Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



CESARE BORGIAren lehen mausoleoko epitafioa.

"Aquí yace en poca tierra
El que toda le temía,
El que la paz y la guerra
En su mano la tenía".

(Itzul.) Hemen datza lur apur baten gainean, lur osoak beldur zuena, bakea eta gerra, eskuan zituena.

Viana (438 m) - Cuevasko Amabirjinaren Ermita - Las Cañas aintzira - Oion - Viana

Errioxa eskualdeko arabar eta nafar lurretan ibiliz.
Viana
Viana
—© Ostadar MT—
Egin klik handiago ikusteko
(100,386 byte)

Gaurkoan bere zentzu zabalenean, ERRIOXAn egingo dugu ibilaldia. Errioxan, izan ere, tradizionalki Errioxa entitatearen benetako jatorria geografikoa da, ez politiko edo administratiboa, azken hogeita hamar urteotan halaxe zabaldu bada ere.

Berezko eskualde geografiko hau hiru elkarte desberdinetan banaturik dago, EUSKAL AUTONOMI ERKIDEGOA, NAFARROAKO FORU ERKIDEGOA eta ERRIOXA (era batez edo bestez, eskualde geografikoaren izena bere egin duena), eta 1978ko Espainiar Konstituzioaren aurretik hiru erregio desberdinetan banatzen zen. Garai bat ean Errioxa (Ebro ibaiaren arroa eta haren eraginpean aurkitzen diren lurrak) eta mendialdea (Cameros zaharra, Cameros berria...) desberdintzen zireneko testigantza Valvanerako Ama Birjinaren Santutegiaren fatxadan aurki daitekeen idazkia dago, bertan azaltzen baita Valvanerako Ama Birjina Errioxa (Ebro ibaiaren arroa) eta Cameros (mendialdeari dagokion) lurraldeko zaindaria dela. Tradizionalki ere, Arabako hegoaldeko lurrek Errioxa izendapena jasotzen zuten. Ardoari dagozkien izendapenek eta politikoki zein administratiboki egindako erabilerak, termino honen benetako esanahia ezkutatu dute.

Errioxan kokaturik, Vianako (Nafarroa) udal-barruti komunalean kokaturiko LAS CAÑAS edo SALOBRE aintzira ezagutuko dugu. Guardiako (Araba) aintzira geologikoen kasuan bezalaxe, urtegi xume honek ere jatorri endorreikoa du. Las Cañas aintzira OION, VIANA eta LOGROÑO herrien artean dago, eta 1987an erreserba izendatu zuen Nafarroako Gobernuak. Orain dela hamarkada batzuk ur lamina handiagotu zuten, ureztatze sistema eskualdean egokitzeko eta Las Cañas kubeta geologikoa handitzeko. Hegaztientzat obra oztopo izan gabe, pausaleku eta bizileku bilakatu zen. GR-99 Ebro bidea lagun, Oion, Logroño eta Vianako bazterrak lotzen dituen ibilbide ederra osatu dugu.

Egun Ebro sakonunea deritzon eskualdea, Mesozoiko osoan eta Tertziarioaren hasieran sakonera handiko itsaso baten azpian zegoen arro sedimentario zabala zen. Pirinioetako eta Kataluniako itsasertzeko mendilerroak altxatzean, aupatutako ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (1)

2009ko otsailak 1

Vianako lurraldeko, eta bereziki "Las Cañas" urmaeleko natur- aberastasun eta dibertsitatea

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (2)

2009ko otsailak 5

Cesare Borgia - Nafarroako kondestablea

CESARE BORGIA (haren jatorrizko izena —valentzieraz— Cèsar Borja, abizena italieraratu zuen-eta) 1475an Erroman jaio zen. RODRIGO BORJA (gero Borgia) kardinalaren eta haren maitalearen, VANOZZA CATTANEI patrizia erromatarraren bigarren berezko seme-alaba izan zen; bi anaia izan zituen: GIOVANNI (Joan edo Juan) eta GODOFREDO (Jofré), eta arreba bat, LUCREZIA ezaguna. Rodrigo aita gorakada sozialean zegoen jatorri valentziarreko familia baten ageriko burua zen. 1492an Rodrigo, Aita Santu (ALEXANDRO VI.) aukeratuko zuten. Sehaskan zeudenetik, seme-alaba bakoitzari haren botere-estrategian zeregin bana esleitu zien. Cesareri hain zuzen, elizarako bideratu zuen eta prestakuntza berezia eskaini zion. Teologia eta legeak Perugiako unibertsitatean ikasi zituen; 17 urte zituela, Pisan aitasantutzako protonotario izendatu zuten eta Iruñeko apezpikua (1491) ere bai, Cesarek euskal hiriburua hil baino hilabete batzuk lehenago arte bisitatuko ez bazuen ere; geroago Valentziako artzapezpikua, 19 urterekin Vatikanoko gudarosteen kapitain jenerala eta ia 20 urte zituela kardinal. Cesareren familiaren jatorri espainiarra haren aitonaren anaiarengandik zetorren, ALONSO BORGIArengandik (1378-1458), Valentziako apezpikua, 1455ean CALIXTO III Aita Santua aukeratuko zutena.

Baina Cesare ez zegoen aldarerako egina, soldadutzarako eta politikarako baizik: esparru hauetan Cesarek eskrupulorik ez zuela erakutsi zuen —printzeen artean oso jokabide normala bazen, Cesareren kasuan maila gorenetara iritsi zen (Valentinois-eko dukea izan zen, printzea, Romagnako jauna, kondea, condottieroa (Italiako hiri-estatuen zerbitzurako gudaroste mertzenarioen kapitaina), gonfalonier-a (Erdia Aroan eta Errenazimenduan, Italian prestigio handiko postu komunala) eta Nafarroako kondestablea). Bere anaia Giovanni hiltzea leporatu zitzaion, baita Lucrezia arrebarekin intzestu-harremanak izatea ere, bide batez, intzestua euren aitari, Aita Santuari ere leporatzen zitzaion kontua zelarik. Erroma ez zen, egia esan, oso hiri santua.

Cesareren arrakastaren gakoetako bat Frantziako Luis XII.arekin sinatu zuen aliantza da. 1498an, Aita Santuarekin aliantza bilatuz, Luis XII.ak Cesare Borgiari Valentinois-eko duke titulua eman zion: "Valentino" izena jaso zuen honekin. Era honetan, bere burua Frantziako gortean ezagutzera eman zuen, haren planta ederrarengatik miretsia izan zelarik. Cesare Borgiak zuen iaiotasun militarrarekin eta aliantza honek eman zizkion gudarosteak abilki konbinatuz, Italiako jaurerri gehienak (Romagna, ...) menperatzea erdietsi zuen. Haren entseinak, "Aut Caesar aut nihil" /Edo Cesar edo deus ere ez/, esanahi handiena hartu zuen momentua izan zen.

JUAN III.a ALBRETEKO (1469-1516), Nafarroako Errege ezkontidearen (Nafarroako berezko erregina KATALINA I.a NAFARROAKOA (1468-1517) zen), KARLOTA (1480-1514) arrebarekin ezkondu zen Cesare. Apur bat geroago, Borgiatarren ondasunen administratzailea izendatu zuten.

1503ko abuztuaren 18an Cesare eta bere aita, Alexandro VI.a Aita Santua, Adriano de Fornetto kardinalaren gonbidapen batera joan ziren. Banketearen ostean, Aita Santuak ageriko ondoeza eta urdaileko min handia zuela, hil egin zen, agian pozoiturik, malariaren biktima gisa, beste batzuen ustez. Cesarek balizko pozoia hobeto jasan zuen. 1503ko irailaren 22an, Francesco Todeschini Piccolomini kardinala Aita Santu izendatu zuten: PIO III.aren izena hartu zuen eta Cesare Borgia kartzelara bidali zuen. Susmagarriki, Pio III.a 23 geroxeago hil zen eta ondoren Giuliano della Rovere Aita Santu izendatu zuten, JULIO II.a izenarekin. Borgiatarren etsai amorratua izanik, 1504an FERNANDO KATOLIKOA (II. ARAGOIKO), Gaztelako erregeari GONZALO FERNÁNDEZ DE CÓRDOBAk ("El Gran Capitán" /Kapitain Handiak/), Cesare berehalaxe entregatzea agindu zuen. Errege Chinchillan kartzelaratu zuen, eta hilabete batzuk geroago Medina del Campoko La Mota gazteluan, hain zuzen.

1504an GAZTELAKO ISABEL I.aren (ERREGINA KATOLIKOAren) heriotzaren ondoren, Gaztelan noblezia banaturik zegoen. Cesare egoeraz baliatu eta kartzelatik ihes egiteko profitatu zuen, Valladoliden BENAVENTEKO KONDEAren gazteluan babesa hartuz. 1506ko azaroaren amaiera aldera, bi pasaitar gidari gisa zituelarik, gaztelutik ezkutuan irten zen. Santanderrera itsasoratzeko asmoarekin bertara iritsi zen, baina "espiak, herejeak edo lapurrak" zirelakoan atxilotu zituzten, susmagarriak zirelakoan hain zuzen. Euren kartzelariak merkatariak zirela konbentzitu, eta azkenik itsasoratu ziren, baina denborale batek itsasontzia Laredon babestea behartu zuen. Handik zaldiz Durangoraino joango ziren, eta gero Bergaratik, Atallu eta Azpirotz gainetik igaro ondoren, Nafarroako lurrak zapaldu zituzten.

Cesare 1506ko abenduaren 3an Iruñera iritsi zen, bere apezpiku-egoitza ohira, bere koinatua, Juan III.a Albretekoak beso zabalka ongi etorria eman ziolarik, ez bakarrik ahaidetasun arrazoiengatik, baizik eta baita ere halako prestigioa zuen jeneral bat ederki ondo zetorkiolako Juan Erregeari Fernando Katolikoarekin bat egiten zuen LUIS BEAUMONTEKO, LERINGO I. KONDEAren kontra egiteko. 1452tik aurrera Nafarroa gerra zibilean zegoen, bi kontrako alderdik borrokan ari zirelarik: AGRAMONDARRAK, Juan eta Katalinaren aldekoak, eta BEAUMONDARRAK, erreinuaren kondestablearen aldekoak, Leringo kondearen aldekoak hain zuzen. Cesare bere koinatuaren Juan Albretekoaren zerbitzuan jarri zen, eta Nafarroako gudarosteen kapitaina, "generalísimo" edo kondestable izendatu zuen.

Haren lehen helburua Larragako bastioi beaumondarra menderatzea izan zen, eta saiakera baten ondoren ezin izan zuelarik, Leringo kondearen menpean zegoen Vianako hiribildua menderatzeko asmoarekin bertaratu zen. Martxoan hiribildua konkistatzea erdietsi zuen, gaztelua ez ordea. 1507ko martxoaren 11n, ekaitza bortitza zabaldu zen eta Cesarek hiribilduko zaingoa erretiratzeko agindua eman zuen: erretiratze hau Leringo kondearen 60 zaldunek ondo aprobetxatuko zuten, beharbada hiribilduko hainbat bizilagunen laguntzarekin batera, setioa saihestu, gotorlekuan sartu eta murruen arteko pasadizo edo igarobide bat erabiliz (tradizionalki "Puerta del Socorro", /laguntzaren atea/ izena zuena) bertako defendatzaileentzako hilabete oso baterako bizigaiak eramateko. Zaldunen tropak itzulera hasi zuenean, Cesare konturatu eta, bere onetik aterea, engainatua eta beheratua sentiturik, burdin jantziaz eta armaz hornitu, zaldi bat hartu eta haien atzetik Portal de la Solana atetik irten zen.

Cesareren zaldiak Portón de la Solana atetik pasatzean, harzola bustian irristatu zela dio tradizioak. "Seinale txarra" esan omen zuen. Sannazaro poetak hala idatzi zuen: "Edo Cesar edo deus ere ez, Borja/ dei dezaten nahi du, zer da asko?/ Cesar bada, eta deus ezin badu/ dena izatera dator". Horren lana hartu zuen Barranca Saladan, Garces Agredako baten lantzak.

1507ko martxoaren 11tik 12rako goiztirian, GARCES AGREDAKOA, PEDRO ALLOKOA eta JIMENO GARCES, Leringo kondearen hiru soldadu, setiatutako Vianan misio arriskutsuan parte hartu ondoren, Mendabiarantz zihoazen; bidean, bere tropatik gehiegi banaturik, maila handiko zaldun bat euren gibeletik oldartsuegi zihoala jabetu ziren. BARRANCA SALADA izeneko tokian kokatu eta segada egin zioten. Borrokarik izan bazen, oso laburra beharko zukeen. Egirik badago, Garces Agredakoak lantzaz zaldun hura alde batetik bestera zeharkatu izana da, eta zalduna Cesare Borgia ezaguna zen, garai hartan, Nafarroako gudarosteen kapitain jenerala hain zuzen.

Soldadu beaumondarrek jantzita zeramatzan milaneko armadura garestia eta luxuzko jantziak kentzeko denbora ere izan zuten. Agian baita Cesarek bisaia estaltzeko eraman ohi zuen larru beltzezko mozorroa ere, izan ere, azken boladan, itxura denez sifilisarengatik edo, aurpegia iraganean ederra izanikoa, dagoeneko itxuratxarturik zuen. Erabat biluzik utziko zuten, edo ia biluzik, zeren eta episodio hau kontatu duten kronista anitzetako batek zera idatzi zuen: "Otorgaron al pudor el cobijo de una teja rojiza en su rotura" /[sexuaren] lotsari teila gorri baten babesa eman zioten/.

Pixka bat geroago, haren manukoek gorpua aurkitu zuten (JUANICOT, Cesareren morroia haren jaunaren gorpuzkietara besarkaturik umea bailitzan negarrari lotu zitzaiola diote garaiko kronikek). Leringo kondea, gizalegezko jaun baten gisa, dolua egin eta Juanicotek gorpua Vianara eraman eta Santa Maria elizan ehortzi zezan baimendu zuen: bertan egin ziren hileta-elizkizunak eta bertan geratuko ziren geroago bere gorpuzkiak mausoleo eder batean non ondoko epitafioa irakur zitekeen: "Aquí yace en poca tierra/ El que toda le temía,/ El que la paz y la guerra/ En su mano la tenía" /Hemen datza lur apur baten gainean, lur osoak beldur zuena, bakea eta gerra, eskuan zituena/. Izan ere, NICCOLO MACHIAVELLIren hitzetan, hura izan zen "bere garaiko gizonik handiena", "Il Principe"-rako eredutzat erabili zuelarik.

Cesare Borgia Santa Marian ehortzia izan zen, XVI. mendean egoera ez hain argietan hondatuko zuten mausoleo batean. Tradizioak, Calahorrako elizabarrutiko —Vianari hauxe zegokion— apezpiku batek "gizon ustel" honen gorpuzkiak leku sakratuan egotea sakrilegiotzat hartu zuela dio, gorpuzkiak bertatik atera eta Santa Maria karrikan ehortziak zitezen agindu zuela para que en pago de sus culpas le pisotearan los hombres y las bestias /haren erruen ordainean, gizonek eta piztiek zapal zitzaten/.

1864an, Donostian zegoen Frantziako kontsula gorpuzkiez interesatu zen. Garaiko autoritateek bianar zaharrek esandako tokian zulatu zuten eta, hala da, har agertu zen hilobia, gero berrestaliko zutena. XX. mendeko 30 hamarkadan, zenbait intelektualek Cesare Borgia Errenazimenduko pertsona ospetsutzat errebindikatu zuten. 1953an, haren gorpuzkiak Ruatik atera eta egundoko Santa Maria eliza-atariaren aurrean dagoen harlauza apal baten azpian jarri zituzten. Oroitarrian zera dago idatzita: "César Borgia, generalísimo de los ejércitos de Navarra y pontificios. Muerto en campos de Viana el 11 de marzo MDVII" /Cesare Borgia, Nafarroako eta Vatikanoko gudarosteen buruzagi handia. Vianako zelaietan, 1507ko martxoaren 11n hila/. Hiria Cesare Borgiaren inguruko tradizioetan oparoa bada ere, oroitarri hau eta San Francisco komentuaren fatxadan ikus daitekeen Fructuoso Ortunak 1963an brontzez egindako bustoa bisitariari eskaini dakizkiokeen "testigantza fisiko" bakarrak dira.

Hauxe da gero V. MENDEURRENAREN OSPAKIZUNETAN (2007ko martxoaren 11n), Udalak CESARE BORGIAREN XENDRA atontzeko erabakia hartzearen arrazoietako bat; xendra Vianatik irten eta Barranca Saladan amaitzen da. 9100 metroko luzera du, zati batean asfaltaturiko pista batetik iragan da, labore, mahasti, olibondo, larre eta abariztiz estalitako partzela artean. Seinaleztaturik dago, panel informatiboz horniturik, baita jarleku batzuez ere, esaterako, Matamalako pinudian. Barranca Saladan atsedenleku bat eta iraganean jartzen ohi ziren guretzeen antzeko landa-gurutze bat jarrita dago: gurutzeak hauxe dio: "Aquí murió en batalla César Borgia" /Hemen hil zen batailan Cesare Borgia/.

"V. Mendeurrenaren berotasunean, Udalak gorpuzkiak duintasunez elizan birkokatzeko interesa agertu zuen. Baina artzapezpikuak ez zen ideia berekoa izan. Momentuz. Agian VI. Mendeurrenari begira... "

INFORMAZIO GEHIAGO HEMEN: http://delicious.com/otamotz/viana

[-] Itxi