Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Etxarri-Aranatz - IRUMUGETA gaina (959 m) - Etxarri-Aranatz

Etxarri-Aranatzeko trikuharrien ibilbidea (10 trikuharri).

TRIKUHARRIEN IBILBIDEA. Etxarri Aranatzeko udal barrutian kokaturik dago eta bete ahal izateko luzera desberdineko bi zidorrez osaturik dago: bi zidorrok herri honetako UDALAk sustatuak izan dira. Biok herriko kanpinetik abiatzen dira eta ibilbideko trikuharrien ondoan jarritako panel tematikoetan, interesgarriak diren gaien azalpena irakur daiteke. Guk gaurkoan IBILBIDE LUZEA osatuko dugu, PR NA-133 izeneko ibilbidea hain zuzen: 15 kilometroko luzera du eta 4 bat ordutan bete daiteke. Zidor honek mendialdean aurkitzen diren 10 trikuharriren aztarnak erakutsiko dizkizugu.

ETXARRIko KANPINA (0 Km / 490 m / 0:00h). Kanpinaren goialdetik eta eskuinaldetik doan pista hartuko dugu. Berehala, pistaren ondoan kokaturiko haritz batek jarraitu beharreko markak erakutsiko dizkigu. Bidegurutzean zuzen jarraituko dugu, PR-NA133/134 ibilbideen markaz zuri-horiak jarraituz. SL-NA-135 ibilbideko markak ez ditugu jarraituko. Pistak samurki aldapa beherantz egingo du eta IRAIGORRI ERREKA zubi polit batetik igaro ondoren (0:06h), aurrera jarraituko dugu. Tarte honetan, pistatik jarraituko dugu, alboetara irteten diren pistak zein zidorrak kontutan hartu gabe.

BIDEGURUTZE batera iritsiko gara; zuzen jarraituko dugu, eskuinerantz irteten den IBILBIDE LABURRA hartu gabe.Minutu gutxitan SAN ADRIAN ERREKAra iritsiko gara (00:27h); berau ibitik zein eskuinean topatuko dugun porlanezko zubitik igaro daiteke. Erreka zeharkatu eta pistatik jarraituko dugu, eta aldapa gogorreko tarte batetik igaro ondoren (00:32), San Adrian ermitaraino iritsiko gara.

SAN ADRIAN ERMITA (2,9 Km / 550 m / 00:36h), bidearen eskuinaldean ikusiko dugu. Nabe angeluzuzena duen eraikina dugu, kutsu landatarrekoa, Erdi Aroan jatorria duena, 1983. urtean jasan zuen sutea berritua izan bazen ere. Zurezko habeteriaz babesturik dago eta bi isurkiko teilatua du gainean. Barnean, San Adrianen tailu moderno bat gurtzen da.

200 metrotan MERENDALEKUA aurkituko dugu. San Adrian egunean (ekainaren 16an) Etxarriko biztanleek bertan ospatzen den erromerian parte hartzen dute. Tokian aurkitzen diren mahai ugariek egun honetan izaten den partehartze handia argi uzten dute. Guk ordea marka zuri-horiak jarraituko ditugu, eta zenbait tartetan nahikoa lokazturiko pista batetik, sastraka, haritz eta pago artetik igoko gara. Panoramika, sortaldean Andia Mendia, sartaldean Olatzagutia. Irumugeta tontorraren inguruan bisitatuko dugun gainaldeko kordala ere ikusi ahal izango dugu bertatik.

Aldapa gogorrean, basotik jarraituko dugu. Bidegurutze batean zuzen jarraituko dugu, orbelaz estalitako tartean. San Adrian ermita utzi eta 15 minutu geroago (4 Km), BEITZETA TRIKUHARRIA (700 m) markatzen duen seinale bertikal bat aurkituko dugu eskuinean. Harri-pila txikiarekin, eta zulo handi bat erdian gainera -inguruko trikuharri guztiak arpilatuak izan zirela seinale argia-, eta egurrezko hesi bat inguruan, ibilbideko trikuharri gehientsuenak bezala, hain zuzen. Basurdeari buruzko panela. Bidera itzuliko gara (00:59h), eta bidetik jarraituko dugu.

683 metroko garaieran (1:09h), pista utzi eta eskuinetik, basoan sartzen den zidorretik jarraituko dugu. Berehala, IRUITURRIETA TRIKUHARRIra iritsiko gara (4,7 Km), Beitzeta izeneko inguruan dagoena hain zuzen. Onddoei buruzko informazioa panelean. Harri-pila handia, eta honek ere zuloa erdian. Ondoko alanbre-hesia igaro ondoren jarraituko dugu (apurtuta dago) eta basoan gorantz garamatzan zidorretik jarraituko dugu.

JENTILZULO TRIKUHARRIA (4,9 Km / 850 m / 01:15h). Ikatz-txondorrei buruzko panela. Harri-pilaren erdiko zuloan, oinplano karratua duen mugarri handi batez hornitutako trikuharria. Jentilzulo izenak gainera, jentilei egiten die erreferentzia, hau da, euskal mitologiako pertsonaia paganoak, indar handia zutenak eta kristau zirenengandik kanpo, urruntasunean, mendian bizi zirenak. Dena dela, jakin dezagun ere bai, JENTILZULO izena, Sakana osoan trikuharriei ematen zaien izena badela.

Trikuharria utzi eta pago artean, argia eta xaloa den zidorretik igoko gara, hegi erdian Etxarrik Bakaiku herriarekin batera jarritako mugarri bat ikusiko dugularik. Bidean ere ikatz-txondorrak egiteko bi ordekatxo ere aurkituko ditugu. Aldapa gogorretik jarraituko dugu gailurreria gainaldera iritsi arte. 10 minutu geroago, aldapa gogorrenak igaro ditugula eta kordalaren gainaldean gaudela sentituko dugu.

BENTATXAR TRIKUHARRIA (5.6 Km / 923 m / 01:30h), BENTATXARGAÑE izeneko inguruan kokatua. Mugarriei buruzko informazio panela. Ondoren, une oro mugarriak jarraituko ditugu.

IRUMUGETA GAINA (6.2 Km / 959 m / 01:42h -nahiz eta Irumugarrieta izenez ezagun aizan, Irumugeta da inguruotan ematen zaion izena. Sartalderako panoramika zabalak. Hiru aldeko mugarria, 1777. urtean jarritakoa mugarrian agertzen den bezala.Ibilaldian zehar, Etxarrirekin bat egiten duten herriekiko mugarriak bisitatu ahal izan ditugu. Udalek berek jarriak, seinaleztapenerako erdi lurperatutako harri luzeak erabiltzen ziren, hauen ondoan, teila zatiak edo ikatza jartzen zelarik. Iraganean gainera, udal agintariek urtero herriaren mugen ibilbidea osatzen zuten, herriaren mugak gorde eta zaintzeko helburuarekin hain zuzen. Mugarriaren gaineko aldean marraztutako marra erabiltzen zuten, baso trinkoan hurrengo mugarria non zegoen kokatu ahal izateko. Mugarri bat lekuz aldatzea gainera, oso ekintza txartzat hartzen zen. JOXE MIEL BARANDIARANek ekintza hau aipatzen zuen ondoko istorioa jaso zuen:

Gizon batek Irumugetako mugarria lekuz aldatu zuen. Mugarri hau ATAUN, ETXARRI ARANATZ eta BAKAIKU arteko muga da. Hil zenean Irumugetako mugarriaren inguruan zebilen, eta hau esan zuen:

-Irumugetako mugarria, nire arimaren galgarria. Nun sar, nun sar?

Baina, beste gizon batek gau batean erantzun zuen:

-Atearen tokian sar zak.

Hilak ez zuen sekulan hitzik esan.

Pixkanaka gailurreriatik jaitsiko gara. Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugatik ibiliko gara, Etxarri eta Ataun herritako lurren artean hain zuzen. Gipuzkoako aldean MARKESENEA izeneko pagadi handia ikusi ahal izango dugu, halaxe deitzen diote hemen eta LAZKAOKO DUKE INFANTATUArenak diren lurrak izendatzen ditu. Lur hauek guztiak duketzaren jabego dira, eta baita aspaldian ere, Ataungo baserri asko ere, duketzarenak ziren. Hori bai, lur hauek guztiak jabe bakarra izana onuragarria izan da, izan ere, mendeetan zehar Ataungo basoak gorde ahal izan dira, ez Gipuzkoako bestelako basoen antzera, galdu zirenak pinuak antzinako pago, haritz, hagin, urki... zuhaitz autoktonoak ordezkatuz.

ZELATAMUNO (M) TRIKUHARRIA (6,5 Km, 936 m, 01:48h), hesirik gabea eta sei oineko pago baten ondoan kokatua, hain zuzen. Metro gutxitara, ZELATAMUNO (E) TRIKUHARRIA aurkituko dugu. Paisaiari buruzko panela. Panoramikak, E-an Beriain (San Donato) ikusiko dugu. Belarrez eta iraz estalitako eta sasiz zedarriztatutakoz idorretik jaisten jarraituko dugu.

MINTEGITXUTA TRIKUHARRIA (6,9 Km, 915 m., 01:54h). Haritzari buruzko informazioa ematen duen panela. Inguruetan, harresiz inguratutako haritzak aurkituko ditugu, hazitoki moduan erabiliak hain zuzen. Gipuzkoa eta Aralarreko panoramika batzuk ikusi ahal izango ditugu. Mugatik oinez jarraituko dugu./p>

ZIDORREN BIDEGURUTZEA (7,4 Km). Etxegarate, Lizarrusti eta ANTATXULA TRIKUHARRIA (ibilbidean ez dago) markatzen dituen seinale tridimentsionala. Guk ez diogu marka zuri-gorriei kasurik egingo eta mugaz muga gailurreriatik jarraituko dugu.

TXARADIGORRI TRIKUHARRIA, Txaigorriko jentilzulue Etxarrin esaten duten moduan (8 Km), aurrekoak baino egoera hobean (02:09h, 963 m., 1917an JOXE MIEL BARANDIARAN ataundarrak aurkitua. Bertako panelak Trikuharriaren egituraz mintzo da. Oso nabaria ez den bideak pagaditik jaitsiko da. Hauxe izango da gaurko kotarik garaiena.

Zenbait minutu geroago (02:14h) eroritako pago baten enbor batekin topatuko gara, oso modu deigarrian ebakia gainera. Udalaren baimena dutela, eroritako pagoak herriko aizkolariek ebakiak izaten dira, beren entrenamendua osatzearren. Baliteke Floren Nazabal herritarrak enbor hauek ebaki izana iraganean, kirol honetan egin beharreko prestakuntza bezala.

Kordala utzi eta Auntzetxera doan beheranzko pista hartuko dugu (02:23h). Metro batzuk aurrerago, pisten bidegurutzean, jaisten jarraituko dugu.

AUNTZETXE (02:31h). Lepo batean, ahuntzentzako borda gisa erabili zen eraikuntza baten arrasto edo hondarrak ikusiko ditugu. Auntzetxe igaro ondoren, OLANO LEPOra (9,6 Km / 02:39h) iritsiko gara. 2007an egindako pista bat bertatik irteten da. Lepo beretik irteten da eskuinalderantz ibilbide laburreko bariantea. Guk ordea, zuzen jarraituko dugu, basoan aurkitzen dugun zidorretik gora hain zuzen, geroan ezkerraldean ikusten dugun kordaletik jarraitzeko. 500 metroko garaieran, pago artean, PAGOMENDI mendia aurkituko dugu.Bidea abandonatu (10.6 Km) eta eskuinean dugun aldapa gogorretik igoko gara, FAGAMENDI TRIKUHARRIAREN bila (814 m / 02:48h). Pagoari buruzko informazioa panelean. Bidera itzuliko gara berriz eta beratik 100 edo 150 metro ibili ondoren, berau utzi eta eskuinerantz eginez basoan jarraitzen duen zidor batetik jarraituko dugu. Aralarreko panoramika iparraldean, Hegoaldean Beriain (San Donato) eta Etxarri-Aranatz.

MAITZEGUR TRIKUHARRIA (11,5 Km / 750 m / 3.04h), ZAMALGAIN izeneko tokian kokatua. Bertako panelean, Trikuharriaren esanahia lantzen da. 50 metro ibili ondoren, gailurreria eta alanbre-hesia abandonatuko ditugu, eta eskuinalderantz jaitsiko gara. Pagadiak haritz amerikarrari utziko dio lekua. Geroxeago, sigi-saga egiten duen jaitsiera nabarmen batetik jarraituko dugu, aldamenetatik irteten diren zuhaitz bakantzerako bideei diegu jaramonik egin barik.

BIDEGURUTZEA (13,2 Km). Ezkerreko bidetik jarraituko dugu. 400 metrotara, eskuineko bidearekin bat egingo dugu; ezkerretik jarraituko dugu, alanbre-hesiaren ondoan goazela.

METALEZKO LANGA eta errekaren gaineko ZUBIA (14,3 Km, 03:34h). Lehendabiziko erakuntzak ikusi ahal izango ditugu. Zuzen jarraituko dugu errepidera iritsi arte. Errepidean, eskuinerantz jarraituko dugu.

KANPINAREN KANPOKO PARKINERA iritsiko gara. (14.9 Km, 3:40h) eta ibilbidearen amaiera. Etxarri Aranatzeko ondare historiko eta kulturala apur bat hobeto ezagutu dugu gaurko ibilaldian. Atsedena hartzeko garai da. Bagoaz gaurkoan estera.

OHARRA: Eskerrik asko Etxarriko Juantxori ibilaldia osatzean emandako informazioagatik.


[-] Itxi