Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Udana - Jandoain/Jabondo - Katabera - Biozkornia - ARTZANBURU (1.368 m) - AIZKORRITXO (1.344 m) - Arbelar - Oltza - San Adrian (Sandrati) - Añabaso - Beunde - Otzaurte.

Goierriko Bira (2. etapa) - Udanatik Otzaurterako ibilaldian, Aizkorri Mendia ezagutuz...
San Adriango tunela
San Adriango tunela
—© Goierri Mendi Taldea—
Egin klik handiago ikusteko
(104,544 byte)

GOIERRIKO BIRAko bigarren etapa honek Aizkorri Mendizerra zeharkatzen du, bere tontor lerdenak eskualdeko goi-tontorrak dira. Urbiako arrasoetako leku irekietan, kareharri, goroldio ... arteko zidor bilduetan, pagadi ederretan edo Sandratiko galtzada historikoan ibiliko gara.

UDANA (515 m) - ARTZANBURU (1.368 m). Hemen mineral kiskaltze-labe bi daude [1]. Udanako gainean GR bide bat abiatzen da eta FRANTXISKORTA eta OLLARIAGA lepoak pasatu ondoren JANDOAIN txaboletara igotzen da. Pixka bat gorago bide zabal hau utzi eta ezkerrean zidor batetik igo behar da BIOZKORNIAko lepo zabaleraino. Zutoi adierazle bat dago, baita AMABIRJIÑAREN SILLEA ere [2].

Gure aurrean, zerbait ezkerrera, ARTZANBURU (1.368 m) altxatzen da. Marka horiak dituen zidorrak bertara bideratuko gaitu. Buzoia eta igel itxurako etxetxo bat daude tontorrean. Behatoki ikusgarria da norabide guztietara. Bertatik ikus daitezkeen mendien zerrenda oso luzea da. GOIERRIKO BIRAko ibilbidearen zati handi bat ere ikus daiteke.

ARTZANBURU - OLTZA (1.100 m). Hego norabidean arrasoetarantz jaitsiko gara. Belardietan zidorra HE norabidean doa. Bidea jarraitzeko zati batzuetan lurrean sartutako harri bertikal batzuetaz baliatu gaitezke. AIZKORRITXOko (1.338 m) tontorrera eta gertu dagoen trikuharrira [3] helduko gara. Hurrengo lepotxora jaitsi eta arrasoetatik jarraituz gure aurrean, pixka bat ezkerrera, gutxi ezagutzen den LEKUNBERRI (1.364 m) tontorrera igo gaitezke.

Tontor honetatik marka horiak dituen zidorra jarraituz gero ARBELARreko BORDEtaraino jaitsiko gara. Hemen URBIA eta AIZKORRIrantz doazen bideak alde batera utzi eta pintura gorriarekin markatutako zidorra bilatu, zeinek edertasun handiko gune karstiko batetik OLTZAko zelaietaraino bideratuko gaitu. Azken zati honetan bidea goroldioz estalitako kareharriak bistaratu eta pagoak hazten diren lursail batetik doa.

OLTZA ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (1)

2010eko urtarrilaren 25ean.

Lizarrate, Sandrati, San Adrian

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (2)

2008ko irailak 7

Done Jakue 'Bideak'

OHARRA: Done Jakue Bidearen inguruan 2008an egindako ibilbide bati buruz emandako informazioa, harira ekarri dugu.

Done Jakue Bidea Penintsula Iberikoa eta Europa osotik abiatuta, Santiago de Compostela hiriburura, Jakue apostoluaren erlikiak gurtzearren, erromesek egiten duten bidea da. Erdi Aroan zehar oso bide erabilia izan zen, geroago pixka bat ahaztua izan eta egun berriz indar handia hartu izan du. Askotan, bideak iraganeko Erdi Aroko galtzada zein galtzada erromatarrekin bate egiten zuen, baita transhumantzia zein merkataritzarako bideen ibilbideekin ere. Done Jakue Bidea UNESCOk GIZON-EMAKUME GUZTIEN ONDARE gisa deklaratu du, Europako Kontseiluak IBILBIDE KULTURALAren izendapena eman dio eta EUROPAKO KALE NAGUSIAren ohorezko titulua ere jaso izan du.

Hispanian Jakue apostoluari egindako gurtzaren jatorria iraganean galtzen da. VIII. mende amaieran, Penintsula Iberikoaren ipar-sartaldean kondaira bat zabaldu zen, Jakue apostolua lur hauek ebanjelizatu ondoren bertan ehortzia izan zela hain zuzen. Jakue apostoluaren heriotza eta zortzi mende geroago, 813. urtean hain zuzen, PELAYO edo PAIO izeneko ermitau batek Libredon oihanaren gainean jarritako izan bat ikusi omen zuen. Gertatutako Iria Flaviako, egun Padrongo Teodomiro apezpikuari esan zion. Bertaratu eta basoaren erdian KAPERA zahar bat aurkitu omen zuten, erromatar garaiko hilerri bat aurkitzen den tokian. Ehortz-tokiaren aurkikuntza, Asturleondar Erreinura etorritako mozarabiarren etorrerarekin egin zuen bat denboran: musulmanek menderatutako lurretatik etorri ziren ihesi, beren erlijio-sinismena praktikatzerik ez zutelako jatorrizko tokian.

Ikerlari batzuen artean ohikoa da PRISZILIANO (Avilako Prisziliano - Hispaniako apezpiku herejea, -*Gallaecia, aprox. 340 - + Civitas Treverorum, egungo Tréveris, Alemania, 385) lur hauetan ehortzia izan zela ondorioztatzea, Tréverisetik haren gorputza hona ekarritakoan. Beste batzuk ordea, Astorga (Leon) ondoan ehortzia izan zela diote. Lehenengoen arabera, Jakueren ehortz-tokia Priszilianoren hilobia izan daiteke, bi pertsonaiok bizi ziren garaiak desberdinak izan arren.

ALFONSO II. GARBIA -egun JATORRIZKOtzat ezagutzen den BIDEA jarraituz- gortearekin batera leku hartara bidaiatu zen, Historiako lehen erromesa bihurtuz. Bertan eliz txiki bat eraikitzea agindu zuen. Eta berria azkar zabaldu zen. VIII. mendean laguntza eske sarri deitutako santua zen Jakue apostolua, eta azkenik ehortz-tokiaren kokapenaren berriarekin agertu zitzaien sinestunen aurrean.

813. urtetik aurrera gutxi gorabehera, apostoluaren erlikien aurkikuntzarekin eta CAROLUS HANDIArekin, hain zuzen haren erreinuaren mugak musulmanen eskuetatik defenditu nahi zituen erregearen onespenarekin, Santiago pixkanaka-pixkanaka pelegrinazio-zentro garrantzitsuan bihurtuko da, azkeneko eta behin betiko bultzada XII. mendeko lehen erdialdean jasoko duelarik. Azkar, berria Europa kristau osoan zabalduko da eta erromesak ehortz-toki honetara, CAMPUS STELLAE (izarren zelaia) izenekora, etortzen hasiko dira: geroago izen honetatik eratorriko da Compostela hitza.

844. urtean gertaera berri batek Apostoluaren mitoa bultzatuko du, Errekonkista barruan burutu zen CLAVIJOKO BATAILA, Logroño herriaren ondoan gertatu baitzen: Asturiaseko Ramiro I.aren gudarosteak Abd Al Rahman II.aren gudarosteen kontra borrokan ari zirelarik, Apostolu Santua erdian agertu zen zaldi zuriaren gainean kristauei laguntza ematearren, mairuak hilko zituen Santiago Matamorosen pertsonaia agertuz.

X. mendetik aurrera, Europako populazioa garai zaharretan izandako isolamendutik irteten lortzen duenean, izugarri handituko da erromes kopurua; hainbat kontaktu eta elkartruke berriekin hasiko da populazioa, eta erlijio-esparruan, pelegrinazioa egitea hartuko du sinesmena adierazteko modurik ohikoena. ERROMA, JERUSALEM eta SANTIAGO norako garrantzitsuenak izango dira: bide guztiek Erromara baitaramate. Gurutzatuek eta Italiako itsasaldeko hiriek Jerusalemerako bidea irekiko dute. Nafarroa, Aragoi, Gaztela eta Leongo erregeek zubiak eraikiz, bideak konponduz eta ospitaleak altxatuz, Santiagorako ibilbidea erraztuko dute.

Erromesaldiek XI. eta XII. mendeetan ezagutu zuten goren maila. Musulmanekiko muga hegoaldera mugitu zen eta garai honetan etorriko ziren, monasterio askoren kargu egingo ziren Cister eta Cluny ordenako monjeak, Done Jakue Bidearen bultzatzaileak. Errege kristauek erromesaldiak ekonomiari zekarzkien onuraz jakitun, burgu berriak sortu zituzten. Nafarroan Iruñea, Lizarra, Zangoza eta Gares sortu ziren, harresiz inguruak, non Pirinioez haragoko frankoak biziko ziren eta beraien hizkuntza, okzitaniera nagusitu.

Calixto II.a aita Santuak Done Jakueren Urte Santua ezarri eta haren ondorengoak, Alejandro III.ak, 1179an Regis Eterna bula eman zion. Honen bidez, barkamen osoa eskaintzen dio Compostelako tenplua uztailaren 25a -Santiago eguna- igandea den urteetan bisitatzen duen guztiari.

XIV. mendetik aurrera, Europak asaldaketa sozial ugari pairatuko ditu, eta Santiagorako litezkeen erromesak beste norakoetara desbideratuko dira. Errekonkistak bestalde, penintsulako erreinuen gobernuari eta ekonomiari dagozkien begirune osoa hegoalderantz lekualdatuko du. Done Jakue Bideak aurreko mendeetan izandako ospea galduko du. 1378ko Mendebaldeko Zismak egoera larrian ipiniz, Kristautasuna zatituko du. XV. mendeak ere ez zuen berpizteari laguntzerik izan, kontinente zaharrean gertaera ezatsegin ugari gertatu baitziren garai honetan: gerrak, gosea, izurri beltza, uzta txarrak, idorteak...

Hala eta guztiz ere, erromes ugarik jarraituko dute apostoluaren hilobia bisitatzen penitentzia betetzearren, baina, urtez urte... Bidea ahazten joango da.

Berriz ere, XX. mendearen erdialdean, izaera ludiko eta turistikoagorekin, Bidea errekuperatu delarik. Bestelako garaiak dira egungoak.

Dena dela, Done Jakue Bidea gizartea, ekonomia, kultura eta erlijioa ukitu zituen benetako fenomeno handia izan zen, bisitatzen zituen tokien ekonomiaren zati handi baten eragile izan baitzen... hots, Erdi Aroan Europa osoa iraultzatu zuen. Mendeetan zehar txalupa-zainak, zerbitzariak eta ostalariak, koplariak, apaizak, eskaleak, soldaduak, ebasleak eta bidelapurrak, zerga-biltzaileak, medikuak eta petrikiloak, erizainak, zaldunak, merkatariak, mandazainak, errementariak, laborariak... artatu, zerbitzatu, saldu, lapurtu edo soilik bat egin zuten milioika erromesekin Santiagoraino joaneko bidean (eta ez beti itzulerakoan, izan ere erromes asko bidean hiltzen ziren bidelapurren oldarrak, gaixotasunak, edo gertatutako ekaitzak direla medio).

Ez da bide 'bakarra', asko dira Done Jakue Bidea: gainera, iraganean erromes guztiek euren etxeetatik abiatzen ziren Santiagora apostoluaren barkamenaren bila. Bide guztietatik, zalantzarik gabe ezagunena 'BIDE FRANTSESA' dugu, Frantzian diren lau hiriburu desberdinetatik abiatuta, Orreaga edo Somportetik Pirinioak zeharkatu ondoren, OBANOS herrian (Garesen ondoan) elkartzen direnak hortik aurrera bat eginik jarraitzeko: Turonensis Bidea (Parisetik abiatua, Turonemetik, hau da, Tours herritik), Lemovicensis Bidea (Vézelay-tik abiatua, Lemovicumetik, Limoges), Podiensis Bidea (Le Puy-en-Velayn hasi eta bertan lotzen den Genevan hasitako Gebennensis Bidearekin), eta Tolosako Bidea edo Arletanensis Bidea (Arlésetik irten eta Toulousetik, Frantziako Tolosatik pasa dena, azken hau beste iturrien arabera, azken zatian baita ere BIDE ARAGOARRA deitua).

Bide frantsesa eta haren aldaerez eta bide nagusiak lotzen dituzten bigarren mailako bestelako ibilbidez gain, badira bestalde Euskal Herria zeharkatzen duten bestelako bideak:

  • KOSTAKO edo IPARRALDEKO BIDEA, Irun eta Donostia lotuz (Kostako Bidea Bretainia beretik dator eta Baionaraino jarraitzen du gero Irunetik jarraitzeko), Oriotik, Zarautzetik pasatuko da ondoren... kantabriar itsasertzetik Santiagoraino.
  • BARNEKO EUSKAL BIDEA, Irunetik irten eta Oiartzun, Astigarraga, Hernani, Andoain, Villabona, Tolosa, Alegia, Ordizia, Beasain, Segura bisitatu ostean, San Adriango Tunela zeharkatu eta Zalduondo, Agurain, Estibaliz, Gasteiz, Argantzun, Gatzaga Buradon (Salinillas de Buradón), Haro eta Ozkabarte (Santo Domingo de la Calzada) herrietatik igaro dena, bertan Bide Frantsesarekin elkartuz. Aldaera hau ORIAKO BIDEA da; haraneko herrien fundazioaren aurretik, bideak SAIATZEKO BIDEA jarraitzen zuen (Alkatetza Nagusi zaharrari erreferentzia eginez) eta Andatza, Iturriotz eta Erniotik pasa ondoren, Murumendi, Mandubia eta Kizkitzatik igaro ostean, Segurako Erdi Aroko hiribildutik igaro zen.
  • KADAGUAKO BIDEA, Bilbotik irten eta Balmaseda, eta Villarcayotik igaro ostean Iparraldetik Burgosekin bat egiten zuena, Kostako Bidea eta Bide Frantsesa batuz.
  • BAZTANGO BIDEA, Baiona eta Arre (Atarrabia) lotzen dituena, Ustaritze, Dantxarinea, Urdazubi, Amaiur, Arizkun, Elizondo, Lekaroz, Irurita, Belate, Lantz, Leazkue, Enderitz herrietatik igaroz... XVI. mendean abandonatua izan zen.

Iraganean erromesek euren etxeetatik abiatzen ziren Santiagora heltzeko. Egun ordea, ohikoa da bide bakoitzeko hasiera-puntu 'ofizialetatik' ibilbideari ekitea, Orreaga esaterako, Bide Frantseserako. Milaka dira Orreagan bidea hasten duten erromesak. Urrutiago diren beste hiriak, esaterako, gutxiago bisitatuak dira pelegrinazioa egin bitartean. Esaterako, bi erromes besterik ez dira zenbatu Santiagorako bidea osatzen Poloniako Lwówek Slaski herritik igarotzean. Informazio gisa, 1993an 99.436 erromes iritsi ziren Santiagora, eta milurteko azken Urte Santuan 154.613 lagun iritsi ziren hiriburura.

Beste bide ezagunak JATORRIZKO BIDEA (Oviedo - Palas de Rei), ZILARRAREN BIDEA (Sevilla - Astorga), BIDE SANABRIARRA (Granja de Moreruela - Santiago) eta PORTUGALEKO BIDEA (Faro eta Lisboatik abiatutako bi ibilbiderekin Santiagoko ateetan batzen dena) izango dira.

Ehunka kilometro, edo batzuetan milaka kilometro eginik zituzten erromesek, apostolua besarkatzean jasotako gozamenaz gain, sartalderago pixka bat jarraitzeko ohitura zuten, Amerika aurkitu baino lehen erromatarrek finis terrae deituriko munduaren azken muturra uste zena, Santiagotik 98 kilometrora kokaturikoa, ikusteko; aurrerago deus ere ez zegoen, hispaniar goiburu zaharrak hala zioen: non plus ultra. Era honetan, mendeetan zehar bertan zenbait 'GARBITZAPEN ERRITU' garatu ziren, askotan izaera sinkretiko eta paganokoak, karga sinboliko handia zituztenak. Etxerako bidea egin baino lehen, erromesak ondorengo hiru ekintzak burutzen zituen:

  • Costa da Morte itsasertzeko LANGOSTEIRAKO HONDARTZAN BAINATZEA. Gorputzaren garbitzapena sinbolizatzen du. Era honetan, erromesak bide osoan hartutako hautsa kentzen zuen, eta garbiturik, bekaturik gabeko bizitza berriari ekiten zion.
  • ARROPAK ERRETZEA: erromesak materiala den oroz libre geratzen da eta suarekin bizitza berri bati ekiteko behar ez duen eta abandonatu nahi duen guztia erretzen du. Iraganean izandako bizitzaren karga guztiak atzean uzten ditu.
  • ILUNABARRA IKUSTEA: Heriotza eta piztuera sinbolizatzen du; eguzkiaren heriotza itsasoan ikustea eta biharamunean haren piztuera, Jainkoak barkatutako erromesaren arimaren piztueraren arabera.

Autore gehienek Bideari erlijioarekin lotutako jatorria ematen badiote, ez dira falta iraganerago joaten direnak Bideari INIZIAZIO-jatorria emanez. Lurraren amaieran kokaturik eta denbora zaharrenetatik ezaguna, erromatarrek penintsula konkistatu eta finis terrae deitu baino lehen, autore batzuk benetako bidearen jatorria Europako etnia askotako biztanleek 'lurraren amaiera'-ra iristeko erabilitako bide eta zidorretan datzala diote.

Dena dela, egia izan edo ez, Done Jakue Bideak ez dio inoiz, denok gure barnean daramaguna aurkitzeko lagunduko duen bide espirituala izateari utziko.

[-] Itxi 
Eranskina (3)

2008ko irailak 7

VII. KAPITULUA: Done Jakue Bideko jendeen ezaugarriak eta herrialdeen izenak.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (4)

2008ko irailak 7

Liber Sancti Iacobi liburua (Done Jakueren liburua).

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (5)

2010eko urtarrilak 27

Aizkorri-Aratz Parke Naturala.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (6)

2010eko urtarrilaren 27an.

Udanatik Otzaurtera... jakinminean...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (7)

2010eko urtarrilaren 27an.

Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra.

Irakurri gehiago [+]