Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2024ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 26. Mendi-martxa.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Baldin eta...

Zure aldentzearen armiarma iluna
ene azalean betiko ibiliko bada ere, ibil dadila,
baina jakin dezala nire azalak osorik iraunen duela.
Nire gogoa, izan zen denboran galdu behar bada,
galdu dadila, ez dadila itzuli,
jakinen baitut nik beste maiztasun batez arnasa hartzen.
Ene begiak hildako laztanetan betiko korapilatzen badira,
korapilaturik gera daitezela,
begiak geratuko baitzaizkit arimarik dudan artean.

Nire eskuak zure eskuengana ez badira itzultzen,
ez daitezela itzuli,
eskuetako eskularrurik gabe
bizitza laztantzen ikasi dut-eta.
Halabeharrez betirako joan bazara
eta halaxe nahi duzulako,
ongi, lagun,
baina jakin ezazu zauria hor den arren benetan pozten naizela,
eta aldi berean, poztasun horrek min egiten didala.

-Josetxo Los Arcos Ansorena-
OHARRA: Jatorrizkoaren itzulpena.

Noain - ERRENIEGA (1.037 m - El Perdón) - Belaskoain

GR-220, Iruñerriari Biraren 2. Etapa.
Erreniega mendian, Iruñerriko biraren 2. etapan
Erreniega mendian, Iruñerriko biraren 2. etapan
—© Iñigo Lete—
Egin klik handiago ikusteko
(38,402 byte)

IRUÑEKO ARROARI ITZULIA emanez egingo dugun bigarren etapa dugu hau. Aski gizatiarturiko ingurunea bisitatuko dugu, non errepideak, pistak, haize-sorgailuek gurekin batera bide osoan izango ditugun.

NOAIN [450m] (0 Km - 0h): Noainerako sarrera biribilgunea. Zulueta Kontzejuaren kalea H-rantz hartuko dugu, ondoren Iturribide kaletik bira egingo dugu biribilgune batera (0,3 Km - 5’) iritsi arte (HE). Eliza bat izango dugu aurrez aurre. Ventura Rodríguez kalea haren eskuinetik hartuko dugu eta ondoren handik behera egiten duen errepidetik jarraituko (GETZEko errepidea, gaztelaniazko bertsioan Salinas de Pamplona) futbol-zelai baten ondotik igaroz. Bidegurutze batera (0,5 km - 8’) iritsiko gara, eta ezkerretik jarraituz, trenbidearen azpitik igaroko dugu beste aldera (0,9 Km-15’).

Tunela pasatu bezain laster biribilgune batera iritsiko gara, industrialde baten ondoan hain zuzen. Ondoren, EIE norabidean Getzerantz hartuko dugu, beste biribilgune batera iritsi arte (1,4 Km - 20'). Ezkerrerantz 90 graduko bihurgunea egingo dugu, H. norabidean, Elorz ibaiaren gaineko zubitik igaroko gara, eta handik denbora gutxira errepidea zeharkatuz, errepidearen ondotik H-rantz ere doan pista hartuko dugu aurrera jarraitzeko. Laster 90º-ko bira egingo dugu eta industrialde baterantz igoko gara. Burdin hesia ezkerrean utziz, berau inguratuz jarraituko dugu enpresa baten sarreraraino iritsiz, bertan bertara iristen errepidea hartuko dugu (2,1 Km - 25’). Bidegurutze batera iritsi arte errepidetik jarraituko dugu, guk biribilguneraino daraman eskuineko errepidea hartuko dugu (2,7 Km - 30') eta GETZEko [429 m] sarreraraino eramango gaitu. Apur bat lehenago, eskuinean hilerria ikusiko dugu.

Ezkerrerantz 90º-ko bihurgunea egingo dugu H-ko norabidean. Errepidea 350 bat metroko tartean jarraituko dugu -gainalde batera eramango gaituena- eta ezkerrean mankomunitateko ponpatze-estazioa ikusiko dugu, eta ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (1)

2012ko apirilaren 12an.

Errenega, Erreniega, El Perdón...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (2)

2012ko apirilaren 12an.

Josetxo Los Arcos Ansorena

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (3)

2008ko irailak 7

Done Jakue 'Bideak'

Done Jakue Bidea Penintsula Iberikoa eta Europa osotik abiatuta, Santiago de Compostela hiriburura, Jakue apostoluaren erlikiak gurtzearren, erromesek egiten duten bidea da. Erdi Aroan zehar oso bide erabilia izan zen, geroago pixka bat ahaztua izan eta egun berriz indar handia hartu izan du. Askotan, bideak iraganeko Erdi Aroko galtzada zein galtzada erromatarrekin bate egiten zuen, baita transhumantzia zein merkataritzarako bideen ibilbideekin ere. Done Jakue Bidea UNESCOk GIZON-EMAKUME GUZTIEN ONDARE gisa ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (4)

2008ko irailak 7

Liber Sancti Iacobi liburua (Done Jakueren liburua).

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (5)

2008ko irailak 7

VII. KAPITULUA: Done Jakue Bideko jendeen ezaugarriak eta herrialdeen izenak.

Done Jakue Bidean, Tolosatik[1] igaro den bidean, Garona ibaia igaro ondoren ediren den lehen lurraldea Gaskonia dugu, handik aurrera Somport gainditu ostean, Aragoiko lurraldea dator eta ondoren, nafarren lurraldea Arga ibaiaren zubiraino, baita hareago ere. Garaziko Mendatetik[2] ordea, Tourseko lurraldearen ondoren, poitoutarren lurraldea dator, aberats eta emankorra, ondasun oroz betea. Poitoutarrak gizon adoretsu eta gerrarako iaioak dira, oso trebeak gerran arkua, geziak eta lantzekin, gudazelaian bipilak, lasterketetan oso bizkorrak, janzkeraz dotoreak, aurpegi arraikoak, hitz egitean zuhurrak, sariak ematen eskuzabalak, ostatua eskaintzeko ateak zabalik dituztenak.

Gero Sainteseko lurraldea dator, eta jarraian Garona ibaiaren itsasadarretik igarotzean, Bordeleko lurraldea, ardo bikain eta arrain ugarikoa, baina larre-hizkuntza duena. Larre-biztanleak bide dira Saintesekoak euren hizkuntzagatik, baina Bordelekoak are larrekoagoak. Bordeleko landak zeharkatuko dira gero, hiru egun akigarriko bidean. Ondasun orotan urria da lur hau, ez da ogirik, ez ardorik, haragirik, ez arrainik ezta iturririk ere; herri gutxi dituena, ordeka eta hareatsua, oparoa ordea eztian, artatxikian, artaxehean eta urdetan. Herrialde honetatik halabeharrez udan igaroko bazara, inguruetan hain ugari diren mandeuliengandik, arrunki deituriko liztor edo ezparengandik, arduraz babes ezazu bisaia. Eta oina non pausatzeko arretarik jarri ezean, belaunetaraino hondoratuko zara fite, inguruan oro estaltzen duen itsaso-hondarrean. Lurralde hau igaro ondoren Gaskoniako lurraldea dator, ogi zurian eta ardo beltz bikainean oparoa, hainbat oihan, larre, ibai eta ur oneko iturriz betea. Gaskoiak hitzontziak eta mihi lasaikoak dira, kalakariak, isekariak, lizunak, zurruteroak, tripontziak, gaizki jantziak, bitxi eta apaingarririk gabeak, baina gudara ohituak eta behartsuekin abegitsuak izateagatik ezagunak. Mahairik gabe, suaren inguruan eserita jateko ohitura dute, guztiek edalontzi beretik edaten ohi dutelarik. Jan eta edan oparo egiten dute, desegoki dira janzten, eta elkarrekin lotsagarriro egite dute lo guztiek, etxeko denak, zerbitzariak, etxeko jauna eta etxeko andrearekin, lasto batzuen gainean zikinkeria artean.

Lurralde honen irteeran, Done Jakue Bidean, Saint-Jean de Sorde hiribilduaren ondoan, bi ibai igaro dira, bata eskuinetik eta bestea ezkerretik: batek gave izena du, eta besteak, eta ezin dira txalupaz baizik igaro. Txalupa-zainek gaitzespenik erabatekoena merezi dute, zeren eta, ibaiak estuak badira ere, pasarazten duten pertsona bakoitzeko, berdin dio aberats zein txiro izan, txanpon bat kobratzen dioten tarifa gisa, eta lau txanpon zalditeriagatik, bortxakeriaz eta neurrigabeki eskatzen dituztelarik. Gainera, ttipia dute txalupa, zuhaitz-enbor batez egina, non nekez sartzen diren zaldiak; behin txalupan sarturik, arretaz ibili behar da uretara ez erortzearren.

Horren ondorioz, hobe izango duzu zaldia txalupatik kanpo eramatea, ibaiaren korrontetik, bridatik erakarriko duzularik. Eta horregatik, lagun gutxirekin sar zaitez txalupan, gehiegi kargatzen badute, fite hondoratuko da-eta. Gainera, sarritan txalupa-zainek, txartela kobratu ondoren, denak batera, trumilka hain erromes-pilo handia igoarazten dute, ezen ontzia irauli eta erromesak ibaian ito egiten direla, zeinarengatik txalupa-zainak makabroki alegeratzen diren, halaxe egiten direlako ibaian galdutakoen harrapakinen jabe.

Ondoren, Garaziko mendatetik hurbil, baskoen lurraldea[3] dator, iparralderantz, itsasertzean Baionako hiria duelarik. Mintzaira basati eta zarpaileko herrialdea da hau, oihanez betea, menditsua, ogirik eta ardorik gabea eta sagarrek, sagardoak eta esneak dakarten lasaigarria izan ezik, bestelako ezein elikagairen falta duena.

Lurralde honetan, hau da, Garaziko mendatearen inguruetan, Izura[4], Donibane Garazi[5] eta Eiheralarre[6] herrietan, bidesari zergariak hain dira maltzurrak ezen gaitzespenik erabatekoena merezi duten. Bi edo hiru lantzaz erromesen bidera irteten dira eta bortxakeriaz zerga bidegabeak kentzen dizkiete. Eta ibiltariren batek eskatzen dioten dirua ordaintzeari uko egiten badio, astamakilez kolpatzen dute eta mehatxuen artean barruko galtzak ere arakatzen dizkiote bidesaria kenduz.

Lur honetako jendeak basatiak dira, bizi diren bazter berak basatiak, mendirakoiak eta barbaroak diren bezala. Basatiak dira haien bisaiak, haien hizkuntza barbaroaren berezko basatasunaren antzera, ikaratu egiten dituzte so egiten dituztenen bihotzak. Legez zergak soilik merkatariei kobratzerik dutenez, bidazti eta erromesei kobratzen diete zuzengabe. Lege onean zernahirengatik lau edo sei diruko denean, zortzi edo hamabi kobratzen dute, halako bi hain zuzen.

Horregatik, zergari hauek, Aragoiko Erregearekin[7] eta haiekin batera erromesengandik zergetako dirua jasotzen duten bestelako pertsona ukandunekin, baita baimentzen dutenekin ere, Zuberoako Raimundo[8], Bibiano Garamondarra eta Done Mikel Bizkondea[9] etorkizuneko euren oinordetza osoarekin, eta aipatutako txalupa-zainekin eta Guiniako Arnaldorekin eta haren ondoren guziekin, eta aipatutako ibaien gainontzeko jabe ororekin zeintzuek txalupa-zainengandik zuzengabeki igarotzearen dirua jasotzen duten, eta jakinik penitentzia eta eukaristia, eta eliz otoitza egiten eta euren elizetan onartzen dituzten apaizekin batera, gogotik eskumikatuak izan daitezen exijitzen eta sutsuki erregutzen dugu, ez soilik beren gotzain-hirietan, baita Santiagoko basilikan ere, erromesen aitzinean, zergak apaldu eta jendaurreko hobeneko eta penitentzia luzearekin damutzen ez diren artean. Eta estimu zein probetxugatik, hauek barkatzea nahi duen zeinahi prelatuk, anatemaren ezpataren kolpea jaso dezala.

Beharrezkoa baita jakinaraztea bidesari-bilatzaileek ez dietela erromesei ezein zergarik kobratu ahal, eta aipatutako txalupa-zainek igarotzearen tarifa gisa, ez dutela bi pertsonako obolo bat besterik kobratzerik ahal, aberatsak badira, eta obolo bakarra zaldi bakoitzeko; eta txiroak badira, bat ere ez. Eta ontzi handiak erabiltzera behartuak direla, non pertsonak eta haien zaldiak eroso sartzerik ahal izango duten.

Oraindik lurralde baskoetan, Hispaniako[10] atea delako edota mendate honetatik herrialde batetik besterako salgaiak garraiatzen direlako, Portus Cisereus izeneko mendate oso garai batetik igaro da Done Jakue Bidea. Zortzi miliako luzera du igoeran, eta beste zortzi milia jaitsieran; haren garaiera, hain zuzen, horren handia da ezen zerua ukitzen duela ematen du. Zerua ber eskuarekin haztakatu ahal duela ematen dio igo duenari. Haren tontorretik itsaso mendebaldarra eta britainiarra ikus daiteke, baita hiru herrialdetako mugaldeak ere: Gaztela, Aragoi eta Galia[11]. Mendi honetako tontorrean Carolus Handiaren Gurutzea deitu ohi den lekua dago, izan ere, bertan iragan denboretan, aizkora, pikotx, aitzur eta bestelako tresnen laguntzaz erabiliz, aurrera egin zuen Carolus Handiak, gudarosteen aurrean, Hispaniara zihoanean. Ondoren, Jainkoaren gurutzearen seinalea egin zuen, eta Galiziarantz belaunikatuz, erreguak Jainkoari eta Done Jakueri zuzendu zizkien. Arrazoi honengatik, erromesek bertan belaunikatzeko eta Done Jakueren aberriari so otoitz egiteko ohitura dute, erromes orok gurutze bana, Jainkoaren bandera gisa, lurrean iltzatzen duelarik. Mila ere ediren ahal dira bertan. Eta hortik datorkio toki honi bidean Done Jakueri zuzendutako lehendabiziko otoitz-tokitzat hartzearen zergatia.

Mendi honetan, kristautasuna Hispaniako lurralde osoan zehar hedatu zedin baino lehen, nafar eta basko fedegabeak Santiagora zihoazen erromesak ebasteaz gain, astoak balira bezala gainean jartzen zitzaizkien, azkenik hiltzeko. Mendi honen ondoan, iparralderantz, Vallis Karoli[12] izeneko harana dago, non Carolusek berak bere gudarosteekin kanpatu zuen bere gerrariak Orreagan hilak gertatu ostean, eta nondik Santiagora joan nahi duten erromes ugari ere igarotzen den, mendia igo beharrik gabe. Ondoren, jaitsieran, ospitalea eta eliza aurkitzen dira, eta azkeneko honen barnean dago Errolan hagitz heroi ahaltsuak haren ezpataz hiru kolpe emanez goitik behera erdibitu zuen haitza. Runciavalis[13] dator ostera, Marsilio erregea, Errolan eta Oliveros, beste berrogei mila borrokalari kristau eta sarrazeno bataila handian hil zireneko tokia.

Haran honen hurrengo, nafar lurraldea[14] dator, ogi eta ardo, esne eta kabalatan aberatsa. Nafarrek[15] eta baskoek[16] itxura eta ezaugarri berdinak dituzte, janariak, jantziak eta hizkuntzari dagokionean hain zuzen, baina aurpegia zuriagoa dute baskoek nafarrek baino. Nafarrak ordea, belaunetarainoko oihal beltz laburrekin janzten dira, eskoziarren erara, eta lauarcas[17] deitzen dituzten oinetakoak erabiltzen dituzte, ondu gabeko larru iletsuz eginak, oinetara lokarriz lotuak, oinazpiak soilik inguratu eta gainerakoa agerian uzten dutenak. Ilezko gainjantzi beltz batzuk erabiltzen dituzte ordea, luzeak, ukalondoetarainokoak, azpilduradunak paenula batzuen[18] antzera, saias deitzen dituztenak. Zinez itsusi janzten dira eta itsusi jan eta edaten dute, izan ere nafar etxeko orok, hala morroiak nola etxeko jaunak, hala neskameak nola etxeko andreak, jateko guztia lapiko bakarrean nahasita jan ohi dute, koilararekin ezik bakoitzak bere eskuekin, eta edan edalontzi bakarretik edaten dute. Jaten ikusiko bazenitu, jaten ari diren zakur edo urdetzat hartuko zenituzke. Eleketan entzungo bazenitu, zaunka ari diren zakurrekin oroituko zinateke, hizkuntza erabat basatia dute-eta. Jaungoikoari[19] urcia[20] diote; Jaungoikoaren Amari, andrea Maria[21]; ogiari, orgui[22]; ardoari, ardum[23]; haragiari, aragui[24]; arrainari, araign[25]; etxeari, echea[26]; etxeko jaunari, iaona[27]; andreari, andrea[28]; elizari, elicera[29]; bereterrari, belaterra[30], lur ederra esan nahi duena; gariari, gari[31]; urari, uric[32]; erregeari, ereguia[33]; eta Done Jakueri, iaona domne iacue[34].

Herri basatia da hau, beste herri guztietatik ezberdina ohituretan eta eran, zeinahi gaiztakeriaz betea, kolorez beltza, itxuraz maltzurra, gaiztoa, okerra, doilorra, hitzik gabekoa eta ustela, lizuna, mozkortia, bortizkeria orotan artetsua, izugarri eta landugabea, makur eta zitala, fedegabe eta errukigabea, anker eta kalapitaria, batere dohainik gabea, bizio eta maltzurkeria guztietan ikasia, getarren[35] eta mairuen parekoa gaiztotasunean, gure herri galiarraren etsaia arlo guztietan. Txanpon ziztrin bakar batengatik garbitzen du frantsesa, ahal badu, nafarrak edo baskoak. Hango eskualde batzuetan, Bizkaian eta Araban hain zuzen, nafar gizonezkoek andrazkoei eta andrazkoek gizonezkoei, lotsariak erakusten dizkiete elkarri, berotzen diren bitartean. Gainera haragikeria lohian lotzen dira abereekin nafarrak; hesgailua zintzilikatzen omen die nafarrak mando emeari eta behorrari gibelaldean, berak baino ez izateko hartarako bidea. Gainera musu likitsak ematen dizkio andrearen eta mando emearen aluari. Horregatik gaitzetsi egin behar ditu nafarrak heziketadun orok.

Gudazelaian ordea kementsutzat jotzen dira, gazteluak erasotzeko nekaezintzat, hamarrena[36] ordaintzen zintzoak omen dira, aldareetako opariak eskaintzen iraunkorrak, Nafarra elizara doan bakoitzean ogiaren, ardoaren, gariaren edo beste opagairen baten eskaintza egiten baitio Jainkoari. Noranahi doala nafarra edo baskoa, adarra eraman ohi du lepotik zintzilik ehiztariak bezala eta auconas[37] deitzen dituen bi edo hiru jaurtigai eskuetan. Etxera sartu edo irtetean miruak bezala egiten du txistu ahoarekin eta lapurreta egitearren gordeta, haren lagunak ezkutuko tokietara edo leku bakartietara isilean deitu nahi dituenean, hontzaren modura kantatzen du edo otsoaren erara egiten du ulu.

Eskoziarren leinuko omen direla esaten da, hauek antzekoak baitira ohiturak eta tankerari dagokienean. Julio Zesarrek hiru herri, hots, nubiarrak, eskoziarrak eta 'buztandun' cornuallestarrak bidali omen zituen zergarik ordaindu nahi ez zioten Hispaniako herrialdeak menderatzearren, gizonezkoak ezpataz hiltzeko aginduz, soilik emakumeei bizitza errespetatuz. Itsasotik etorriz sartu ziren lurralde hartan, eta euren ontziak deuseztatu ondoren, burdinaz suntsitu zuten oro, Bartzelonatik Zaragozaraino, Baionatik Ocako Mendietaraino. Ezin izan zuten muga hauek gainditu, izan ere, gaztelarrak bat eginda erasoak euren lurretatik urruntzea lortu zuten. Atzera-egitean Naiara, Iruñea eta Baiona arteko itsasaldeko mendietara egin zuten ihes, itsasalderantz, eta bertan, Bizkaia eta Araba arteko lurretan kokatu ziren, gotorleku ugari eraikiz eta bertako gizon guztiak hil zituzten emazteak indarrez atzemanez, zeintzuekin seme-alabak izan zituzten geroago, nafarrak deituko zirenak hain zuzen. Horregatik nafarra non verus, ez egiazkotzat itzul daiteke, hau da, etorki jatorretik jaio gabea, hots, leinu ez legitimokoa. Nafarrek ere, lehengo eta behin euren izena Naddaver izeneko hiri batetik jaso omen zutela diote, etorri zireneko lurraldean kokatua, lehen denboretan Jainkoari konbertitua, Done Mateo apostolu eta ebanjelariaren predikuei esker.

Hauen[38] lurraldearen ondoren, Oca Mendiak igarota, Burgoseko bidean hain zuzen, Hispaniako Gaztela eta Campos-eko lurraldea dator. Altxorrez, urre eta zilarrez beteriko lurraldea da, oihal eta zaldi indartsutan aberatsa, ogi, ardo, haragi, arrain, esne eta eztiari dagokionean emankorra. Egurrik gabea ordea, gizon gaizto eta aihertsuz betea.

Gero galiziarren lurraldea dator, Leoneko eskualdea eta Irago eta Cebreiro Mendietako mendateak igarota. Lurralde oihantsua da hau, ibai, zelai, fruta-arboladi bikainak, fruitu onak eta iturri gardenak dituena, hiri, herri eta soro urrikoa, eskasa gari-ogi eta ardotan, ugaria zekale-ogi eta sagardotan, emankorra ganadu eta zamari, esne eta ezti, itsasoko arrain handi eta txikiei dagokienean, urre, zilar, oihal, basa-larru eta bestelako ondasunetan aberatsa, are ugaria mairu-altxorretan[39]. Gainerako herri hispaniar hezigabeen aldean hobeto egokitzen dira ohituretan galiziarrak gure Galiako herrira, haserrekor eta liskartiak ez balira ere.



[1] Toulouse, Akitaniako Tolosa

[2] Frantsesezko "Port de Cize" edo gaztelaniazko itzulpenetan ageri den 'Puerto de Cisa' izenekoa garai zaharretan deituriko "Portus Cisere edo Portus Cicereus", hau da Lepoeder lepoko igarobidea. Euskaraz Garaziko Mendatea izenarekin itzuli dugu.

[3] Testu honetan baskoen lurraldea, Ipar Euskal Herriko lurraldeari dagokio.

[4] Ostabat. Egun herriak Izura-Azme euskaraz, eta Ostabat-Asme frantsesez izenak hartzen ditu. Izura eta Azme herrien arteko elkarretaratzea 1841eko ekainaren 13an Dekretuz egin zen. Aurretik, Erdi Aroko X. mendetik, Izura Done Jakue Bideko etapa garrantzitsuenetako bat dugu. XIV. mendean dagoeneko, Izurak 5000 bidaiariri zerbitzua emateko 2 hotelez, beste 2 ostatuz eta hogei bat aterpetxez horniturik zegoen. 1228an hiria Antso Azkarra erregeak erasoa izan zen, eta oraindik gorde diren harresien atal batzuk birrindu zituen. Nafar erromantzean, herriak Ostavals izena zuen. XVI. mendeko Erlijio Gudetan erre egin zuten, baina Frantziako Henrike IV.a errege bihurtu ostean (Nafarroako Errege ere bazen), herriak errege-pribilegioak eskuratu zituen, besteak beste, merkatu handi bat izatea eta urtero ospatzen zen feria bat antolatzekoa. 1964ean, 'Gibraltarreko gurutzea' (Croix de Gibraltar delakoa) inauguratu zen, Frantziatik datozen Turonensis (Tourseko bidea, Parisetik datorrena), Lemovicensis (Vézelay eta Limoges-etik datorrena) eta Podiensis (Puy-en-Velay-tikoa) hiru adarrak edo bideak bertan elkartzen dira eta (lau dira Frantzian Done Jakue Bidearen adar-bide nagusiak, eta hiru elkartzen dira bertan). Batzuen ustez, frantsesezko Gibraltar izena euskarazko Xibaltarretik omen dator (euskal toponimian, Andaluziatik etorritako ijitoak kanpamendua jartzen zuten lekua izendatzen du), eta beste batzuen ustez (kapera dela eta) Salbatore izenaren deformazio bati esker sortutako izena da.

[5] Saint-Jean de Pied de Port.

[6] Saint-Michel Pied de Port.

[7] Aragoiko eta Iruñeko Erregea pertsona bera izan zen luzaz. Aragoiko eta Iruñeko erreinuak elkartuta egon baitziren (azken erreinu honek sasoi hartan egungo Nafarroa, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Errioxa aldea barne hartzen zituela). Hola bada, Aragoiko erregea aipatzea nafar erregea aipatzearen berdina da. Ipar Euskal Herriko lurraldeak ez zeuden hereje haren gobernu zuzenpean, baina zeharka eragina zuen haietan ere (bertako jaunek fidelitate eta gisako leialtasun harremanak izaten baitzituzten).

[8] Raimundo de Solis.

[9] Eiheralarreko Bizkondea.

[10] Hispania erromatarrek penintsula iberiarrari zegokion lurraldea izendatzeko terminoa izan zen, eta 1140. urtearen inguruan Liber Sanct Iacobi liburua idaztean erabilia da. Espainiaren izena geroago Hispania izenetik eratorri zen.

[11] Frantzia, Galia, jatorrizko latinezko testuan. [...] de cujus fastigio potest videri mare Brittannicum et occidentale et hora etiam trium regionum, scilicet Castelle et Aragoni et// Gallie.

[12] Valcarlos (Luzaide).

[13] Orreaga. Runciavalis jatorrizko testuan.

[14] Nafar lurraldea, Hego Euskal Herria.

[15] Nafarrak, Hego Euskal Herriko biztanleak.

[16] Baskoak, Ipar Euskal Herriko biztanleak.

[17] Abarkak.

[18] Paenula bidaiatzeko longaina bat zen, belaunetaraino luzea, itxia eta besorik gabea, buruarentzako zuloa eta txano bat erantsita zituena.

[19] Hemen hasten Liber Sancti Iacobi (XII. m.) liburuan, hiztegitxo gisa, beste hizkuntza batetik -kasu honetan latinetik- euskarara itzulitako lehendabiziko hitzen zerrenda ezaguna.

[20] Egungo filologoen arabera, <ortze> edo <ortzi> iraganeko euskaldunek zerua izendatzeko erabiltzen omen zuten izena daiteke. Erro beretik ost-/ortz-, eratortzen dira <osteguna/ortzeguna>, eta <ostirala/ortzirala> astegunen izenak, baita <ostadar/ortzadar, ostarku> ostadarra izendatzeko zenbait izen. Beste autore eta historiagile batzuk, Arturo Campión barnean, <urcia> bezalako hitza agertzean eta <goikoa>, erronkariarrek ilargiari zioten moduan kontuan hartzean, antzinako euskaldunek erlijio naturalista batean sinisten zutela eratorri zuten. Dena dela ere, <urcia> <Jaungoikoa>-ren pareko izan ote den zalantzak zabaldu dira ostera, zeren eta baliteke erromesak Jainkoaren izenaz galdezka, zerurantz seinalatzea eta itaundutako euskaldunak zerua aipatzeko zerabilen hitza ematean ordainean.

[21] <Andre Maria> egungo euskaran.

[22] <ogi> egungo euskaran.

[23] <ardo/ardu/arno/ardau> egungo euskaran.

[24] <haragi> egungo euskara batuan.

[25] <arrain/arraiñ> egungo euskaran.

[26] <etxea> egungo euskara batuan.

[27] <jauna> egungo euskara batuan.

[28] <andrea> egungo euskara batuan.

[29] <eliza> egungo euskara batuan.

[30] <bereterra> egungo euskaran, Zuberoako, eta goi- eta behe-nafarrera euskalkietan erabilia.

[31] <gari> baita egungo euskaran ere.

[32] <ur> egungo euskaran. Ikus Liber Sancti Iacobi liburuan partitibo atzizkia duen <urik> terminoa ageri dela, euskal lurretatik igarotzean norbaitek ura eskaini izan zion zalantzarik gabeko seinale.

[33] <errege> egungo euskara batuan.

[34] Jauna Done Jakue.

[35] Getarrak (singularra Getoi), Danubio ibaiaren ondoan, batez ere haren hegoaldean egungo ipar Bulgarian, eta Manuteniako ordekan eta Dobrujan bizi ziren tribuei idazle zaharrek emandako izena dugu. Garai zaharretan oso krudelak izatearen ospe txarra izan zuten.

[36] Hamarrenak... Elizak jasotzen zuen zerga.

[37] Kasu honetan <auconas> hitzarekin, <azkona> esan nahi du.

[38] Nafarren.

[39] Salgai bitxiak.

[-] Itxi