Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



IZENA DUEN GUZTIA OMEN DA.

-Esaera zaharra-
Otzaurte - Etxegarate - AREETZA (983 m) - SAATSAMENDI (874 m) - INTSUSBURU (943 m) - IRUMUGATA (960) - Lizarrusti.

Goierriko Bira (3. etapa) - Otzaurtetik Lizarrustira, Altzaniako megalitotegia ezagutuz...
Bernoako galtzada
Bernoako galtzada
—© Goierriko Bira—
Egin klik handiago ikusteko
(113,164 byte)

Gaur egingo dugun ibilbidearen deskribapen orokor gisa, GOIERRIKO BIRAren 3. etapa honek GR121 (Gipuzkoako Itzulia) eta GR12 (Euskal Herriko Zidorra) ibilbideak osoki jarraitzen dituela azpimarratuko dugu.

Une oro Altzania Mendian kokatzen diren muinoen alderik garaienean ibiliko gara, pagadi, pinudi eta garo-zelai bat edo besteren artean ibiliko garelarik.

Desnibelak ez dira sobera handiak, soilik ETXEGARATEKO MENDATEaren eta BALANKALEKU edo AREATZA gainaren artean, eta amaieran, LIZARRUSTIrako jaitsieran esan daiteke kontuan hartzeko neurriko desnibelak gainditu beharko ditugula. Ibilbidearen gainerakoan ez ditugu inoiz luzeak diren bestelako igoera edo jaitsiera luzerik aurkituko.

Espero dezagun eguraldia lagun izango dugula gaurko ibilaldia, eta etapa bera ez dadila aurrekoa bezain luzea izan elurraren eraginez; hori bai, aurreko etapan paisaiak eskaini zigun edertasunaz -eta ahazterik ezin izango dugunaz- gozatu genuela esan dezakegu.

OTZAURTE MENDATEtik (670 m) abiatuko gara; bentaren eskuinaldetik iturri oparo baten ondoan, lurrez estalitako pista bat abiatzen da; lurra dena lokatzean bihurtuko da laster. Markak jarraituz, eskuinean porlanezko lautadatxo bat utzi eta alanbre-hesiaren beste aldera zeharkatuko dugu; pixkanaka daramagun ibilbideak ezkerralderantz bira eginez jarraituko du; lokatzez beteriko bidetik jarraituko dugu; GR marken ondoan, Aizkorriko Maratoirako erabiltzen diren margo horiko puntuak ikusiko ditugu; pistak gorantz egingo du pixkanaka, eskuinean AITZABAL kota uzten duelarik.

Lokatzezko pista honek, lurrez estalitako (750 m) beste pista batera daraman ezponda bateraino eramango gaitu: ezpondatik igo eta jarraituko dugu. Pista hau eskuinerantz jarraituko dugu GR-aren markak jarraituz; pista honetatik eskuinerantz jarraituko bagenu, Seguraraino iritsiko ginateke; Maratoiaren markak ere desagertu dira. Pistatik jarraituz, ondoren datorren bidegurutzean eskuinetik hartuko dugu; ezker aldean txabola bat utzi eta ondorengo bidegurutzean eskuineko pistara itzuliko ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (1)

2010eko otsailak 11.

Lepoz lepo, mitoz betetako mendian.

Gazteluberri (860 m).

Aralar eta Aizkorri artean diren igarobiderik baxuenak Nafarroa eta Gipuzkoa arteko inguru hauetan kokatzen dira. Horregatik ere, garai zaharretatik, leku hauek goilautada eta kostaldea komunikatzeko erabili diren igarobide estrategikoak izan dira. Hori dela eta, historikoki inguru bien arteko igarobidea hemendik egin izan da. Erromatar garaiko ibilbide-sareak Briviesca-Iruñea eta Irun (Oiartzun) lotzen zituen bigarren mailako ibilbidea du.

Kostaldetik penintsulako goi-lautadarako ibilbide orijinala Otzaurteko mendatetik igarotakoa zela uste izan da; geroago, Gipuzkoa Gaztela barrura pasa zenean, osorik Gaztela barruan marrazturik izandako bide baten beharrak, San Adriango pasabidea osatzen duen bidea irekiaraziko zuen, Nafarroako Erreinupean ziren lurralde hauetatik igaro zen bidea saihesteko asmoz.

Mendate honek Arabar Lautadatik Gipuzkoa barnealderako sarrera naturala dela esan dezakegu. Erdi Aroan, behealdeko igarobidea babesteko bertako gaztelua eraiki zen: oraindik haren hondarrak Osaolaazpi/Ojaolaazpi kare-haitz erraldoiaren gainean dautza. Herri-kondairen arabera, Altzanian izua eragin zuten gaizkile-taldeek ere berau erabili zuten, halaber oinaztarren eta ganboatarren arteko liskarraldi bandokidetan (XIII eta XV. mendeetan) Nafarroa-Gaztela muga zen inguru hauek suntsitu zituzten osteek ere.

Gazteluberriko bi tontorren arteko lepoan errepikagailu batez horniturik dago. Tontorrik garaiena, Ojaolaitze, ipar aldean kokaturik dago. Hegoalderago dagoen Naparraitze gain baxua baino 12 metro gorago kokatzen da, azkeneko hau Sakana aldera begira dagoelarik. Lehen gaina, Ojaolaitze, Ojaolako sakanera begira dago. Kondaira zaharrek diotenez, bertan babesten ziren inguruan jarduten ziren bidelapurrak.

Sanson eta Gazteluberri.

Haitz eta gaztelu honi lotuta, Sanson agertzen den kondaira zahar bat dokumentatu genuen orain dela 15 bat urte. Sanson, hemen belauniko geratu zen, belaun garaiena Ojaolaitze gailur garaienean jarrita eta belaun baxuena gailur baxuenean, Naparraitzen, hain zuzen.

Gazteluberriko jentilak.

Joxemiel Barandiaran, Telesforo Aranzadi eta Enrique Eguren (XX. mendeko bigarren hamarkadan “Hiru Troglodita Goibel” ezizenez ezagun zirenak), “Ocho Dólmenes de Altzania. San Sebastián 1921.” liburuan ondokoa kontatzen digute Gazteluberriri buruz «GAZTELUBERRl. Bi tontor dituen gaina dugu… labar batzuez osaturik dago… eta soildutako mendi honen alderik garaienetan babes eta aterpea zuten jentilek… sartzen zailak ziren labar haietatik irten eta nahi zuten beste erailketa eta gaiztakeriak eginez beldurra eta desolazioa zabaltzen zuten inguruko herrietan. Bertako herriak halako egoera lazgarria pairatzen ari zirela, nahikoa zelakoan behin betiko erremedio eraginkorra jartzea erabaki zuten.

Inguruko gizaki guztiak, gizon eta emakumek, armak hartu eta altxatu ziren eta borrokatxo eta liskar ugariren ondoren, Gazteluberriko jentilak gotorlekua abandona zezaten behartu zituzten, ikaratuta, “Añabaso” eta “Santispiitu”-tik (sic) San Adriango mendatea zeharkatu arte ihes egin zutelarik.

Kontakizun hauetan, jentilak gotorleku gisa babestutako labarretan bizi ziren, gramineak landatzen zituzten, urrea lantzen zuten.

«Espedizio honen itzuleran [GazteIuberrirantz jarraitzen dute], errepidearen ondoan kokaturik, Etxegarateko harratetik hurbil dagoen Olerreko (Ola-eder) saroitik jaitsi ginen. Ezaguna da garai batean toki honetan jentilek lan egiten zuten zeharrola baten kondaira. Behinik behin, bertako iturburuen burdina-urek burdinaren izatea salatzen dute».

Legazpiko jentilek egiten zuten bezalaxe, Etxegaratekoek ere burdina lantzen zuten.

Etxegarate gaina.

Zalantzarik gabe Idiazabalgo udal barrutiko, Idiazabal herri izenaren ondoren izenik toponimorik ezagunena, besteak beste, bertatik pasa delako orain dela urte gutxira arte Parisetik Madrilerainoko errepide nagusiak jarraituz bi erraietan bikoiztu gabe zegoen errepide-tarte bakarra. A-1 autobidea, bi erreitan zabaldurik da egun. Toponimo preziatua nonbait, 2008an Idiazabalgo gaztagile batzuk saiatu zirelako –Idiazabalgo gaztaren araudian sartu gabe– izen honekin Idiazabal gaztari –nolabait– lehia egingo zion Jatorri Izendapenik gabeko gazta ekoizten… Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri zuen eta azkenik epaileek Etxegarate ezin zela erabili ebatzi ondoren, Etxegarai markarekin geratu da kontua.

Areatza gaina.

984 metroko altueran kokatzen den gain hau, Balankaleku izenez ere ezaguna dugu. Bertan artzainek balankak nor urrutirago bota jokatzen omen zuten.

Kixmi, Jesukristoren jaiotzaren berria (Balanlakekun).

Joxemiel Barandiaran, Telesforo Aranzadi eta Enrique Egurenek “Ocho Dólmenes de Altzania. San Sebastián 1921.” izeneko liburuan Jesukristoren jaiotzaren gaineko eta ondoren gertatu zen jentilen desagerpenari buruzko kondairaren bertsio bat dakarzkigute gogora (datorren ibilaldian kondaira honi buruzko bertsio osagarria ekarriko dugu). Hala diote: «Garai zaharretan, Jesukristoren aurretik, jentilak Balenkalekun bizi ziren. Ez zuten inoiz euririk ikusi, ez zituzten hodeiak ezagutzen. Han urruntasunean lehen hodeia agertu zitzaienean, izutu ziren denak. Haien artean 400 urteko agure zahar bat bazegoen, txabola barruan erretiraturik bizi zena. Handik atera zuten fenomeno arraro hura ikus zezan, baina berak ezin zuen ikusi, bere begiak irekitzeko ezgaiturik zegoen-eta. Hori dela eta, haren lagunek agureari, palankaz lagundurik betazalak irekiarazi zizkioten eta hodeia ikusi ahal izan zuen. Orakuluak ezin izan zuen jentilentzako zoritxarrekoago izan: “Gure arraza galduko da”, esan zuen agureak. Hala da: handik aurrera kristautasunak aurrera egin zuen eta “jentilak” desagertu ziren…».

Burunda-Altzania Mendiko megalitotegia.

Altzania-Burunda Mendiko megalitotegia, benetan oparoa da eskaini ditzakeen trikuharri eta tumuluak kontuan hartzen baditugu. Ugariak dira ibilbidean megalito bat eskaini dezaketen lepo eta gainak, eta ezaugarri honetaz baliatuko gara gainez gain, lepoz lepo, paraje hauen berri izan dezagun. Megalito batzuk mugarri gisa erabili dira herrien edo probintzien arteko muga marraztearren (esaterako, hala gertatzen da Jentilzulo trikuharriarekin), edo beste kasu batzuetan, Berrenoako trikuharriarekin gertatu bezala, gurutze bat grabatu zuten harriaren gainean, bertatik pasa ziren erromes eta bidaiariek Jaungoikoari babesa eskatuz orain aurrean zuten bidea ondo bete zezaten. Hauetako askok Joxemiel Barandiaranek aurkitu zituen 1917. urtean (Bernoa, Argonitz, Intsusburu, Igartza, Balankaleku...). Besteak beste, honako hauek dira ibilbidean eta ibilbidetik hurbil ikus daitezkeen megalitoak:

  • Etxegai tumulua.
  • Balankaleku I. trikuharria.
  • Balankaleku H. trikuharria.
  • Larreluze trikuharria.
  • Igartza M. trikuharria.
  • Igartza E. tumulua.
  • Beotegiko Murkoa trikuharria.
  • Intsusburu trikuharria.
  • Berrenoa trikuharria.
  • Argonitz trikuharria.
  • Olano trikuharria.
  • Jentilzulo trikuharria.
  • Bentatxar trikuharria.
  • Zelatamuno (M) trikuharria.
  • Zelatamuno (E) trikuharria.
  • Mintegitxuta trikuharria.
  • Txaradigorri trikuharria.
  • Antatxula trikuharria.

Saatsamendiko Ariel-etxearen hondarrak (Saatsamendiko Mikeletxearen hondarrak, “Bigarren Aduana”).

Oraindik orain badira Ariel-etxeak, iraganean izan diren aduana-etxe arruntak baino ez zirelarik. Horien artean, gaur Saatsamendiko Mikeletxea edo Bigarren Aduana ikusiko dugu, aurrietan aurkitzen dena hain zuzen.Intsusburu gaina (943 m).

Postontzi bat, mugarri handi bat eta falta ezin izango lukeen erpin geodesikoa gainean dira. Tontor hau uren banalerroaren muga egiten duen gain biribila dugu. Tontorraren gainean erortzen diren urak, hainbana, Bizkaiko Golkorantz zein Mediterraneorantz zuzentzen dira-eta.

Sanmartintxiki

Ondorengoa Sanmartintxikiren kondaira ezagunena ekarriko dugu gogora. Gari-aleak basajaunen eskutik nola lortu zituen kontatzen digu honek: bertan Basajaunaren pertsonai mitikoa ageri da. Basajauna pertsonai altua zen, giza-itxurakoa, belaunetaraino iristen zitzaion zeraman ile luzea, aurpegia, bularraldea eta sabela ile luzearekin ere estaliz. Bere oinetako bat gizakiok dugunaren antzekoa zen, bestea ordea oin biribilekoa zen. Artaldeak babesten zituen jeinua zen, ekaitza iristear zegoenean heiagora egiten zuen, artzainek euren artaldeak jaso zitzaten. Arditegi batean edo hauetako baten ondoan zegoenean otsoa urrun mantentzen laguntzen zuen. Orduan, ardiek txintxarrien kolpe batez, basajauna iritsi zela iragartzen zuten, eta orduan artzainek bazekiten bai, gau hartan lasai egingo zutela lo Basajaunaren babesean.

Ataunen gorde den kondairak dioenez, Sanmartintxiki Muskia mendira joan omen zen bertako koban bizi ziren basajaunak bisitatzera. Garai hartan, basajaunek inguruko mendialdean lurrak erabilita, sekulako gariak biltzen omen zituzten, ibarrean bizi ziren kristauek garirik ez zutenean, izan ere gari-hazirik ez zeukaten-eta.

Gari-hazi pilo handiak ikustean, Sanmartintxikik apustua egin zien basajaunei, pilo handien gainean, ea nork egingo zuen salto arinago… basajaunak, indartsu eta trebe, gari-piloak erraz gainditu zituzten. Sanmartintxikiren txanda etorrita, gari-piloen erdira erori omen zen, baina baita abarkak gari-alez bete ere.

Handik herrira irten zen, abarketan gari preziatuaren aleak eramanez. Basajaunetako batek honetaz ohartzean, aizkora txikia bota zion, baina ez zuen horrekin harrapatu. Handik denbora gutxira Sanmartintxikik hala entzun zien basajaunei kantuan ari zirela:

“Ja jaaai! Balekite, hartuko lukete:
Or irtete, arto ereitte.
Or erorte, gari ereitte.
Sanlorentzota arbi ereitte”.

Ordutik zabaldu omen zen garia herri guztietan, kristauek ikasi baitzuten noiz erein.

Berrenoako (Bernoa) galtzada.

Erdi Aroan egindako bidea zen eta XIX. mendearen amaieran (1887. urtean) Lizarrustiko errepidea egin zen arte, Gipuzkoako Goierrialdea (Ataundik) eta Sakana (Iturmenditik) lotzeko bide nagusia izan zen. Done Jakue Bidea ere bertatik igaro zen. Galtzada honek zera ekartzen digu aditzera, orain dela 200 edo 300 urte mendi hori ez zegoela hutsik, izugarrizko jende mugimendua zegoela bi aldeen artean, eta jarduera ekonomikoak egiten zirela bertan: mandazainak, erromesak, kontrabandistak, gaizkileak, artzainak, ikazkinak… denak bilduko ziran alde batetik besterako joan-etorrian.

Kordalaren gainaldean, galtzadaren ondoan aurkitzen den trikuharriak gurutze bat du harrian irarririk: Joxemiel Barandiaranek zizelkatze hau kristautasunarekin erlazionatu zuen, eta baliteke honen ondoan, bertatik igarotzen ziren erromes zein bidaiariek aitarena egin izana, hurrengo etxalde zein aterperaino geratzen zitzaien bidearen aurrean, arazorik gabeko bidaian Jaungoikoari babesa eskatuz.

Herri-kondairen arabera, galtzada hau jentilek berek eraiki zuten.

Bestalde, Berrenoako galtzada aurkitzen den zabala, “Dantzaleku” izenez ezagutzen da, ekainaren 29an San Pedro ermitan (Urdiain-Altsasu) ospatzen zen erromerian izandako gazteek galtzadan itzultzean bertan egiten zutelako.

Jentilzuloak, bertako trikuharriak.

Jentilak sakonki erlazionatuak izan dira beti megalitoekin, nolabait ere, pertsonai mitiko hauek erakusten zuten indarrari esker eraiki ahal izan omen ziren bertako trikuharri eta tumuluak. Jentilak gizaseme basatiak ziren, izugarrizko indar handia zutenak, beti mendian bizi ziren, urruti zegoen etxe batean hain zuzen… Euskal Herrian ezagunak diren hainbat haitz erraldoi ugari urrutirantz bota zituztenak dira, oro har gizaseme kristauekin bakean bizi ziren biztanle paganoak, batzuetan kristauen eskuzabaltasunez gehiegikeriaz aritzen baziren ere. Jentilei nekazaritzaren aurkikuntza egozten zaie, baita burdinaren langintza ere… Joxemiel Barandianek Ataunen jasotako kondairetan agertzen den moduan.

Sakanalde osoan trikuharriek izen berezia dute bertako euskaran…, JENTILZULO izena hain zuzen.

Irumugata gaina (1777ko mugarria).

IRUMUGATA GAINA (959 m -nahiz eta Irumugarrieta izenez ezaguna izan, Irumugata da inguruotan ematen zaion izena. Sartalderako panoramika zabalak ematen ditu. Hiru aldeko mugarria du gainean, 1777. urtean jarritakoa mugarrian agertzen den bezala (Ataun, Etxarri y Burunda Harana –egungo Bakaiku- herrien mugan hain zuzen). Metro batzuk harago, erpin geodesiko moderno bat, baita postontzi bat ere ikusi ahali zango ditugu. Ibilaldian zehar, alde batetik zein bestetik herrien arteko mugarriak bisitatu ahal izan ditugu. Udalek berek jarriak, seinaleztapenerako erdi lurperatutako harri luzeak erabiltzen ziren, hauen ondoan, teila zatiak edo ikatza jartzen zelarik. Iraganean gainera, udal agintariek urtero herriaren mugen ibilbidea osatzen zuten, herriaren mugak gorde eta zaintzeko helburuarekin hain zuzen. Mugarriaren gaineko aldean marraztutako marra erabiltzen zuten, baso trinkoan hurrengo mugarria non zegoen kokatu ahal izateko. Mugarri bat lekuz aldatzea gainera, oso ekintza txartzat hartzen zen. JOXE MIEL BARANDIARANek ekintza hau aipatzen zuen ondoko istorioa jaso zuen:

Gizon batek Irumugatako mugarria lekuz aldatu zuen. Mugarri hau ATAUN, ETXARRI ARANATZ eta BAKAIKU arteko muga da. Hil zenean Irumugatako mugarriaren inguruan zebilen, eta hau esan zuen:

- Irumugatako mugarria, nire arimaren galgarria. Nun sar, nun sar?

Baina, beste gizon batek gau batean erantzun zuen:

- Atearen tokian sar zak.

Hilak ez zuen sekulan hitzik esan.

Mateo-txistu.

Gogora ekarriko dugu oraingoan Mateo-Txisturen kondaira, Goierrin bizirik dirauena eta errez asko gaur bisitatuko ditugun basoetan koka genezakeena. Ondoren adierazitako testua Joxemiel Barandiaranek idatzitako Euskal Mitologiaren Hiztegi Irudiztatutik (Idazlan Osoak bildumaren I. Liburukia) jaso izan dugu.

«Afizio desorekatuarengatik zigortua izan zen ehiztariaren kondaira, haren zakurrez lagundurik atsedenik ere hartu gabe munduan zehar korritzen ari dena, kontakizun mitikoen barruan aurkitzen diren gauez egindako ehizaldien ziklo erraldoiaren barnean aurkitzen dugu. Ataunen Mateo-Txistu izena du, Zerainen Juanito-Txistularia, Gesalibarren Martin-abade, Dohoztin Errege-Xalamon, Oiartzunen Salomon-apaiza eta Prixki-Juan Usurbilen.

Kondaira oso ezaguna da Euskal Herrian eta hainbat aldaera ditu euskal geografian zehar. Ehiztaria oro har meza bukatu gaberik utzi duen apaiza dugu, ehiza-zakurrek lagunduta erbi baten atzetik joan zena, eta irteera honetatik ez orain ezta inoiz ere etxera bueltatuko dena.

Inork ez du oraindik ikusi, baina asko dira gure basoetan haren txistua eta berarekin doazen zakurren ulu goibel eta monotonoa entzun dituztela ziurtatzen dutenak.

XX. mendearen hasieran Ataungo Tellerietxe baserriko emakume batek neguko gau batean, ilargiaren argitasunean zorigaiztoko apaizak proiektatutako itzala ikusi omen zuen, baina ez apaiz bera ezta haren zakurrak ere ezin izan zituen aurrez aurre ikusi ahal izan, behintzat, halaxe kontatu ziguten Ataunen 1902 eta 1920. urteen artean. »

Markesane.

Gipuzkoako aldean MARKESANE (Markesenea) izeneko pagadi handia ikusi ahal izango dugu, halaxe deitzen diote hemen eta LAZKAOKO DUKE INFANTATUArenak diren lurrak –Areatzatik Lizarrustirainokoak - izendatzen ditu. Lur hauek guztiak duketzaren jabego dira, eta baita aspaldian ere, Ataungo baserri asko ere, duketzarenak ziren.

Lazkaoko Jauna, mendeetan zehar ataundarren etsairik handiena izan da; bertako kazikea izanda, herriko biztanleak porrotara eramanez, edonola ere nahi zituen beste botere eskura zitzakeen: alde batetik herriko lurren herena berea zen, baserri ugaritan maizterrak zituen, errota askoren monopolioa hartua zuen, apaizak izendatzeko eskubidea, eta herritarrek ere lortutako uztaren zati bat eman behar zioten.

Hori bai, lur hauek guztiak jabe bakarra izana onuragarria izan da, izan ere, mendeetan zehar Ataungo basoak gorde ahal izan dira, ez Gipuzkoako bestelako basoen antzera, galdu zirenak pinuak antzinako pago, haritz, hagin, urki... zuhaitz autoktonoak ordezkatuz.

Etxarri-Aranatzeko Trikuharrien Ibilbidea.

Etxarri-Aranatz herriaren ekimena da. Igerilekuetatik abiatuta, posible da egun bi ibilbide interesgarri jarraituz (luzeak 15 kilometro ditu eta inguruetan diren 10 trikuharri erakusten ditu) inguruan diren trikuharriak ezagutzea. Ibilbidean zehar, Etxarri-Aranatzeko mugan edo lurralde barruan diren trikuharriak dokumentaturik daude: hainbat panelez horniturik daude eta mendian diren hainbat gairi buruz (mugarriak, megalitoak, landaretza, fauna…) mintzatzen dira ibilbide didaktiko ederra osatuz. Guk ibilbidean, hauetako batzuk ikusiko ditugu.

Lizarrustiko parketxea (Mikeleten etxea).

Laskibarretik Lizarrustira bitarteko errepidea ireki ondoren eraiki zuten, hain zuzen ere 1887an. Bertan bizi ziren, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko joan etorriak (garraioak, bidaiariak...) zaintzen zituzten mikeleteak. Aralarko Parkerako sarrera nagusia denez, Parketxe izena jarri diote eta bertan, Parkeko interpretazio zentroa, alojamendu txiki bat eta taberna/jatetxe txiki bat daude.

[-] Itxi 
Eranskina (2)

2010eko otsailak 11.

Gipuzkoako Partzuergo Txikia.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (3)

2010eko otsailak 11.

Jentilen Etorrera.

Irakurri gehiago [+]