Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Zorte oneko espedizioa.
Montblanc mendiaren azken maldan
Montblanc mendiaren azken maldan
—© Carlos Mediavilla—
Egin klik handiago ikusteko
(22,091 byte)

1995eko Santiago zubian Mont Blanc-eko mazizorako lehendabiziko txangoa egin genuen.

Bete-betean bizitako lau egun ahaztezinak izan ziren. Urduri samar ginen, eta dena ondo atera zedin gogoa genuen; gure mendi taldeak Alpeetara egindako aurreneko txangoa zen, eta gutako askorentzako lau mila metro gainetiko tontorretan izandako estreinako esperientzia ere bai.

Prestaketa konplexua izan zen, izan ere zenbait azpitaldetan eratuta ginen eta guztiok plan bera ez generaman. Talde baten asmoa Chamonix eta Zermatt inguruan turismo egitea zen eta horri heldu zion, beste batzuk Tré la Tête-ko glaziar egin nahi zuten eta aterperantz abiatu ziren; besteok Europako gailurra zapaltzeko ametsetan ari ginen.

Erreserbak garaiz egin behar izan ziren, taldea jendetsua izateaz gain, garai horretan Chamonix eta bere ingurua mendi egarri diren mendizale mordoaz beterik zeuden, baina Luismiren ohiko antolaketa on eta txukunari esker, dena aurreikusi bezala atera zen.

Tontorra egiteko aukera bakarra genuen, bidaia azkar-azkarra zelako eta bi egun besterik ez genituelako, lehena Le Goûter aterperaino igotzeko eta bertan lo egiteko (zerbait esatearren) eta bigarrena eta azkena tontorrera iristeko eta atzera jaisteko. Denok Météoren eguraldi-iragarpenei begira izan gintzaizkien eta azkenik zorte ona izan genuen.

Chamonixetik Bellevue-ko teleferikoa hartzera abiatu ginen, eta handik kremailera-trenak Le Nid d'Aigle (Arranoaren Habia) ingururaino eraman gintuen, bertatik abiatzen baita gainditu beharreko igoera. 3.817 m-tan kokatutako Tête Rousse aterpea gainditu ondoren Goûter aterperaino iristen den xendra maldatsu bat abiatzen da.

Bada bertan igarobide estu eta zail bat, elurtegi bat zeharkatzen duen korridorea hain zuzen, badu aseguratzeko kablea bai, baina erantsitako arazoa mendiaren garaietatik erortzen diren arroketan datza, tenperatura aldaketen poderioz zatikatu eta zehazki korridore honetatik bideratuta erortzen direnak. Puntu horretan geundenean, abiada bizian jaisten ari zen zerbait ikusi genuen, hasiera batean harritzar bat zelakoan geunden baina gure parera iristean lazturaz, erortzen ari zena pertsona bat zela egiaztatu genuen. Harriak erori ostean elurtegian ebakitako pitzadura batean gelditu zen mendizale gizagaixoaren gorpua. Geroago gazte italiar bat zela jakin genuen, jaistean oreka galdu eta gelditu ezinik beheraino erori zena. Istripuaren eraginez zur eta lur geratu ginen eta mendiak ekar ditzakeen arriskuak ulertzen hasi ginen, une batez, segitzeko edo atzera itzultzeko zalantzak hartu gintuen, baina azkenik, denok gorantz jarraitu genuen.

Eguraldi ona eginez gero, Goûter-erako igoera ez da teknikoki zaila, soilik oxigeno eskasiaren eraginez, metroak eta minutuak luzeagoak egiten direla azpimarratu behar da. Goizeko ordu bietan ipurtargi ñimiñoz osatutako ilara luze batek jarraitu beharreko bidea zedarriztatzen zigun, benetako erromeria zen.

Ertzaren azken tartea zorrotza denez, bertan kontuz ibili behar dugu, batez ere, pozez beterik jaisten ari diren mendizale askorengatik, eta haizeak jo zein izoztuta izanez gero oso tentuz ibiltzeko igarobidea delako.

Egunsentia heldu eta geroxeago, tontorreko plataforma zabalera iritsi ginen, zohardi zegoen eta ikuspena ezin hobea zen. Oso pozik, momentua gozatu genuen, egin beharreko argazkiak atera eta ondoren jaisteari ekin genion hain zuzen.

Dena arazorik gabe igaro zen, zorigaiztoko korridorera iritsi ginen arte... Hamar laguneko taldetxo bat elkarrekin gindoazen. Luismi eta biok korridorea zeharkatzen hasiak ginen, nik neuk gainera, kableari loturik izateko kordino bat jarria nuen. Arriskua ahalik eta txikiena izan zedin, txandaka zeharkatu genuen. Igarobidearen erdian geundenean zarata ikaragarria entzun genuen, gorantz begiratzean tontorreko harriak dardarka, eta harkaitz-bloke handiak menditik jaregin eta hegian behera biraka zetozela ikusi nuen. Luismik korridorea zeharkatzea lortu zuen, baita harkaitz batzuen babesean jartzea ere. Nik loturik neraman mosketoia askatu nuen, baina kordinoa harri batean trabatu zitzaidanez, denbora baliotsua galdu nuen, eta honen ondorioz bestaldera ezin izango nintzela iritsi konturatu nintzen. Buruaren gainean bizkarreko zakua jarri eta irtenune baten azpian babestu nintzen harrien zain. Arroka-ezpalez osaturiko euria erortzen ari zen eta gure gainean haitz-oldearen burrunba entzuten genuen. Ez nuke zehatz-mehatz zenbat iraun zuen esaterik izango, baina minutu eskas haiek betierekoak iruditu zitzaizkidan. Isiltasuna nagusitu zenean, lasaitu ederra sentitu nuen, kalterik gabe, osorik nengoela ezin nuen-eta sinetsi.

Taldeko gainontzeko kideak euren inprobisatutako parapetoetatik irteten hasi ziren, aldi berean izu eta lasaitu aurpegia erakutsiz. Inork ez badu sinesten, Aitorri eta Juaniri galdetu diezaiela, harriak norabide guztietan saltoka errebotatzen ikusi zituzten-eta. Hasiera batean eurak babesturik zeuden tokia segurua bazirudien ere, geroago hain segurua ez zela egiaztatu zuten, handik oraindik ere korridorea zeharkatu behar zuten...

Denok igaro ostean lasaiago sentitu ginen. Norbaitek bizkarreko zaku batetik botila bat cava atera zuen, zalantza gaberik ireki eta denon artean gogobetetasun osoz edan genuen. Egia esan, egun horretan, ospatzeko gauza asko genituen!

CELIA MARTÍNEZ DE CASTRO
-2007ko uztaila-


[-] Itxi