Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea 18+ urtez ibilaldiak euskaraz dokumentatuz
laguntzailea Alex Kirolak
 
eu | es   
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Zumarraga - Antio - Lizarreta lepoa - IZAZPI (973 m) - Pagotxoeta - SAMIŅO (932 m) - OLETA (762 m) - Agiņaga - Zumarraga

Zumarragako mendialdean
Izazpi gainean
Izazpi gainean
—© Gorka Garmendia—
Egin klik handiago ikusteko
(29,704 byte)

Ondoren Zumarragako mendialdean 21 kilometro luze den ibilbidea deskribatuko dugu, Zumarragako Euskadi Plazatik hasi eta bisitatutako lehen gaina Izazpi (973 m) izanik, Zumakortaburu mendira arteko Pagotxoeta, Samiño eta Oleta mendi eta parajeak bisitatu ondoren, Agiñaga auzotik jaitsiz, berriz Zumarragara jaitsiko den ibilbide zirkularrean. Webgune honetan idatzitako eranskinean izango duzu bisitatuko ditugun tokien informazio zehatz eta zabalagoa.

ZUMARRAGAKO PLAZAtik Piedad kalerantz irteten diren eskailerak igoko ditugu. Piedad kalearen amaieran Zumarragako PARROKIA dago, eta bere ondoan ZUMARRAGAKO TRIKITIXAREN OMENEZKO ESTATUA, errotonda baten erdian. Errotondan bertan Elizkale kalea hasiko da, bere aurrean trenbidearen "lubakia" duela: lubakian TXISTULARIAREN OMENEZKO ESTATUA eta Oteizaren ITZIAR ESKULTURA ikus daitezke. Lubakiaren aurrean, MERTZEDARIEN KOMENTUAren ondoan, herriko kanposantura doazen eskaileretatik igotzen hasiko gara: garaiera hartzen hasiko gara.

Kanposantuaren atzetik jarraituko dugu, aldapan gora jarraitzen duen zidor bat hartzearren. GURRUTXAGAZPIKOA, GURRUTXAGAERDIKOA eta GURRUTXAGAGOIKOA baserrien ondotik igaro ondoren (GURRUTXAGAGOIKOA oso baserri interesgarria dugu, fatxadan puntu erdiko bi arku ditu baita armarri bat ere), ANTIO edo ZUMARRAGAKO ANDRA MARIAren Ermitarako azken errepide tartera iritsiko gara. Baseliza euskal estilo erromanikoan XII-XIII. mendeetan egindako eraikina dugu, eta haranaren sakonean Zumarragako parrokia 1575. urtean eraikitzen amaitu arte, herriaren parrokia izan zen. Ermitak barnean egurrez egindako egitura aberatsa du eta horrek Euskal Herriko baselizarik ederrenetariko bat izatera ekarri du. KONDAIRA batek jentilak aipatzen ditu, Aizkorritik harriak bota zituztela baseliza eraiki ez zezaten. Paradoxa bada ere, jaurtikitako harriok elizaren eraikuntzan erabili izan zirela dio kondaira berak, aski zaila izango zatekeen kontua izan ere ermitaren harria hareharria dugu hain zuzen. Uztailaren 2an, urtez urte bertan ZUMARRAGAKO EZPATA-DANTZA ezaguna dantzatu izan da.

Hemendik aurrera, porlanezko pista bat hartuko dugu eta 100 bat metro bertatik ibili ondoren, ezkerretik irteten den zidor bat hartuko dugu, gorago, Beloki mendiaren hego magalean dagoen beste pista batekin topo egiteko. Bertatik jarraituko dugu ELORRIAGAko lepo eta baserrira iritsi arte. Gainean iturri bat dago, BELOKI (641 m) mendiaren tontorrera doan pistaren ondoan. Aldapa jaitsi eta lepora iritsiko gara. Borda pare bat lepoan.

Ezkio-Itsasoko OSINALDE baserrirantz doazen marka zurigorriei kasurik egin barik, porlanezko pista aurrez aurre hartuko dugu, eskuinerantz eta ezkerrerantz ateratzen diren beste pistak hartu gabe. Bakar-bakarrik dagoen txabola batera iritsiko gara. Pista utzi eta ezkerraldetik gorantz ateratzen den zidor bat aurkituko dugu, Izazpiko mendebaldeko magaletik doan zidorra dela hain zuzen.

Metro gutxi batzuk ibili eta eskuinerantz beste zidor bat hartuko dugu oraingoan, pago batzuez hornitutako zelai batzuetan sartzen dena, Izazpiko hego magaletik jarraitzeko Ezkio-Itsasoko udal barrutiko ATXURZAGA lepo aldera.

Bide honi jarraituko diogu; bertan Mutxetegialdeko iturria aurkituko dugu, iturri oparoa urte osoan zehar, bertan kokatzen da Izazpierrekaren sorburua, Zumarraga eta Ezkio-Itsaso arteko muga ere badela aipatu behar dugu. Aurreraxeago Mutxetegi Txiki txabolaren ondoan pasatuko gara, eta azkenik, LIZARRETA izeneko parajera iritsiko: txabolatxo zuri bat bertan. Hemen norabidea aldatuko dugu, iparra hartuz eta lehendabizi gogorra den aldapa geroxeago samurrago bihurtuko da Izazpi mendiaren HE-ko magaletik pasa den bitartean. Magaletik jarraituko dugu ELORTXOko lepotxora iritsi arte. Mendiaren atzealdean dagoen muinotxo bat da eta Urola haraneko bista ezin hobeak eskaintzen ditu: tontortxoan mugarri bat, Azpeitia eta Ezkio (Ezkio-Itsaso) udal barrutien lurrak mugatzen dituena. Urola-Kosta eskualdeko bista zabalak aurrean ditugu.

Hemendik pendiza gogorrean eta HM-ko norabidean, Izazpi gaineraino igo beharreko azken aldapatik igoko gara. IZAZPI (973 m), gurutze handi batez koroatutako gaina, bertan "PAKEA TA MAITASUNA" idatzita dituelarik. Buzoia eta erpin geodesikoa. IZAZPI mendiaren izen zuzena halaxe da, Izazpi, eta ez Izazpe, azkeneko 20 urteotan agerkari askotan (prentsa, gidak, mapak, direktorio toponimikoak...) agertu den bezala. Webgune honetan eskaintzen dugun eranskinean, aurkitu daiteke kontu honi buruzko informazio gehiago.

Izazpigaña Goierriko balkoietako bat dela esan dezakegu —haren hiru ibai-arro nagusietako —Urola, Estanda eta Oria— lurren gaineko bista ezin hobeak erakusteaz gain, Urola-Kosta eskualdeko lur askoren (Aratz-Matxinbenta, Loiola, Azpeitia,...) bista ezin hobeak ere eskaintzen dituelako. 360 gradutan zehar panoramika zabal-zabala da, eta hegoaldetik hasita ondorengo mendi eta mendialdeak ikus ditzakegu: AIZKORRI MENDIZERRA (haren zabalera osoan), ARGIXAO, AIZALEKU, KOROSTIAGA, ARROLAMENDI, IRIMO, UDALATX, ANBOTO, ELGETA GAINA, Gipuzkoan garaien kokaturik dagoen herri gisa, KAKUTA, ERLO, GAZUME, ERNIO, MURUMENDI, USURBE, ARALAR MENDIA (LARRUNARRI oso nabarmen delarik), BERIAIN, EUSKAL PIRINIOA, argi ikus daitekeena neguko egun argitan eta ARATZ mendia... berriz Aizkorri mendian zirkulua itxiz. Izazpik Izarraitz mendialdearekin izandako elkarrizketa bat kontatzen duen kondaira bat badago, eta kondairan agertzen dira zein den beraien izenen jatorria...

Gurutzetik metro gutxitara, eta IM-ko norabidean, Azpeitia, Ezkio-Itsaso eta Zumarragako udal barrutiak banatzen dituen hiru aldeko mugarria ikusiko dugu.

Ibilbideak jaitsiera samurrean jarraituko du UR-PUTZU batzuk dauden SAKONTXO batera iritsi arte. "Amojonamiento de los términos de Velerayn entre Azpeitia e Çumarraga" izeneko 1529ko dokumentuan "Yçaspi ydoya" izeneko lekua ageri da dokumentatuta, idoia, euskara zaharrean putzua adierazteko izena denik. Hantxe bertan zeuden putzu hauek han orain dela ia 500 urte. Geroxeago aldapa samur bat igo ondoren, IM-ko norabidean jarraituko dugu, ezkerraldean pinu batzuen artean kokaturiko Izazpiko gurutze zaharra, burdinaz egindakoa, utziz. Haren ondoan ANJEL ETXEBERRIA mendizalearen OMENEZKO MONOLITOA aurkituko dugu; jaisten jarraituko dugu eta azkenik ARANTZETA LEPOra iritsiko gara.

Apur bat geroxeago ARANTZETAKO GAÑEko TUMULUaren ondoan igaroko gara, eta hau ikusi ostean PAGOTXOETA LEPOra daraman pista batekin egingo dugu topo (izen bereko bordatxo bat lepoan). Ez da arraroa "pago" hitzarekin erlazionatutako toponimoak aurkitzea gailurreria osoan, izan ere, orain dela mende batzuk, pagadiak jaun eta jabe izan ziren mendialde honetan eta egun, Zumakortaburu aldean kokatzen den pagadiren bat izan ezik (Txerreneko pagadia esaterako...), ia ez da pagadirik geratzen Zumarragako udal barrutiko lurretan. Kizkitzako itsaso-tradizioa eta iraganean bertan izan ziren pagadi zabalak itsasontzien industriarekin lotuta omen daude. Pagotxoeta bestalde, XX. mendeko erdialdera arte, bi isurialdetako gazteak erromerian (dantzan, kartetan...) batzen zituen lepoa izan zen: bertan igarotzen zituzten alai jaiegunetako arratsaldeak.

Toki honetan gutxi gorabehera betetzen da ibilbideko erdialdea. Gure aukera aurrera jarraitzea izango da. Dena dela, nahi duenak SAN KRISTOBAL ERMITA eta ORAA BASERRIrako ezkerreko bidea har lezake handik errepidez Urretxu-Zumarragako erdialdean Areizaga-Kalebarren plazara jaistearren.

Esan bezala, guk norabide beretik jarraituko dugu eta PAGOTXOETA GAINera igoko gara. JOXEMARI ETXANIZ euskaltzalearen omenezko monolitoa ikusiko dugu. Gasbidea jarraituz jaitsiera txiki bat egin ostean, ordoki batera iritsiko gara: bertan kokatzen zen PAGOLAko TUMULUa, gasbidea egiteko lanek suntsitu zutena. Orain dela ia 20 urte gasbidea eraikitzearen obrek ere Samiñoren kordalean zauri larriak sortu zituen; mendialdean denbora pasa eta gero, pixkanaka errekuperatzen ari dela ikus daiteke. Norabide bera jarraituz, PAGOLAko LEPOra iritsiko gara. Betan, bordatik metro gutxitara, PAGOBAKARRAko TUMULUA ikusiko dugu.

Pagolako lepotik aurrera Samiño tontor aldera aldapa gogorrarekin hasiko gara. Aldaparen erdian IRUARRIETA II izeneko TRIKUHARRIA ikusiko dugu, SAMIÑO edo IRUMUGARRIETA (933 m) gainera iritsi baino lehen. Mendiaren izenak Azpeitia, Azkoitia eta Zumarraga arteko mugaldea ere aipatzen du. Gurutzearen IM-rantz ehun bat metro ibiliko bagina, aterpe gisa eraikitako TXABOLA IREKI batera iritsiko ginateke: toki aproposa bera indarrak errekuperatzeko toki bat aurkitu nahi bada.

Gainetik M-ko norabidea hartu eta IRUARRIETA I eta IRUARRIETA izeneko trikuharriak ikusiko ditugu, ELORTXO izeneko parajean kokatuak biak hain zuzen. Iruarrieta trikuharria, Zumarragako mugatik eta baso batetik gertu dagoela, nahaspilatuta dagoela ematen du: eta hala izateak badu zergatia. Iruarrieta trikuharria 1979an aurkitu zuten eta 1979 edo 1980 urtean baserritar batek hondeamakina hartu eta trikuharria irauli zuen bertan gorderik egon zitekeen altxor baten bila edo: URREZKO KANPAIAren kondairarekin bat egiten dugu hemen. Oletako paraje honetan bestalde, bada KARLISTEK SOLDADU LIBERALEI gerra karlistetan egin omen zieten SEGADA bat kontatzen duen KONDAIRA. Kondairak dioenez, liberalek zeramatzaten urrez kargaturiko mandoek ihes egin zuten eta azkenik Aizpurutxo aldeko baserri batera iritsi ziren urrearekin batera: baserrikoek urtez askoz "sekretua" gorde omen izan zuten. Trikuharritik 250 bat metro ibili ostean, Zumarraga eta Azkoitia arteko muga jarraituz, Oletako lepora iritsiko gara: bertako ordokian BURDINAZKO GURUTZE txikiaren ondoan, Azkoitiarekiko mugatik oso hurbil OLETAko TUMULUa ikusiko dugu. Bertan ere 2008ko Trinitate igandean (erromeria egunean) inauguratu zen TXABOLA berria dago.

Ezkerrerantz Agiñaga aldera jaisten den bidea hartu gabe, zuzen aurrerantz lurrez estalitako pistatik jarraituko dugu PAGOZURIETA eta ZUMAKORTABURU mendien ipar isurialdera pasatzeko. Pistak ezkerrerantz bira eginez jarraituko du, eta handik sigi-saga egiten duen ibilbidetik TXERREN BASERRIra daraman pistaraino iritsiko gara (inguruan honen pagaditik ibiliko gara, inguru honetan hain zuen balio natural handiko pagadiak ikusteko aukera dugu-eta). Ezkerretik jarraituko dugu, eta ZUMAKORTA baserriaren gainetik igaro ostean, Agiñaga nekazal bailarara iritsiko gara. Hatxe AIZKOLARIAREN OMENEZKO ESTATUA ikusiko dugu, hain zuzen ere, JERONIMO ITURBE "Agiñeta" aizkolari handia bertako bizilaguna izan zen-eta.

AGIÑAGA auzotik Zumarragarako errepidea hartuko dugu, ABENDAÑO BASERRIrantz daraman eskuineranzko pista aurkitu arte. Beste aukera den adela, errepidez jaistea ere liteke Sasiera atseden-guneraino. Abendañotik jarraituz gero, baserriaren ezkerretik jaitsiera nahiko azkarrean gutxi erabilitako zidorretik iritsiko gara IZUKITZA BASERRIRAino: haraneko magalean kokaturik, UROLA TRENBIDEaren Agiñetako geltokitik kokaturik dago baserria hain zuzen ere. Agiñagara igotzen den errepidera aterako gara eta berau hasten den tokiraino iritsiko gara. SASIETA ATSEDEN-GUNEa eta UROLA IBAIA dira bertan.

Zumarraga eta Urretxu udalek atondutako BIDEGORRItik (hemendik pasatu zen iraganean Urola trenbidea) jarraituko dugu, UR-ARAZTEGIaren ondotik pasa lehenik, ETXEBERRI AUZOaren ondotik pasa ondoren eta azkenik Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazaraino, hasiera-puntutik gertu iritsiko gara ibilbideari amaiera emanez.

Testu honekin batera, ibilbidean zehar ikus ditzakegun toki interesgarrien eranskina irakurtzea gomendatzen dugu, era honetan hobeto ezagutuko ditugu-eta Zumarraga aldeko inguru hau.


[-] Itxi 
Eranskina (1)

2009ko martxoak 14

Ibilaldian kontuan hartu beharreko eraikinak, parajeak eta kondairak...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (2)

2008ko irailak 7

Orain dela berrogeita hamar urteko egun batean... Izazpiko gurutzearen 50. urteurrenean.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (3)

2008ko irailaren 18an.

Izazpi ala Izazpe?

Irakurri gehiago [+]