Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Andoin - Toberiako ur-jauziak - Mendiluze mairubaratza - Iguaran haitzuloa - BALLO (1.197 m) - MIRUTEGI (1.166 m) - Durruma

Entziako altxorrak

ANDOIN herriko (610 m) plazatik Hegoalderantz zuzenduko gara, eta errekaren parean jarraitzen duen pista batetik jarraituko dugu, eta bestaldera segituan zeharkatuko dugu erreka ondoren. Langa bat zeharkatuko dugu eta, igoeran, ezkerretik abiatzen den pistari jarraituko diogu beste bidegurutze batera iritsi arte, hemen ere ezkerretik aukeratuko dugu bidea (eskuinetik jarraituz gero Andoingo atakara ere iritsiko ginateke baina ur-jauziak ikusi gabe). Laster presa txiki bateraino iritsiko gara, berau gurutzatuko dugu, erreka ondotik jarraitzen duen zidor aldapatsu batetik igotzearren. Bata bestearen ondoren TOBERIAko UR-JAUZIAK agertuko zaizkigu, izen hau dute zeren eta arroka osatzen duen arroka mota toba da, arroka porotsua bera mantu begetalaren kaltzifikazioak eraturikoa. Argazki eta argazkiaren artean, haren iturburura iritsiko gara. Bidea ia desagertuko da, eta pintura gorriko eta zedarriren bateko marka batzuek, zuzen eramango gaituzte gorantz, inguru deseroso eta tentetik sakaneko gain aldera. Eskuin aldean gandorreko irtengune batek LAUTADA ARABARRAren bista bikainak eskainiko dizkigu.

Ezkerreko gandorretik igoko gara, eta BELLEKU mendiaren magaletik ibiliz, haitzetara iritsi gabe, eskuinetik jarraitzen duen zidor batetik ANDOINGO edo BELLEKUKO ATAKAra iritsiko gara (1.010 m, PARTZUERGOko seinalea). GR-282 (ARTZANTZAREN ZIDORRA) xendra markatzen duen zutoin hurbiletik, eskuinerantz egingo dugu bira, eta ostera pista bat hartuko dugu segituan uzteko aurrerantz zuzen inguru garaienetik jarraitzearren; txabola baten ondotik igaroko gara eta KORTAUNDIKO GANDORRAren ertzera iritsiko gara (1.069 m, zedarria, ehiza-postua).

LEGAIREKO ARRASOra jaisteko Hegorantz biratuko dugu eta pasabide bat bilatuko dugu haitzen artean. Erreferentzia gisa ikusten dugun ASKArantz abiatuko gara, eta 100 bat metro lehenago HE-an KORTAUNDIKO TRIKUHARRIA ikusiko dugu (1.013 m; 1920an egindako indusketan giza hondarrak aurkitu ziren, 2 gizaki heldu eta haur bat, zeramikaz eta sukarriz gain).

Entziako lautada magikoak duen beste MEGALITO bat ezagutzeko aukera ere badugu. Trikuharrian gaudela, eskuinerantz (IIM-rantz) bira eginez gero, putzu handi bat ikusiko dugu. UR-PUTZUaren inguruetan elorri bat: haren azpian Entziak gordetzen duen ZUTARRI ETZANA dago, AKARTEKO ZUTARRIA hain zuzen. Trikuharritik etorri garen bidea hartu eta atzera egingo genuke, bidea jarraitzearren.

Aurrez aurre, Mendebalerantz, baso zabala dugu; eskuinetik bere ertzera joango gara, pasabide garbia bilatuz eta, animaliei eragotzi gabe, leunki igoko gara bazkalekuetatik mendiaren bizkarrera, zeinen gailurrean MENDILUZEKO (1.074 m) MAIRUBARATZA aurkituko dugun.

Ezkerretik eta zidor batetik kilometro batean edo gehiagotan jarraituko dugun alanbre-hesi bat dago, ate batetik igaroz; burdin hesiak 90 graduko bira bat egiten duenean eskuinerantz, abandonatuko ditugu (biak, burdin hesia eta pista) eta aurrez aurre jarraituko dugu, basoan barrentzen den beste pista baten bila; zuhaitz batzuetan jarraituko ditugun margotutako geziak ikusiko ditugu. Zedarri baten eta pintura gorriko marka batzuen peskizan izango gara, IGUARAN (1.033 m) HAITZULOaren gertutasunaz mintzo dira-eta, eskuinerantz ehun bat metrotan izango da bera. Kopeta-argiak ekarri baditugu bisitatu ahal izango dugu, merezi du eta.

Pistara itzuliko gara, eta bera jarraituko dugu harrizko eraketa eder batzuetarantz hurbildu arte: ARNO izeneko PARAJEan gaude. Haitzek itxura bereziak hartzen dituzte, eta pistatik eskuinerantz irteten bagara, ARNOKO ELEFANTEA edo ZALANPORTILLOKO ARKUA aurkitzen jardun ahal izango dugu...

Pistara bueltan, bideak ENTZIATE (hara! Entziako atea) edo BIKUÑAKO ATAKAra izeneko pasabidera eramango gaitu (1.077 m), non GR-282 zidorraren zutoinak ikusiko ditugun. Ataka honek BIKUÑA edo DURRUMA herrietatik mendigunerako sarbidea ematen duen pasagunea da.

Hemendik ikusten dugu gure aurrean Ballo gaina, Entziako gailurrik garaiena. Burdin hesia pasabide batetik gurutzatuko dugu, eta marka zuri-gorriei jarraituz igotzen jarraituko dugu zidor eroso eta on batetik. Igoera leunaren ondoren mendigunearen ertzera iritsiko gara, zedarri baten ondora (1.180 m), lautadarako bista zabalak ditugularik. Soilik amildegiaren ertzetik eskuinerantz jarraitzea falta izango zaigu BALLO (1.197 m) gainera iristearren. Norabide bera jarraituz MIRUTEGI (1.166 m) gainera iritsiko gara, gurutze bat eta plaka batzuk inguruan, begiratoki aparta, hori bai!

ATAUKO ATAKAk osatzen duen depresiora jaitsiko gara, bertan ITURRI bat (1.100 m) aurkituko dugu, baita GR-282-ren panel bat ere. Bertatik igoera erosoan ATAUKO HAITZA edo SURBE (1.157 m, txartel-ontzia) izeneko gainera igoko gara. Ezkerrean amildegiaren ebakia dugularik, gandorretik erraz jarraituko dugu, GR-eko zutoinen konpainiarekin ere, AKARRATEra (1.089 m) iritsi eta AKARRATEKO (1.063 m) ATAKAra jaitsi arte.

Sendoki ezkerrerantz egingo dugu bira, pago batzuen azpitik igaroz, eroso eta atsegina den zidorretik ibiliz; ehiza-postu baten ondoan pasatuko gara, eta bertan bidea zuhaitz-inguru batean galtzen dela emango du, nahasten duten markak ere direla kontuan hartuz: bide onetik eramango gaituen ZEDARRI BATZUK bilatu beharko ditugu. 790 metroko garaieran, jaisten den bidea abandonatuko dugu, ezkerrerantz egiten duen bihurgune batean, eta ezkerretik hartuz (zedarri txiki bat markatuz) leunki igotzen den pista. Pista honek pago artean dagoen langa bateraino eramango gaitu: langa zeharkatuko dugu. Eskuin aldean pista bat jaisten da, (haitz bat dago "S. Roman” margotu dute haren gainean), burdin hesi batekin bere eskuin aldean, zuzenean eramango gaitu honek DURRUMA Donemiliagara (606 m). Herria zeharkatuko dugu (bi iturri) eta errepidera jaitsiko gara, ezkerretik ostera 600 bat metro ibiltzearren San Roman hotela eta El Ventorro bentara iristeko. Bertan izango dugu zain autobusa.

OHARRA: bide hau nahiko laburra da, 18 kilometro baino ez ditu. Astiro joateko pentsatuta dago, sarritan geldituz, argazkiak ateratzeko eta Iguaran haitzulorako sarrera egiteko aukera emanez. Egoerak autobusera azkarregi iristea ekarriko balu, ibilbideari Legunbeko gaina gehituko genioke, hau Urbasa ondoan dago jada. Kasu honetan, Akarrateko atakatik zelaiak zeharjatuz Andoingo atakara joango ginateke, nondik ertza jarraituz BELLEKU-BIGATE-LEGUNBE (1.128 m) gain-lerroa jarraituko genukeen. Hemendik burdin hesiaren ondoan jaitsiko genuke GR-282 zidorreko markak aurkitu arte eta ezkerrerantz eginez jarraituko genuke ostera, Urbasako kanpinera iritsiz (884 m). Autobusa bertan izango genuke zain.


[-] Itxi