino jaitsiko garelarik, bertan berriz seinale berriak ikusiz. Eskuinerantz bira egingo dugu, langa bat zeharkatuko dugu eta eroso-eroso bidegurutze berri batera iritsiko gara (416 m) –eskuinetik Baliarraindik datorren PR-Gi 29 zidorra ikusiko dugu. Indikadore batek Legorretarako 1.8 Km geratzen zaizkigula adieraziko digu (PR-Gi 72). Apur bat beherago, PR honek eskuinerantz egingo du bira; hala ere guk zuzen jarraituko dugu, bide onetik jaitsiz, PRa jarraitzen duen pistarekin bat egin arte: elkartzean ezkerrerantz egingo dugu bira. Ezkerrean gasbidetik doan lasterbidea ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (1)

2010eko martxoak 13.

Historiaz betetako lurraldean...

Legorreta

Legorreta Goierriko eskualdean dagoen udalerri euskalduna da. 2008an 1.448 biztanle zituen. Iparraldean Albiztur eta Tolosa, ekialdean Ikaztegieta, Orendain eta Baliarrain, hegoaldean Altzaga eta mendebaldean Itsasondo udalerriak mugakide ditu.

Historia

Giza-biztanlegune honi historian zehar lehenengo aldiz 1399 aldera egiten zaio aipamen, inguruko beste hainbat herrirekin batera Ordizia hiribilduari batu izanagatik. Garai hartan Ahaide Nagusien aurrean babes bila dabilen parrokia txiki baten gisara begitantzen zaiguna, pentsa daiteke bailara honetako herrigunea Oria ibarreko lurrik aproposenetara poliki-poliki bertarakotzearen ondorio izatea. Mendiko baliabideen ustiaketak Legorretako biztanleak oso hasieratik Bozue Txikiko (Villafrancako Elkarteko) partaide izatera bultzatu zituen, Enirio era Aralarko lurren ustiaketa taxutu asmoz.

1399tik 1615era bitartean Errege Zerbitzuetarako, arazo zibil eta gaizkileenetarako eta bateango ordainketetarako Ordiziari lotua egon zen, baina lur-eskubidea, ekonomia-autonomia eta mendien eta bestelako ondasunen erabilpenari eutsi zion. Probintziako egoera politiko osoa zertxobait onbideratua ikusi zenean, hiribildu titulua eskuratu nahi izateak Erret Ogasunari 2.700 dukat ordainarazi zizkion eta honenbestez, 1615eko otsailaren 4an Felipe Ill.aren eskutik lortu zuen askatasuna. Urte bereko azaroan Altzaga, Arama, Gaintza, ltsasondo eta Zaldibiarekin batera "Oria Ibaiko Batura” izenekoa osatu zuen. Helburutzat hiribildu guztien artean Biltzar Nagusi eta Partikularretan batean ordezkatuko zituen ordezko bakarra ordaintzea zen. Batura honetako kide, desegin zen arte izan zen, 1845era arte alegia.

Batzar Orokorrak direla-eta Legorreta Tolosaldean sartuta dago; hala ere, historikoki Goierriko herriekin harreman oso estua izan duenez ikuspuntu sozial eta ekonomikoaren aldetik, eskualdeko beste edozein herri bezalakoa kontuan hartu dugu.

Oria ibaiak udalerria zeharkatzen du, eta honekin bat egiten dute Zubiña, Zazpiturrieta eta Aldabe ibaiadarrek.Ikustekoak ondorengo erakinak dira: Salbatore eliza (XVI. mendekoa), San Kruz santutxoa, Santa Maria ermita, Santa Ana ermita, Guadalupeko Amaren ermita, Zubizarretako zubi zaharra eta udaletxea eta bertako balkoia, bidean ikusiko duguna.

INFORMAZIO GEHIAGO: http://www.gipuzkoa.net/udalak/guia/euskera/203-legorreta.pdf

Baserriaren barneko zuhaitza

1995an, Koldobika Jauregik (Alkiza, 1959), 7,50 x 16,00 x 2,00 m-ko neurriak dituen “Baserriaren barneko zuhaitza" eskultura jarri zuen Legorretako udaletxeko fatxada eta arkupetan. Legorretatik igarotzean, ondotik igaroko gara.

INFORMAZIO GEHIAGO: http://www.euskomedia.org/aunamendi/75213

Juan Mari Jauregiren omenezko hilarria

Burnigurutzeko parajean Juan Mari Jauregiren omenezko hilarria ikusiko dugu (1951n Legorreta - † Tolosa, 2000ko uztailaren 29a), euskal politikaria, Gipuzkoako Gobernadore Zibila eta PSE-EEko zinegotzia izan zen Tolosan ETAk atentatuan hil arte.

Haren alarguna, Maixabel Lasa, legorretarra ere, Eusko Jaurlaritzako terrorismoen biktimen elkarteko lehendakaria da.

Hilarria ezaguna bihurtu da, tartean hainbat eraso izan dituelako.

INFORMAZIO GEHIAGO: http://eu.wikipedia.org/wiki/Juan_Mari_Jauregi

Burnigurutze

Burnigurutze izeneko parajean, 512 metroko garaieran, 1699ko burdinazko gurutze bat dago. Bertan iraganean, OSAUSTEAGAko SANTA ANAren omenezko ermita izan zen. Iraganeko SAIAZeko KOFRADIAren (Albiztur, Bidania eta Goiatz –egun azken bi haiek Bidegoian herriaren pean-) eta Legorretaren arteko muga dugu berau.

Saiazko Alkatetza Nagusia

Gipuzkoako alkatetza nagusi historikoa (gaztelaniaz Sayaz izena zuen). Aia, Beizama, Bidania, Errezil eta Goiazko unibertsitateak bildu zituen 1563 bitartean; gero, foru-elkartea baino ez zen izan. Alkatetzaren aipamenik zaharrena, Nafarroako Antso III.a Nagusiak egindakoa da (1027. urtean). 1397az geroztik Probintziako Batzarretako kide zen. Alkate nagusia erregeak izendatzen zuen; kargua hil artekoa zen eta probintziakoa izan behar zuen. Karlos V.aren ama Doña Joanak, Frantzisko Perez de Idiakez izendatu zuen alkate (1545); honek bost alkateorde izendatu zituen, baina herritarren beharrei erantzuten ez zietela eta, herriek protesta egin zuten. Perez de Idiakezek alkatetzari uko egin zion ondoren. Gertaera horren aurrean Batzarrak alkatea aukeratzeko eskubidea aldarrikatu zuen Felipe II.aren Gortean (1563). Erregeak onartu eta unibertsitate bakoitzak bere alkatea aukeratu zuen; ondoren, independente bilakatutako bost unibertsitateok Saiazko Batasuna (gaztelaniaz “Unión de Sayaz”) sortu zuten Gipuzkoako Batzarretara ordezkari bakar bat bidali eta horrek sortutako gastuak murrizteko. 1651n Albiztur batu zitzaien.

Haren izena “saihets"-etik omen dator.

INFORMAZIOA: Harluxet Entziklopedia eta http://postaria.com/pipermail/itzul/2009-November/000293.html

Argisaingo Santa Marina eliza

Albizturko bidegurutze batean dago Santa Marina auzo txikia, bertako Argisaingo Santa Marina elizako dorre zorrotza nagusi delarik. Barrualdeko Done Jakue Bidean –Gipuzkoan barnealdean sortu zen lehendabizikoan- garrantzi handia izan zuen elizak aurretik bertan zegoenaren portada erromanikoa gorde du.

Santa Marinaren aldeko adbokazioak izanik, argi eta garbi adierazten du Done Jakueren aldeko joera.

Imanol Elías Odriozola da (ELIAS ODRIOZOLA,I.: “Apuntes históricos de Albiztur-Bidegoyan-Régil-Sta. Marina-Urquizu”.) Santa Marina elizari buruzko ondorengo informazioa ematen duena (berau elizari buruz ezagutzen den lehena dugu):

(itzul.) "Mendialdeko kontzejuen eta Pedro Iñiguez de Albisuren arteko 1353ko konpromiso-eskritura batean, lehendabiziko aldiz aipatzen da Santa Marina eliza; dagoeneko garai horietan elizak dokumentuetan "sierra" (mendialdea) gisa izendatzen zuten Goiaz, Errezil, Beizama, Bidania eta Albiztur herrietako biztanleen erregu eta letanien biltokia zen".

“En una escritura de compromiso entre los concejos de la sierra y Pedro Iñiguez de Albisu, del año 1353, se menciona por primera vez a la iglesia de Santa Marina, pero para entonces dicha iglesia servía como centro de reunión de las rogativas o letanías de los pueblos de Goyaz, Régil, Beizama, Vidania y Albíztur, que formaban la denominada “sierra”.

Eta Elías Odriozolak halaxe jarraitzen du:

(itzul.) “Fray Juan de Mendarok eta fray García de Zumárragak «servidores de la iglesia de Santa Marina» (Santa Marina elizako zerbitzariak), Goiaz eta Bidania herriei lursail txiki batzuk erosi zizkieten, ondoren, 1431ko urriaren 10ean, Albizturko bizilagunengandik 12 urtez lur batzuen erabilpenerako baimena lortzearren. Garai hauetakoa da seguruenik Santa Marinako lehen eraikinaren data”.

“Fray Juan de Mendaro y fray García de Zumárraga «servidores de la iglesia de Santa Marina», compraron algunos pequeños terrenos a Goyaz y Vidania, para, el 10 de octubre de 1431 obtener de los vecinos de Albiztur el permiso para el disfrute de unas tierras durante un período de 12 años. De este tiempo data seguramente la primera edificación de Santa Marina”.

Dena dela, dirudienez ezezaguna dugu elizaren eraikitzearen data zehatza. Datu hau berresten duen dokumentua 1684koa dugu, Albizturko erretoreari Iruñeko Bikario Orokorrak eskatutako dokumentuan. Ermitaren egoerari buruzko txosten honek halaxe dio:

(itzul) “Ez dakigu ezer ermita honen hastapenei zein eraikuntzari buruz, ezta ospitalea noiz sortu zen ere (XVII. mendean zehar Santa Marinako etxeari «ospitale» esaten zaio) ezta hauen arrazoiei buruz, tribunalean dagoen haren kontu-liburuaren hasieran hala agertzen denez, ez dago daturik azaltzen duenik halako fundazioa noiz egin zenik ezta nola gauzatu zenik ere.".

“No se sabe del principio de la dicha ermita ni de su erección ni fundación del hospital (durante el XVII la casa de santa Marina es denominada «hospital») ni de sus causas, como se refiere al principio del libro de sus cuentas que está en el tribunal ni consta por instrumento que haya visto ni tiene noticias de semejante fundación ni sus calidades”.

Elizaren barnean Loiolako San Ignazioren irudi bitxia ikus daiteke, bizarrik gabea. Elizak ere badu haren jatorria azaltzen duen kondaira. Honen arabera, herritarren hasierako asmoa Santa Marinaren omenezko tenplua beste nonbait eraikitzea zen baina, gauero, hautatutako tokira eramandako materialak beste leku batean azaltzen ziren. Hartara, tenplua harriek "aukeratutako" tokian eraikitzea erabaki zuten.

Auzo honetan dagoen Santa Marina-aundi baserria ere aipatzekoa da, antzina erromesen ospitalea izan baitzen.

Auzoa Santamaña izenez ezagutzen da.

INFORMAZIO GEHIAGO eranskin berezian.

Santa Marina Haundi baserria

Santa Marina Haundi baserria, baita ere Santa Marina etxea, Santamaña-aundi baserria, ospitalea, Santamaña baserria edo Jauregi baserria izenez ere ezaguna, Gipuzkoako Albiztur udalerriko Santa Marina auzogune txikian dagoen baserria da, mendi magaleko zabaldi batean. Bertatik, paisaia zabal batez gain, Gipuzkoako hegoaldeko hainbat herri ikus daiteke.

1996ko irailaren 9an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna bezala.

Santa Marina Haundi baserria auzoguneko elizaren parean dago, bideaz beste aldera. Neurri handiko bolumena da, auzoko eskalan. Oinplano laukizuzena du, zabalera baino sakonera handiagokoa eta ekialdera begira dago. Hiru solairu ditu, behea, lehenengoa eta estalkipea eta, planta guztia estaliz, bi isurialde desberdineko teilatua, fatxada nagusiarekin hormapikoa egiten duena.

Eraikin konplexua da, elkarri atxikitako bi zati desberdin bereiz baitaitezke bertan: alde batetik, garai batean landa jauregi bat izan zatekeenaren hondakinek osatutako gorputz bat, non XVI. mendeko gehienez lehenengo laurdeneko berezko ojiba bao ikus daitezkeen, 20 edo 25 bat urte geroagokoekin nahastuta, eta bestetik, tipologiaren aldetik baserritzat jo daitekeen zatia. Azken honen egiturak XVI. mendeko amaierako edo XVII.eko hasierako hamarkadetakoa ematen du baina XVI. mendeko hasieran ohikoagoak ziren elementuak ere baditu. Ez da simetrikoa; izan ere, ezkerreko aldean hiru hormarte ditu eta eskuinean bi eta azken alde honetatik lehen aipatutako gorputzari atxikitzen zaio. Gainera, argi eta garbi ikusten da baoak irekitzeko egindako zalantzazko jarduera puntual batzuez gain, baserrian berritxuratze handiak egin zirela, batez ere fatxada nagusian; izan ere, fatxada hori osatzen zuen zurezko egiturako txarrantxaketa batzuk kendu eta trinkotu eta bao berriak egin ziren.

Agirien bidez jakin denez, Santa Marina etxea erre egin zen 1580. urtean eta Juan Aizalde arotza izan zen baserria berreraikitzeko ardura izan zuen kontratista. Lan bikaina egin zuen eta sakonetara antolatutako 5 hormarteko egitura eraiki zuen, zurezko pieza bakarreko zutabeetan oinarritutako beste horrenbeste arkuperi esker. Eskuineko eta atzeko fatxadetako beheko solairuetako harlanduxkoko fabriketako itxura paregabeari erreparatuz, hargin onak izan zituela antzematen da, fabrika horiek XVI. mendeko lehenengo erdian Pikardiako maisu harginek baserririk onenetan egindakoen antza baitute.

Gaur egun Santa Marina Haundi baserria hondatuta badago ere, dituen kalteak konpongarriak dira eta ez dira eragozpen izan behar bere babeserako eta bere ikerketan sakontzeko, batez ere barruko aldean eta bukaerek ezkutatzen dituzten fatxadako elementuetan.

ITURRIA: Wikipedia (http://eu.wikipedia.org/wiki/Santa_Marina_Haundi_baserria, http://es.wikipedia.org/wiki/Caserío_Santa_Marina_Haundi)

Gipuzkoako barnealdeko lehen Done Jakue Bidea

Gipuzkoako barnealdeko Done Jakue Bidearen lehen trazaketa paraje hauetatik igaro zen, Aiztondoko, Saiazeko eta Areriako Alkatetza Nagusien peko lurraldean hain zuzen. Kontuan izan behar da, Bidea ireki zen lehendabiziko urteetan (IX. eta X. mendeetan) Gipuzkoan ziren herri eta etxalde zahar ugari mendiaren hegi aldean -eguteran- kokaturik zeudela, eta bertatik igaro zirela herriz herri igaro beharreko bide zaharrak. Gipuzkoako transhumantzia bideek ere bide zahar hauekin egiten dute bat kasu askotan (alegia, lehendik zeuden transhumantzia bideak ere erabili ziren erromes eta bidaiarien joan-etorrirako). Bide hauek oso zaharrak dira: parajeotan hainbat monumentu megalitiko (Basagain, Larrarte, Trikuhaizti, Mandubizelai…) aurkitzen dira eta hauen ondoan ere hainbat Burdin Aroko kastro ere, hala nola, Mendikutekoa Ernioko gailurrerian, Intxurrekoa, Basagaingoa –aurkitu berria- (Legorretako lurretan) eta Murumendikoa hain zuzen.

Saiazeko Alkatetza Nagusiko lurraldeak zeharkatzen dituen Done Jakue Bidea Oiartzundik zetorren, Orereta gainetik igaro eta Astigarragara iristen zen, Santiagomenditik Lasartera igaro zen, Andatzarrate gainetik Zelatunera, Bidaniatik, Santa Ageda eta Mandubira iristen zen; Kizkitzatik igaro ostean Itsaso eta Ezkiotik jarraitzen zuen, Zumarragatik Legazpira, handik Zerainera eta Seguratik eta Zegamatik igaro ondoren, Sandratirantz joaten zen… handik Arabako Lautadara iristeko.

Bide honen lekuko bisitatuko ditugun parajetan (baita hauen inguru hurbiletan) kokatu ziren eliza, ermita, santutxo eta ospitale ugariak ditugu lekuko, hala nola Iturriotzen (ermita eta benta), San Agedan (ermita), Santamañan (eliza eta ospitalea), Albizturko Santutxun (benta), Bidania-Goiatz eta Legorretako mugan Osausteagako Santa Anaren omenezko ermita, Astigarretako San Gregorio ermita, Itsason Kizkitzakoa... hauek guztiak bideak garai zaharretan garrantzi handia izan zuela seinale dugu.

Oria ibaiaren ertzetan herri berriak sortzearekin batera, mendiz mendi igaro zen barnealdeko bideak garaiera baxuagoetarantz ere aldatu zen. Adibide gisa, Villabona herria Done Jakue Bidearen ondoan garatu zen herri izan zen, garaieran zegoen Amasatik (egun auzo, iraganean herri) sortu baitzen Oria bazterreko egungo kaskoa.

Dominoko edo Domingoko mugarrie

Mugarri honetan, Itsasondo, Beasain, Beizama eta Bidegoiango lurrak bat egiten dute. Haren kontserbazio egoera ona da.

Murumendi

Goierriko mendi enblematikoetako bat dugu, batez ere Mariren bizilekua delako. Gainaren mendebaldean Atxipiko parajetik hurbil (La Muela izenez ere ezagunekotik), Tonto plaza izeneko lekua dago: XX. mende hasieran ere bertan erromeriak ospatzen ziren.

Luis Pedro Peña Santiagoren omenezko monolitoa

Murumendi gainean, Goierriko mendizaleek jarririk, Euskal Herriko mendia hoberen azaldu duen dibulgatzaile baten omenezko monolitoa dago, Luis Pedro Peña Santiagoren omenezkoa hain zuzen.

Luis Pedro Peña Santiago 1933ko azaroaren 26an Irunen jaio zen, Donostian 1994ko abuztuaren 20an hil zelarik.

Peña Santiago «Akademia Ibiltari»-aren kiderik gazteenetako bat izan zen, eta besteren artean Lope de Agirreri buruz ("Lope de Aguirre Descuartizado" izenarekin) edo 98ko belaunaldiari buruz berak idatzitako lanak daude. 1992an Donostiako Udalak “Merituaren Domina” eman zion eta euskal mendiaren dibulgazio-lanei esker Club Vasco de Camping mendi taldeak “Ohorezko Bazkide” titulua eman zion.

1964tik hil arte, Diario Vasco egunkarian (lehendabizi igandero, geroago larunbatero) Artea, Arkeologia, Etnografia, Natura, Mendia, Kondairak eta tradizioak, bidaiak eta mendi-ibilaldiak lantzen zituen atal bat idatzi zuen, gutako batzuk hortik ezagutu genuen, eta berari esker garai berriagoen eragina dela-eta pixkanaka desagertzen ari zen antzinako Euskal Herri hori hobeto ezagutzeko aukera izan genuen.

Peña Santiago hil ondoren, -Juan Manuel Sotillosen kolaborazioarekin- “Bota zahar batzuei” liburuan idatzitako bere biografia eta bibliografia irakurri dezakezu dosier honetako eranskinean; liburu honetan, Peña Santiagoren bizitzan idatzitako ibilbide eta artikulu onenetako batzuk argitaratu ziren.

Murumenditik Saltarri harri bota zuen jentilaren kondaira

Alotza ingurua oso zonalde ezaguna da eta hainbat megalito ikus daitezke bertan. Besteak beste, Saltarrikoa. Barandiaranek aurkitu zuen, baina indusketa egin gabe dago.

Monolitoak bi kondaira ditu haren jatorriaren inguruan. Lehenaren arabera, ba omen zen Murumenditik Salamancara harria bota nahi zuen jentil bat. Beste jentil batek ez botatzeko eskatu zion eta harria erdibidean geratu zen. Zati bat Alotzan erori zen Saltarriko monolitoa eratuz eta bestea Zaldibiko Ausa gazteluan.

Beste kondairak pilotan ari ziren gizaki batzuengana inguratu zen jentila du protagonista. Honek sakerako erabiltzen zuten harri bat hartu eta Aralar aldera bota zuen. Bi zatitan erori zen, Alotzan eta Zaldibian.

Mari, Euskal Mitologiaren Jainkosa

Lurrari lotutako pertsonaia mitologikoetatik, nabarmentzen den pertsonaia Mari da. Eta bera da gainerako jeinuen buru. Euskal Herriko pertsonaia mitologikoetatik bera da pertsonaia nagusia. Izen askorekin da ezaguna, esaterako Maya, Mari edo Ioana-Gorri... baina ohikoena bizi den lekua edo mendiaren izenarekin osatzen du: Basoko-Mari, Aralarko Damea, Anbotoko Dama edo Anbotoko Sorgina, Mari Labako (Ipazterren jasoa), Mari Kobako (Markinan), Txindokiko Mari (Amezketan), Mari Munduko edo Mari Muruko, Beasain edo Ataunen... hala ere, izen guztietatik, izenik zaharrena Mari dela esan daiteke.

Lurpean bizi da, mendietan kokatzen diren leize eta kobazuloetan. Pertsonaia eme delarik, Mari era askotan ager daiteke: gehien azaltzen den eratako bat, oso emakume eder eta galant bezala da; bere kobazuloetan, gizaki-oinak erakutsi beharrean, animalia-oinak erakustea ohikoa da (ahuntz edo hegazti-oinak hain zuzen) edo baita bere figura osoa zoomorfiko ere izatea (zekor edo behor bezala); kanpoan delarik ordea eta zeruan hegal egiten, oro har suz inguraturik ikustea da ohikoena, eta igitai bezala, hodei gorrixka bezala zein haize-bolada bezala agertzen da maiz.

Gainerako jeinuen erregina dela argi dago, eta Maju (herensuge, sugaar —suge ar esanahiarekin— edo sugoi) jeinuarekin harreman berezia du. Biak elkartzen direnean ekaitz handiak sortzen omen dira eta zenbait kasutan bi alaba edo bestela bi seme (Mikelats eta Atarrabi) dituztela agertzen da.

Bere jarduera ohikoenetako bat, ekaitz handiak sortzea da. Hori dela eta eskaintzaren bat (ahari bat zein bestelako abereren bat, txanponak...) ematen dionak ez du ekaitzon ondorio larririk pairatuko. Era berean, zenbait fabore egin dezan jainkosa deitzea posible da, baita bere kobazuloan bisitatzea ere, baldin eta horretarako zenbait jokabide-arau jarraitzen diren. Bere kondairak jarraituz, Mari gizakien arteko elkartasuna sustatzen ez dutenekin, gezurti, lapur eta harroputzekin gupidagabe dela esan daiteke, zenbait formula desberdinez zigortuz.

Mari Muruko

Marirekin erlazionaturiko kondairak Euskal Herri osoan ugariak badira ere, ugariak ere dira Gipuzkoako Goierri inguruan eta aldameneko eskualdetan jendeak gorde izan dituen kondairak. Eta bada Murumendi mendiarekin loturiko Mari-ren kondaira bilduma luzea. Inguruotan Marik zenbait izen jasotzen ditu-eta: Mari-muruko "Mari Murukoa", Marimunduko "Munduko Mari?" eta Muruko-dama izenak hain zuzen. Beraietako batek —Albizturren jasotako kondaira batek— behin batean Mari ikusi zutela dio. Eguzkipean Murumendiko kobaren atarian, bere ahariaren gainean eserita, ilea orrazten ari omen zen. Aurpegia ezkerreko oinarekin garbitzen omen zuen. Zergatik atontzen ari zen era xelebre hartan galdetu zioten. Beraz zera erantzun zuen: "gaur Naparrora nua iittara" (gaur Nafarroara noa igitara). Arratsalde hartan, harriak Nafarroako gari-soro zabalak deuseztatu zituen.

Hala ere, Mari Murukoak badu bere kondaira propioa. Beasain, Ataun, Ordizia, Arano eta beste zenbait errietako ipuinetan diotenez, Beasaingo "Burugoena edo Murugoena" (Muruguene edo Buruguene) baserriko gazte kristau bat Marirekin maitemindu omen eta berarekin ezkondu zen. Mari oso neska ederra omen zen. Zazpi seme-alaba ukan zituen. Mari ez zen elizara joaten eta seme-alabok ez zituen bataiatu, Mari Kristau ez baitzen. Behin batez, senarrak, seme-alabak bataiatzeko helburua hartu zuen. Eta Mari elizara ere eramatearren, gurdiari sokaz kateatu zuen senarrak. Elizarako bidean, Mari sugarrez inguratu, sokak erre, Burugoena baserri ondoko haitzera salto egin —bertan bere oin bateko arrastoa utzi— eta Murumendirantz egin zuen hegan ondorengo hitzak esanez: "ne umeak zerurako, ta ni oaiñ Mururako!!! Muruguena ez da sekulan eri edo maki gabe izango" (nire umeak zerurako, eta ni orain Mururako!!! Murugoena ez da sekulan eri edo maki gabe izango), eta geroztik Murumendin duen haitzulo zaharrean bizi omen da.

Joxe Migel Barandiaran-ek jasotzen duenez, "Azken aldian Usurbe mendiko etxeetan jaso izan den istorioen arabera —Murugoena baserria ere etxeon artean da— eta baita Eusko-Folklore bilduman ere jasotakoen arabera, Mari Murumendin bizi omen da menpean dituen beste zenbait jeinurekin batera. Han gordetzen ditu jasotzen dituen opariak, geroago bere zerbitzari eta lagunei oparitzat ematen diena. Itsasondo herrira Marik harririk edo kaskabitorik bidal ez zezan, bertako bizilagunak herriko apaiza talde-buru zelarik, urtero dama misteriotsuaren kobaren atarian meza egiten omen zuten: hala esaten omen zen Murumendi inguruko herrietan, hau egia den dokumentaziorik ez den arren".

Batzuetan, gauean, abiada bizian hegal eginez, alde batetik bestera zerua zeharkatzen duen suzko igitai bat ikus daiteke. Mari da, etxera itzultzen ari dena.

Murumendiko burdin aroko kastroa

Murumendi mendiaren tontorrean aurki daitekeen herrixka, —egoera onean gorde dena— sortaldean amildegi batez dago mugaturik eta iristera erraza du hegoaldetik, sartaldetik eta baita iparretik ere. Zirkuluerdi-formako bi terraza zentrokidez osaturik dago (bata 50 metrokoa eta bestea 150ekoa) eta kanpoan duen harri-pilaketak harresi baten erorketaren ondorioz gertatutakoa izan daiteke. Aztarnategiaren zabalera osoa 1,6 Ha-koa da. Bi terrazak eta aurkitu diren materialak ikusirik, Burdin Aroko herrixka bat izan daitekeela pentsa daiteke, baina Erdi Aroko gotorleku bat dela erabat baztertu gabe, betiere C14 karbonoaren datazioa kontutan hartzen bada.

C. Olaetxeak zuzendutako Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Saileko zenbait arkeologok 1992. urtean bertan zundaketa bat egin zuten: zundaketa hartan zenbait zeramika- suharri- eta burdin- zati aurkitu zuten. Zatiok Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Sailean gorderik dira.

ITURRIA: Beasaingo Udala.

Areriako Alkatetza nagusia

Gaur ere gogora ekarriko dugu Alkatetza Nagusi hau, izan ere inguruan aurkituko ditugun herri batzuk (Arriaran, Gudugarreta, Astigarreta eta Garin –egun Beasain barruan integraturik-), Zumarraga, Lazkao, Olaberria, Itsaso, Gabiria, Ezkioga… herriekin batera halako Alkatetzan parte hartu zuten. Alkatetzak herriok Gipuzkoako Batzarretan ordezkatu zituen.

Hauxe Gipuzkoako izan zituen hiru Alkatetza Nagusietako bat izan zen (SAIAZekoarekin –nagusiki Ernio hegoaldeko herriak elkartuz- eta AIZTONDOkoarekin –Ernio iparrekoak hartuz- batera), jatorria garai oso zaharretan koka daitekeelarik. Honen berri ematen da Iruñeko katedralaren 1027ko diru-dotazio eta zaharberritzerako eskrituran, diozesi honen bailara gisa agertzen da-eta. 1375 probintziako ermandadeko ordenantzek nahiz eta euren izenik ez eman, hiru alkatetza nagusi zeudelakoan daude: ez dago zalantzarik euretako bat Areriakoa zenik.

Gipuzkoako Alkatetza Nagusiak usadiopeko lurraldean zeuden, Gaztelako erregegoa baino antzinagokoak ziren eskubide eta erabileretan murgilduta, eta lurralde hau tokiz tokiko jauntxoek babestuta zegoen.

INFORMAZIO GEHIAGO: http://www.euskomedia.org/aunamendi/3288

Pagorriaga landa-etxe eta orein-granja

Euskadiko Lurralde Partzialeko Planek kalifikatzen duten bezala, Pagorriaga baserria Murumendi tarte Interes Naturalistiko barnean kokaturik dago. 700 metroko garaietan kokaturik dago eta bertatik ikus daitekeen paisaia oso ederra da. Talaia honetatik itsasoa ikus daiteke, baita Anbotoko mendilerroa eta hegoalderantz eta ipar-mendebalderantz kokatzen diren tontor gehienak ere, Murumendi mendiaren hegaletan kokaturik dagoelarik, Beizamako biotopoa hasten den sakanari begira dago, Gipuzkoako hariztirik handiena hasten den gunean hain zuzen. Lur-azpi karstikoak hainbat kobazulo, leize, dolina, iturri eta ur-salto dituen errekasto sortu ditu. Flora nabarmena da eta gorostiak, haginak, pagoak, haritzak, lizarrak eta une honetan oreinen lanari esker, garbi mantentzen diren larreak ikus daitezke bertan. Faunari dagokionez, aurki daitezkeen espezien zerrenda zabala dugu: basurdeak, azeriak, azkonarrak, basakatuak, orkatzak eta hegazti-espezie ugari inguruetan; erreketan bestalde amuarrainak aurki daitezke. Abeltzaintzari dagokionez talde nagusia bertan diren 50 orein-emeen taldeak osatzen du, hauekin batera 4 orein-ar heldu dira baita ere urtez urte jaiotzen diren orein-kumeak ere, hain zuzen. Hauetaz gain, ardi batzuk, ahuntz nanoak eta eskortako hegazti ugari aurki daitezke bertan. Baserria eguzki- eta haize-indarrez hornitzen da, baita egurrez ere.

Landa-etxe bezala ia urte osoan irekita dago.

Atxabal - Txarabeltz

692 metroko garaietan dagoen mendia. Gainak ez du interes handiegirik ez bada “zentenarioen” artean kokatzen delako: zoritxarrez, gaur mendiak ez du mendizaleen bisita askorik jasotzen. Murumendi, Izazpi eta Urraki gainen artean dago. Itxuraz, mendiaren izena Atxabal da eta Txarabeltz bertako sail bat. Txara joria izango zen, agi denean, eta hortik beltza. Gaur egun ere, txara jator, ota, sasi eta elorriz beteta dagoenez, ezeroso samarra gerta daiteke gainetik ibiltzea.

Usurbe – Beasainmendi

Usurbe mendia Murumendi mendilerroan dagoen mendi gipuzkoarra da. Murumendi mendia bere aldamenean du. Mendi honen gailurrean gurutze txuri handi bat eta Goierri eskualdearen zati handi bati telebista eta irrati seinalea ematen dion telekomunikazio antena erraldoia kokatzen da.

ITURRIA: Wikipedia.

Aratz-Matxinbenta auzoa

Beasaingo udal-lurraldeko I-ean kokaturik dago, Ezkiotik, Itsasotik eta Beasaindik datozen erreka-elkartze gunean hain zuzen.

Beasain, Ezkio-Itsaso eta Azpeitia udalek (Gipuzkoa) konpartitutako auzoa dugu, eta, Atxabal, Mandubia eta Izazpi mendien azpian dagoen zelaian kokatzen da.

Bere jatorriko izena Aratz-Matxinbenta dugu. Matxinbenta izena, auzoaren jurisdikzioan “etxalde hustu” gisa zegoen bentatik? datorkio. XVIII. mendean, benta Xabierreko Kondearen jabetza izan zen eta auzi luzea jasandakoa izan zen. Behin eta berriz ixten saiatu ziren izan ere bertan gordetzen ziren inguruan bidera irteten ziren lapur eta bandoleroak, desordena nabariak sortuz.

Goierriko bandoleroak

Goierrin ditugun baita inguruan diren hainbat mendate eta paraje batzuk, Elosua edo Matxinbenta auzoak, edo Deskarga edo Mandubia (mandabide etimologiarekin) mendateak kasu, bandoleroen tokiak izan ziren XVIII. eta XIX. mendeetan. Matxinbenta auzoko benta bera, Xabierreko Kondearen jabetza hain zuzen, hainbat aldiz ixten saiatuz iren, izan ere bertan gordetzen ziren inguruetan lapurretan ari ziren lapur eta bandoleroak.

Garai haietan ugariak izan ziren Euskal Herrian zabaldu ziren lapurrak, eta euren kontakizunak bolbora bezala zabaldu ziren iparretik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Besteak beste, hauek nabarmenduko ditugu: Bizarbeltz, Galtxagorri, Ignacio Lazkano, Miguel Larrazabal, Maria Antonia Basarte, Joxe Esnal Motxa, Juan Jose Ibargoien “Guiñi” eta Pierres Kaderezar “Frantses Txikia”, besteak beste.

Garaiko bandoleroak gainera, uste okerrez kutsaturik bagaude ere, gehienak bertakoak ziren, euskaldunak alegia eta ogibide hori bizi irauteko modu gisa hartutakoak ziren, baserririk ez zutenak, eta lan egiteko aukerarik ere ez. “Bandoleros Vascos” (euskal bandoleroak) liburuaren egile den David Zapirainen ustez, bandoleroak “ez ziren abenturazaleak, ez asasinoak, ez pelikuletako Robin Hood bezalako pertsonak. Beharrak bultzatuta jokatzen zuten horrela. Hori bai, batzuk profesionalak ziren, hau da, urte osoan ibiltzen ziren lapurretan; beste batzuk, ordea, egoeraren arabera sartzen ziren zeregin horretan, aro konkretu batzuetan, gabezia uneetan”.

Karlismoak hartu zituen berarekin ia bandolero guztiak. David Zapirainek esana “[…] errepresioak ez ditu arazo sozialak konpontzen, eta hau arazo soziala zen batez ere. Beraz, lehenengoko karlistadak irentsi zuen giza egonezin hori. Gerra amaitu eta berriz puri-purian jarri zen lapurretaren kontua.”

Guztietatik, Goierri garaian Jacinto de Olariaga, oso bandolero ezaguna izan zen. Bergaran gorde diren bi autotan, Jacinto bera, Azkoitikoa, eta bere kideak Pablo Francisco de Sorreguieta, Januario de Vidania eta Jose Ramon de Jauregui “por robos y asaltos en los caminos y caserías” (bide eta etxaldetan lapurreta egiteagatik) Bergarako epaileen aurrean 1802/10/20an eta 1806/05/17an pasatu ziren.

Amaitzeko, Salbatoretik Ormaiztegirako bidean XX. mende amaierara arte Lapurretxe izeneko etxe bat zegoen… bandolero eta lapurrek utzitako aztarnak iritsi zaizkigu gaur egunera.

[-] Itxi 
Eranskina (2)

2010eko martxoak 13.

Argisaingo Santa Marina.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (3)

2010eko martxoak 13.

Luis Pedro Peņa Santiago.

Irakurri gehiago [+]